Bermeoko Berbalagunek dantzatzeko eta herria hobeto ezagutzeko proposamenak prestatu dituzte
Bermeoko Berbalagunek antolatuta, eskaintza bikoitza izango dute bermeotarrek aste honetan. Euskal dantza ikastaroarekin hasiko dira, eta bisita gidatua ere eskainiko dute; hala, horietan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute egitasmoaren arduradunek.
Eguenean [urtarrilak 22] euskal dantzak praktikatzeko elkartuko dira herritarrak, 17:30ean, Kabidxen. Hain zuzen ere, aurrerantzean eguenero edukiko dute hitzordu hori, eta aste honetakoa lehenengo saioa izango da: “Dantza errazak praktikatzeko bigarren taldea elkartuko da astero Goiko plazako Kabidxen eguenetik aurrera. Lehenengo eguna urtarrilaren 22a izango da, eta taldeak berak adostuko du iraupena, baina printzipioz ordubeteko saioak izango dira. Gainerako berbalagun taldeen funtzionamendua izango du talde honek ere, eta doan izan arren, ezinbestekoa da izena ematea”.
Zapatuan, ostera, herritik bisita gidatua izango dute, turismo bulegoaren eskutik; 11:00etan batuko dira, Lamerako harrizko bankuan (turismo bulegoaren aurrean). Baina, hitzordu horretan ez dira bermeotarrak bakarrik egongo; izan ere, Galdakaoko lagunak gonbidatu dituzte: “Urtarrilaren 24an Galdakaoko Berbalagunak etorriko dira bisitan Bermeora, ondare taldean elkartzen dira, eta goiz-pasa antolatu dute egun horretarako. Haiekin batera bisitatuko dugu herria, eta turismo bulegoak lagunduko digu horretan, bisita gidatua eskainita. Herria hobeto ezagutuko dugu, lagunartean eta euskaraz; aurten ere berbalagunok zain gaituzue”. Irteera hori ere doakoa dela jakinarazi dute.
Batean zein bestean parte hartu gura dutenek aurretik izena eman beharko dute, emanizena.praktikatu.eus helbidearen bidez edo 607 60 05 80 zenbakira deitu edo idatziz.