Telmo Lazkano: "Pantaila itzaltzean bizitza pizten da"
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak familia eta hezitzaileentzako hitzaldiak antolatu ditu, eta haur eta nerabeek mugikorrekin duten harremanean jarri dute arreta gaur (urtarrilak 17), Astran. Hezkuntza eta osasun digitalean aditua den Telmo Lazkanok "mugikorrekin harreman egokia izateko" zenbait gako transmititu ditu.
Haur eta nerabeek mugikorrekin duten harremana aztertu dute gaur (urtarrilak 17) Gernika-Lumoko Astran, hezkuntza eta osasun digitalean aditua den Telmo Lazkanorekin batera. Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak familia eta hezitzaileentzako hitzaldiak antolatu ditu, eta haur eta nerabeek mugikorrekin duten harremanean jarri dute arreta. Hala, Lazkanok zenbait jarraibide eskaini ditu, “mugikorrekin harreman egokia izateko”.
Izan ere, gizartearen %70 ez da guztiz ondo sentitzen smartphonik gabe, eta horrek agerian uzten du gailu horiekiko gizarteak duen mendekotasuna. “Pantailaren atzean zer gertatzen den ulertzea ezinbestekoa da, ondoren norbanako, familia eta komunitate gisa zer egin dezakegun erabakitzeko. Izan ere, pantaila itzaltzean bizitza pizten da”, adierazi du adituak.
Astrako hitzaldia Lazkanok astebetean Gernika-Lumon eskaini duen bigarren saioa izan zen; izan ere, Allende Salazar Guraso Elkarteak eta Aixerrotape Guraso elkarteak antolatuta, Elai Alai aretoan bildu ziren hainbat guraso eta hezitzaile eguaztenean (urtarrilak 14) mugikorrekin harreman osasuntsua helburu hartuta. “Gure seme-alabek mugikorrekin izan dezaketen harremanak kezkatzen gintuen, eta horretan sakontzeko saioa antolatu genuen”, jakinarazi dute guraso elkartetik. Hori horrela, lehen saioan, sare sozialak benetan ulertzeko beharrezkoa den ezagutza sakona eta sendoa landu zuten, nerabeen neurologiarekin batera, “zaila baita, zerbaiten inguruan harreman osasuntsua eraikitzea, zerbait hori benetan ondo ulertzen ez bada”. Lehen saio horretan, beste gauza batzuen artean, sare sozialen benetako negozioaz eta horien alde ezkutuaz aritu ziren, baita horiek nola lortzen duten jendea pantailara itsatsita egotea ere.
Hala, sare sozialek eta hainbat bideojokok “ez dutela garapen osasuntsua sustatzen” nabarmendu du Lazkanok Astran, hori ebidentzia akademikoak baieztatzen duela azpimarratuta. Horren adibide gisa, AEBetan sare sozialetako enpresa handien aurka jarritako salaketak aipatu ditu, adingabeen artean adikzioa eta buruko osasun arazoak sustatzen dituztela egotzi baitiete horiei. Europan, berriz, praktika horiei aurre egiteko bi lege onartu direla gogorarazi du, nahiz eta oraindik eguneroko errealitatean eragin mugatua duten.
Sareko arriskuak ikusarazi ditu Lazkanok Astrako saioan, errealitatea hobeto ulertzeko eta gurasoek prebentzioan egin dezaketen lana erakusteko, baita arazoak gertatzen direnean zelan jokatu jakiteko ere. Hala, arrisku ohikoenen artean, ziberjazarpena, sextinga eta sextortsioa, eta grooming-a aipatu ditu.
Ziberjazarpena egoera “bereziki larria” dela azpimarratu du, “min emateko helburuz egiten dena, errepikakorra eta adin antzekoen artean ematen dena; baina bada adingabeen artean suizidioarekin lotutako faktore nagusietako bat ere. “Ez da eskolan edo kalean amaitzen; logelaraino sartzen da, eta inpaktu emozional handia eragiten du”, azaldu du. “Momentu ebolutibo oso zaurgarrian” ematen da, eta zaila da identifikatzen. Izan ere, ziberjazarpenaren arriskurik nagusiena da laguntzarik ez eskatzea, horrek egoera okertuko duen beldur. “Nerabe askok uste dute ez dagoela ezer egiterik, Interneten dena librea dela”.
