Memoria, herri baten nortasunaren oinarria
Kortezubiko Udalak herriko memoria historikoa berreskuratzeko plana eratu zuen 2020an, eta orain, horren emaitza den liburua argitaratu du, Patxi Juaristi ikertzaileak osatu duena: ‘Kortezubi 1900-1945. Berrezarkuntza, Primo de Riveraren diktadura, Gerra zibila eta gerraostea’.
Karmele Enbeita Kortezubiko alkatea eta Patxi Jauristi ikerlaria, liburuaren aurkezpenean. Azken hamarkadetan asko ikertu eta idatzi da 36ko gerraz edota frankismoaz, baita horiek Euskal Herrian eragindako denetariko galerez ere. Eskualdeko herri txikiek eta horietako bizilagunek garai horiek nola bizi izan zituzten, ordea, askorentzat ez da horren ezaguna. Egoera hori irauli nahian, Kortezubin, esaterako, udalak herriko memoria historikoa berreskuratzeko plana martxan jartzea erabaki zuen 2020an.
Orduan, Kortezubi Udala Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan jarri zen, eta horiek arduratu ziren proiektua aurrera eramango zuen zientzialaria aurkezteaz. Sasoi horretan, 2021eko martxoan, Patxi Juaristi EHUko irakasle, euskaltzain urgazle eta Gabriel Aresti Katedraren zuzendaria Kortezubi 1900-1945. Berrezarkuntza, Primo de Riveraren diktadura, Gerra zibila eta gerraostea liburua idazteko lanetan hasi zen.
Karmele Enbeita, Kortezubiko alkatea: “Oroimenak etorkizuna eraikitzeko balio behar du, gure aurrekoek garai hartan bizi izandako egoera latzak errepika ez daitezen”
Ikerketa prozesuan Juaristik bidelagun izan ditu kortezubitarrak. Izan ere, gerra eta gerraostea bizi izan zituzten sei herritarren testigantza zuzenak jaso ditu, baina askoz gehiago izan dira argazkiak, testigantzak edota ahoz-aho jasotakoak helarazi dizkiotenak. “Testigantzak, argazkiak eta dokumentuak —gehienak urte latz haietan sufritu zuten Kortezubiko familiek ekarriak—, gure seme-alaba eta bilobek garai gogor haietan hemen zer jazo zen jakitea bermatzeko tresna dira”, zehaztu du Karmele Enbeita Kortezubiko alkateak.

Liburu formatuan argitaratutako ikerketarekin, kortezubitarren eskubideak aldarrikatu eta horien arbasoek pairatutako “gertaera traumatikoak salatu” gura dituztela azpimarratu du Enbeitak, idazlana beraien ideien alde borrokatzen zendu edo ezer gabe gelditu ziren horien “oroitzapena eta memoria bizirik mantentzeko modua” dela nabarmenduz: “Haiei esker gara gaur egun garena. Gure ustez, oroimenak etorkizuna eraikitzeko balio behar du, gure aurrekoek garai hartan bizi izandako egoera latzak errepika ez daitezen”. Horregatik, “aurrera” egiteko, elkarrekin bizitzen ikasi, ezberdin pentsatzeko eskubidea aitortu eta giza eskubideak errespetatu behar direla aldarrikatu du alkateak.
Horrenbestez, memoria historikoan inbertitzea Kortezubiren etorkizunean inbertitzea dela uste du Enbeitak: “Gure iraganetik ikasteko bidea da, eta gure nortasunean sakontzeko baliagarria dela uste dugu. Liburuarekin, argi dago inbertitu dugun esfortzu eta diru guztiak merezi izan dutela”.
Patxi Juaristi, ikerlaria: “Herritarrek artxiboetan aurkitzen ez den informazioa eman didate”.
“Lan tekniko zorrotza”.
Kortezubin 36ko gerran eta frankismoan gertatutakoak ezagutzeko, Juaristik “lan tekniko zorrotza” egin behar izan du. Izan ere, urte horietan giza eskubideak “sistematikoki eta instituzionalki urratu” baziren ere, ia ez dago idatzizko dokumentaziorik. Gainera, Kortezubiko udal artxiboa 80ko hamarkadan erre eta galdu egin zen. Horregatik, herriko memoria historikoa berreskuratzera bidean urratsak emateko, ezinbestekoa izan da testigantzak ahanzturatik ateratzea, eta ikerlaria “eskertuta” agertu da udalerriko bizilagunen eskuzabaltasunarekin:
“Ez da liburu erraza izan”, aitortu du irakasle markina-xemeindarrak. Izan ere, jende askorentzat oraindik zaila da sasoi hartako gertaerez hitz egitea; halere, hitz egitea garrantzitsua dela uste du Juaristik: “Helburua izan da gerra zibilean gertatu zena ikertzea, ezagutzea eta kontatzea, sufritu zuten guztiak gogoratzea eta sufrimendu hori ez ahaztea baita gerrari buruz, gerrek gure bizitzan dituzten eragin txarrez pentsaraztea ere. Nire ustez, garrantzitsua da gai horiei buruz berba egitea; ezkutatzen badira, gauzak hor geratzen baitira”.
