"Leviatan"
Leire Lekuona Elizondo idazle bermeotarrak bere ‘Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa’ ipuin liburua oparitu digu Hitzan plazaratzeko. Kapituluka eta barikuro, gure orrialdeetan irakurriko duzue. Gozatu!
Itsasoko biztanle guztiak nituen nik lagun. Ezagutzen ninduten eta elkar maitatzen genuen, osotasun oparoaren parte baikinen.
Baina bazen ilunpe sakonean bizi zen izaki erraldoi bat, inoiz inork ikusi duen handienetarikoa. Baleek ere txikiak ematen zuten haren aurrean, hain zen luzea eta beldurgarria. Leviatan zuen izena. Haren hegats morearen indarrez sortzen zituen olatu eta uhinak ekaitzak sortutakoen parekoak ziren. Haren ahoa marrazoarena besteko hagin eta letagin zorrotzez josita zegoen, eta haragi freskoaren gosea asetzeko erabiltzen zituen bortizki.
Deabruaren begi gorriak, ezkata berde eta distiratsuak, eta gorrotoz betetako bihotza: Leviatan etsaia nuen aspaldi, baina lasai bizi nintzen haren berririk gabe, argirik gabeko mundu sakonak maite baitzituen. Nik, ordea, eguzkiaren izpiak maite nituen, eta gau askotan, arroketan eseria, ilargiarekin mintzatzen nintzen, izarretan gorderik zeuden irudiak hatz erakusleaz margotzen nituen bitartean.
Baina, bat-batean, baleekin igeriketako abilezia-lehian nintzela, munstroa agertu zitzaidan, iluntasun sakonetik gorantz arrapaladan. Orduan jakin nuen zer zen denboraren mende dagoen gizakien munduan sartzea, Leviatanen enbatak heriotzaren ertzeraino eraman baininduen.
Ni babestearren, tinko egin zieten aurre nire bale lagunek Leviatani. Eta nik, nire gorputzeko indar guztiarekin igeri egin nuen haren arreta neureganatzeko asmoz. Hala ere, sarraskia izan zen. Ez nuen izan ezer egiterik. Odolak itsasoa gorritu zuen, eta eguzkiaren distirak itzali ziren. Dena amaitu zela eta nire lagunak hilak zeudela pentsatu nuen. Batzuek zaurituak eta iheska alde egin zuten, eta beste batzuk mamuak karraskatuko zituen hezur bihurtu ziren.
Baina ni ez nintzen koldarra, haren aurrean jarraitu nuen. Eta orduan bai, espero ez nuen mugimendu bizi batez, nigana salto egin eta haren haginkada pozoitsua nabaritu nuen gorputz osoan, goitik beheraino. Lehen aldiz, heriotzaren ateak zabaltzen zituen min ikaragarri hura sentitu nuen, eta, lehen aldiz ere bai, barrutik borbor zeridan odola dastatu nuen.
Olatuak baretu ziren, eta kulunkatu ninduten, nire bizitzaren azken ametsean galtzen nintzelarik