Horren aurrean, behaketa eta heziketa direla prebentziorako oinarriak adierazi du, eta gurasoei seme-alaben jokabide aldaketei erreparatzeko eskatu die.
Behaketaren arloan, arrisku faktoreak hainbat izan daitezkeela adierazi du Lazkanok: “Ez dute eskolara joan nahi; gutxiago hitz egiten dute, batik bat mugikorra erabili ostean; beraien eskola errendimendua aldatzen da; haserre edo suminduta daude mugikorra erabili ostean… Seinale batzuk izan daitezke, eta erantzuna pantaila txikian egon daiteke”.
Baina, behaketaren aurrean, adituak badaki gurasoak “auzi” baten aurrean topatzen direla: “Mugikorra behatu behar dugu? Legeak 14 urtetik gorakoei pribatutasunerako eskubidea aitortzen die; alegia, legeak dio tutore legalek ezin dutela, aparteko arrazoirik barik, 14 urtetik gorakoen mugikorra ikuskatu”. Baina, pribatutasun eskubidea aitortzen dien bezala, “garapen osasuntsua izatekoa” ere aitortzen die: “Eta horren bermatzaile nagusia gurasoa da. Horrek esan nahi du, guraso modura, pantaila txikitik datorren zerbaitek euren seme-alaben garapena zalantzan jartzen duela hautemanez gero, betebeharra dutela mugikorra hartu eta ikuskatzeko. Horrelako tresna potente bat beraien esku utziz gero, kontrolatu beharra dago. Hala ere, nire gomendioa ez ematea da. Ze, nahiz eta mugikorra begiratu, ez dugu dena topatuko”. Hala ere, oinarrizko ikuskatze bat egin behar dela azaldu du, bertan dauden aplikazioetan sartuta. “Normalean kontu bat baino gehiago izango dute, 10etik 6k edo 7k. Algoritmoa ere ikusi behar da, zer nolako edukiak iradokitzen diren jakiteko, ikusi dituenak gomendatuko baitizkie”, zehaztu du.
“Hiru gezur handi”.
Heziketari, aldiz, “txiki-txikitatik egin beharreko zerbait” dela esan du, eta zenbait gako eskaini ditu arriskuak murrizteko edo horiek jasanez gero, zer egin jakiteko. Hala, “oso garrantzitsutzat” jo du hiru gezur handiekin amaitzea. Hauek dira gezur horiek: sinistea erabateko anonimotasuna existitzen dela Interneten, ez dagoela zigorrik Interneten gertatzen denaren aurrean eta Internetetik zerbait kenduz gero betirako kentzen dela. “Gezurrak dira, baina sinistu egiten dituzte, eta horiekin apurtu behar dugu. Ze, sinistuz gero, aukera gehiago daude ziberjazarpena egiteko. Baina, nola amaitzen da horiekin?”, galdetu du Lazkanok.
Eta, eraginkorrena dena testigantza errealetan oinarritutako bizipenen berri ematea dela esan du: “Hiru gezur handi horiek ezeztatzeko eraginkorrena da bertatik pasatu den pertsona baten lehen eskuko testigantza jasotzea. Baliagarria da benetan gertatu direnak ezagutzea eta eurekin lantzea, beraiengandik gertukoenak diren esperientziak partekatuta. Ez da ezer asmatu behar. Erakutsi behar zaie laguntza eskatzeak eragina daukala, merezi duela, zigorrak existitzen direla, eta horiek salatu behar direla”.