Herriaren historia biltzen duen liburu hori “kortezubitarren ondarea” dela aldarrikatu du ikerlariak, udalerriak “ondare material eta immaterial oso eder eta aberatsa” duela nabarmentzeagaz batera. Modu horretan, 36ko gudako memoria ere ondare horren parte dela gogoratu, eta liburuan kontatzen diren gertaerak eta aipatzen diren herritarrak ere ondare horren barruan gorde behar direla azpimarratu du.
Informazioa, giltza.
Gerra lehenengo pertsonan bizi izan zuten sei testigantza bildu ditu Juaristik, baina horietako hiru soilik elkarrizketatu ahal izan ditu —beste hirurak zendutakoak dira, baina idatziz jasota gelditu da haien testigantza—: “Informazio asko eman zidaten. Seme-alabek, ilobek… horiek ere informazioa eman didate, baina ezberdina da. Oso baliagarria da; informazio oso aberatsa eman zidaten, baina sei pertsona ez dira asko”. Gainera, familietan sarri mitoak sortzen direla zehaztu du ikerlariak, eta hori inolako asmo txarrik gabe egiten bada ere, berarentzat oso garrantzitsua izan da bildutako informazioa dokumentuekin kontrastatzea.
Testigantzak kontrastatzeko eta historia ondo kontatzeko udal artxiboak “baliagarriak” izaten direla onartu, eta Kortezubiren kasuan hori “arazoa” izan dela aitortu du markina-xemeindarrak. Izan ere, Kortezubi ez da Juaristik ikertu duen lehen herria; aurretik Berriatua eta Markina-Xemeingo historian ere murgildu zen. Baina, Kortezubik ezberdintasun edo “oztopo handi bat” izan du: ez duela udal artxiborik. Hala eta guztiz ere, ikerlariak Kortezubiko garaiko hemeretzi artxibo eskuratu eta aztertu ditu, “informazio asko” eskaini diotenak. Gainera, ikerketa egiteko, liburuak ere baliatu behar izan ditu: “Liburu pila bat arakatu ditut; modu batean Kortezubiri buruzko bibliografia da”. Garaiko prentsa ere mimo handiz aztertu du.

Liburua osatzeko, udalerriko historiako 45 urte ikertu ditu Juaristik, eta bere hitzetan, 36ko gerra interesgarria izan bazen ere, errepublika garaia arlo ezberdinetan —politikoa, kulturala, soziala… — “oso interesgarria” izan zela berretsi dute: “Momentu oso bizia izan zen; Euskal Herria osoan izan zen garai bizia, baina Kortezubi presio-eltzea izan zen, gauza asko gertatu ziren”.
Juaristi: “Gertatu zena eta protagonisten sufrimendua ez ahaztea da helburua”
Nabarmendu duenez, errepublika garaian kortezubitarrek asko idazten zuten prentsan, batez ere, emakumeek: “Lauaxetak sare handi bat sortu zuen Euskadi egunkarian garaiko prentsan, eta horretan, kortezubitar piloak parte hartzen zuten. Informazio iturria izan da”. Horietan, adibidez, II. Errepublikan Kortezubin alderdi politiko asko egon zirela aipatzen da, “eztabaida politiko eta haserre sasoia” izan baitzen.
Protagonistei aitortza.
1900etik 1945era arteko ikerketa osatzeko, liburuari eranskinak gehitzea erabaki du Juaristik. Izan ere, memoria historikoa eta memoria demokratikoa jorratzeko ideia horretan, “oso garrantzitsua” iruditu zitzaion garaiko protagonisten biografia txikia txertatzea: “Liburua gauza bat da, eta gero, amaieran agertzen dira gerrako protagonistak: gerran hil zirenak, zaurituak, errepublikaren alde borrokatu zirenak, Francoren armadan egon zirenak, presoak… Denak sartu ditut, gertatu zena eta protagonisten sufrimendua ez ahaztea delako helburua”.
Berak ardatz izan duen bibliografia ere txertatu du, gerora historian sakondu eta Kortezubiren herri nortasuna lantzen jarraitu gura duen edonork nondik tiraka egin eskura izan dezan.