Urdaibaiko ibilbide-sareak bere izaera jasangarria mantentzen du
Gernikako Batzarretxeak, Bermeoko Gaztelugatxek eta Elantxobek jomuga turistiko nagusi izaten jarraitzen dute, "baina puntu horien masifikazioa saihestea lortu da".
Argazkia: Urremendi Landa Garapena Urdaibaiko mendi-ibilbideen sare zabal eta anitza oinez ezagutzea Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren natura, paisaia eta kultura-aberastasuna hurbiletik ikusteko modurik erakargarrienetako bat da, bai bisitarientzat, bai eskualdeko biztanleentzat ere.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak emandako informazioaren arabera, ibilbide horiek egiten dituzten pertsona gehienak Busturialdeko bizilagunak dira, eta horrek “agerian uzten du mendi-ibiliek duten izaera soziala“. Gainera, argi geratzen da eskualdeko herritarren aisialdirako aukera “osasuntsu eta garbi bat” direla.
Mendi-ibilien sareko gune estrategikoetan instalatutako bost kontagailuek jaso dituzten datuen arabera, 2025. urtean 258.684 pertsonak bisitatu zituzten Urdaibaiko ibilbide nagusiak. Azken lau urteetako azterketek adierazten dutenez, bidexken erabilera orekatuaren eredua “sendotu” egin da, “Urdaibaik turismo jasangarriaren alde egindako apustuarekin bat eginez”.
Eskualdeko bideak, kostaldeko mendiak eta landa-guneak “produktu turistiko estrategiko” bihurtu dira. Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak adierazi du datuen irakurketa “oso positiboa” dela eta “tokiko ekonomian ere eragin positiboa” duela azpimarratu du. Era berean, Urdaibaiko turismo ereduaz ere aritu da: datu horiek turismo jasangarriaren eredua “indartzen” dutela eta “aspalditik apustu egiten ari diren eredua” dela zehaztu du. Gernikako Batzarretxeak, Bermeoko Gaztelugatxek eta Elantxobek jomuga turistiko nagusi izaten jarraitzen dute, “baina puntu horien masifikazioa saihestea lortu da”.
Ansotegiren berbetan, mendi-ibiliek “turismoaren presioa desestazionalizatzen ere laguntzen dute”. Bisitari gehien apirila, maiatza eta ekainean izaten bada ere, fluxu hori urte guztian zehar banatzen da opor garaietatik haratago egin daitekeen jarduera delako: “Ibilbide bakoitzaren hasieran aurki daitezkeen informazio-panelak eta gida deskargagarriak esperientzia segurua eta kalitatezkoa errazteko baliagarriak izaten dira erabiltzaile askorentzat”.