Ziberjazarpenaz gain, sextorsion-az eta gooming-azere aritu da Lazkano. “Eduki sexualak elkarbanatzea da sexting-a, eta hori jardunbide legala da. Baina, jardunbide legala izateak ez du esan nahi arriskurik ez dagoenik. Izan ere, konfiantza girotik ateraz gero, amesgaizto bihur daiteke. Xantaia sartzen denean, sextorsioa hasten da: eduki guzti horiek beste pertsona baten jokabidea aldatzeko erabiltzea da sextorsioa, eta hori espetxe zigorragaz zigortuta dago”, azaldu du adituak. Kasu horiek etxean lantzea “oso zaila” dela baieztatu du, “esperientzia pertsonalak lortzea oso zaila delako”. Baina badaudela zenbait testigantza onartu du, eta horren adibidea dela Amanda Michelle Toddena adierazi; sextorsiona jasan zuen eta bere buruaz beste egitea erabaki zuen gaztea da.
Bestalde, Interneteko pederastia kasuei gooming deitzen zaiela jakinarazi du: “Heldu batzuk egiten duten jazarpen mota da, heldugabeei zuzenduta, helburu sexualak oinarri dituena. Normalean, identitate faltsuak sortzen dituzte sare sozialetan, nerabe modura aritzeko; gero, kondfiantza bilatzen dute, biktima potentzialekin; eta konfiantzan oinarrituta, argazki sexualeko bideo eta argazkiak trukatzen hasten dira; azkenean, elkarrekin geratzeko helburuz”.
Gaur egun, sare sozialez gain, bideojokoetan aritzen direla jakinarazi du, Interneten jolasten diren jokoetan batez ere, baita txatak eta mikro-oraindketak bilatzen dituztenetan ere. “Horiek saihestu behar dira, izan ere, gurasoen kontrola zailagoa da”.
Ondorioz, arriskuak murrizteko neurri praktikoak azaldu ditu, hala nola aplikazioen pribatutasun-ezarpenak ondo konfiguratzea eta baliabide fidagarriak erabiltzea. Horretarako, tudecideseninternet.com webgunea gomendatu du, baita INCIBE edo antzeko erakundeen laguntza ere: AEPO, Davara, orainprebentzioa, Egosurfing, Canal prioritario…
Eta, ondorioztatu du, ez dela komeni horrelako tresnak kontrolatzeko gai ez direnei horiek erabiltzen uztea. Prebentziorik onena mugikorren erabilera murriztea edo hori nerabeei ez uztea da, adituaren hitzetan. “Pribatutasuna galtzen dugun neurrian, askatasuna galtzen dugu”. Horregatik, familia eta komunitatearen arteko lankidetza funtsezkotzat jo du erronka digital honi aurre egiteko: “Argi izan behar dugu horrelako arriskuak benetan existitzen direla. Izan ere, gure seme-alabei smartphone bat uzten diegunean, ez diegu mundu bat irekitzen; munduari irekitzen diogu gure seme-alabarengana iristeko zuzeneko ate bakarra”.
Baliabide praktikoak.
Hala, 20 baliabide praktiko baino gehiago eskaini zituen, arriskua murrizteko, tartean hurrengo gomendioak: kamera edo audioen baimenak gainbegiratzea; geolokalizazioa kentzea; cookieak ezeztatzea; softwarea eguneratzea; googleleko pribatutasuna konfiguratzea; pasahitz seguruak sortzea; google family edo Bienestar Digital bezalako webgunak erabiltzea; Digital Detox, Appblock edo Forest bezalako aplikazioen ezagutza; etxeko routerra ixtea; IMEIA eskura izatea; larrialdietarako deiak konfiguratzea; Robinson zerrendan izena-ematea; smartwatch-ak erabiltzea; etxean mugikorrentzako aparkalekua sortzea; eta, batez ere, sarera igo nahi denari eta hori zergatik igo nahi den horri buruz hausnartzea. Lazkanok azaldutakoaren araebra, helburua “enpatia lantzea” da, eta ez konfrontazioa.
Hizkuntzak ere baduela garrantzia azpimarratu du adituak. “Oso garrantzitsua da ‘zu’ hitza etengabe ez erabiltzea, eta ‘gu’ lehenestea”, adierazi du. Izan ere, hartu beharreko neurriak eta arauak ez dira soilik nerabeei dagozkienak, baizik eta familia osoari eragiten diotenak. Horren adibide gisa, honako hausnarketa partekatu du: “Mugikorra ez da agertzen gure bizitzako momentu zoriontsuenak gogoratzen ditugunean. Horrek ez al du erakusten pantailaren aurrean hainbeste denbora emateak baztertu egiten gaituela benetan garrantzitsuak diren bizipenetatik? Momentu zoriontsuenak familiarekin eta lagunekin bizi ohi dira, eta ez da kasualitatea: gizakiak berez sozialak gara, eta ezin dugu konexioa lotura emozionalaren ordez jarri”.
Etxean hartu beharreko neurri zehatzak ere aipatu ditu: erabilerarako une egokiak adostea; notifikazioak kentzea; telefonoa bistatik kanpo uztea ahal denean, etxean mugikorrentzako aparkaleku bat sortuz; ohera sartu baino gutxienez bi ordu lehenago mugikorra alde batera uztea; erabilera monokromatikoa lehenestea; logelan eta komunean mugikorra ez erabiltzea; eta noizbehinka kalera irtetea, mugikorrik gabe.

Halaber, mugikorraren erabilera atzeratzearen garrantzia azpimarratu du. Eta momentua iristen denean, argi utzi du: mugikorra ez litzateke opari bat izan beharko. Eta, hori erabiltzen hasi aurretik, familiak elkarrekin adostutako arauak zehaztu behar direla adierazi du, berak arau gutxi baina zehatzak jarriko lituzkeela gehituta. “Kontratu moduko bat egitea garrantzitsua da, erabilerak eta ondorioak argi uzteko. Eta gurasoek ere izan behar dituzte beren klausulak, denok gaudelako pantailen alde berean”. Gehienezko erabilera-denborari dagokionez, bi orduetan jarri du langa, ez bakarrik pantailak nerabeengan duen eraginagatik bakarrik, baizik eta hor egoteagatik baztertzen diren jarduera askoz ere elikagarriagoengatik.
Komunitatearen beharra.
Eta, mugikorrak atzeratzeko bide horretan, komunitatean jarduteak asko errazten duela bidea dio: “Ez da ezinbestekoa, baina bai eraginkorragoa”. Horretarako, ez dela ezer asmatu behar azaldu du, lehen urratsa bi edo hiru umeren gurasoak elkartzea dela esanda, lagun-taldeko beste gurasoekin nukleo sendo bat osatzeko eta mugikorra ez ematea adosteko. Ondoren, ekimena kuadrillara eta komunitatera zabaltzen da: “Guraso talde bat elkartzen da honi buruz hausnartzeko, izena eta helburu batzuk fintzen ditu, eta taldearen izaera jakinarazten zaie eskolari eta udalari: taldearen existentzia, helburuak eta praktikak partekatuz”.
Horren adibide gisa, Altxa Burua ekimena aipatu du: “Herriz herri sortzen diren guraso-taldeak dira, helburu argi batzuekin: nerabeen artean lehen smartphonearen adina atzeratzea, eskola mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea eta gaiaren inguruko heziketa sustatzea”. Adituak azaldu bezala, eta inkestek erakusten dutenez, kasu askotan gurasoen %80 baino gehiago ados dago lehen mugikorraren adina atzeratzearekin, “presio soziala delako askotan mugikorra goiz emateko arrazoia”.
Emaitzak ere agerikoak direla adierazi du. Gipuzkoako datuen arabera, 2021ean DBH1eko ikasleen %90ek bazuen smartphonea; gaur egun, berriz, %65ek ez du adin horretan. “Ez da miraria”, azaldu du. “Gurasoak elkartu egin dira, helburu bakar baten inguruan: haurren eta nerabeen ongizatea bilatzean, eta horren ondorioz, ziberjazarpen eta pederastia kasuak gutxitu dira, eskola-garraioa eta patioak elkarrizketarako gune bihurtu dira, eta ideia bat berresten da: pantaila itzaltzean, bizitza pizten da. Taldearen indarra baliatuz gero, aldaketa posible dela erakusten duen adibidea da”.