Jolastoki berritua aurkeztu du Bermeoko Herri Eskolak
Eraldaketa pedagogiko eta identitarioaren alde emandako urrats berria da Bermeoko Herri Eskolako jolastoki berria, "ikasleen ongizatea bermatzeko proiektu estrategikoaren barnean eman dutena". 16:30etik aurrera, herritar guztiek parte hartu ahalko dute inaugurazio ekitaldian.
Argazkia: Bermeoko Udala Bermeoko Herri Eskolak bere jolastoki berritua aurkeztu du gaur goizean [urtarrilak 16]. Berritze hori espazio “funtzionalago eta komunitarioagoa” egiteko helburuarekin gauzatu da, eskolak azkenengo urteotan hartu duen bide pedagogikoa jarraituz.
Herritar guztiak gonbidatu ditu 16:30etik aurrera egingo den jolastokiaren inaugurazio ekitaldira, Bermeoko Herri Eskolak eta bere komunitateak egindako lana ikustera.
Proiektua 2025eko aurrekontu parte-hartzaileetatik bideratutako 50.000 euroei esker gauzatu ahal izan da, eta Herri Eskolako Familia Elkartearen 14.000 euroko ekarpen ekonomikoarekin osatu da; familia elkartearen ekarpen hori jolastokian antzeztokia eraikitzera bideratu dute.
Familiek eskola publikoaren aldeko konpromisoa azpimarratu nahi izan dute: “Eskola denon inbertsioa da, eta denon artean egiten dugu eskola. Obra hau ez da bakarrik lan fisiko bat; eskola proiektu oso baten adierazpena da. Jolastokiaren erdigunean dagoen irudiak eskolaren balio pedagogikoak, ume bakoitzaren etorkizunari begirako ikuspegia eta komunitatearen indarra irudikatzen ditu”.
Zentroko zuzendaritzatik adierazi dute jolastokiaren berritzea ez dela “obra isolatu bat”. Ikasleen ongizatea, bizikidetza eta ikaskuntza uztartzen dituen hezkuntza-proiektu “zabalago baten” parte dela azpimarratu dute, “eskola hobe bat eraikitzeko konpromisoa berrindartuz”. Euren berbetan, jolastoki berrituak eskola eraldatzen jarraitzeko tresna izan nahi du, “jolasa, ikaskuntza eta inkusioa batzen dituen espazio bizi eta komunitario gisa”.
Ildo beretik, familia elkarteakoek adierazi dute obra hori “eskola-proiektu baten adierazpena” dela. Testuinguru horretan, eskola-irudi, logo eta izen berria kokatzen dira, aniztasunean eraikitako identitatea islatuz.
Goizeko aurkezpenean esan bezala, ikasle, irakasle eta familien “ongizatea eta bizikidetza positiboa sustatzeko” espazioa da jolastoki inklusiboa. Proiektua garatzeko sortutako lantaldean egon dira zuzendaritza, Herri Eskolako Familia Elkartea eta Bermeoko Udala, eta elkarlan horrekin eta eskolako diagonistikotik abiatuta, Hiritik At proiektua aukeratu zuten jolastokiaren diseinua egiteko. Hain zuzen ere, aurretik sortutako lan-mahaiari balio eman diote, proiektuari forma emateko “funtsezko tresna” izan baita.
Xabier Ortuzar Butron alkateordeak adierazi du jolastoki berritua Bermeoko Herri Eskolako ordezkarien, familia elkartearen eta Bermeoko Udalaren “harreman eta elkarlan iraunkor baten emaitza” dela eta norabide berean lan egiteko aukera izan dutela.
Bestalde, alkateordeak gogorarazi du Bermeoko Herri Eskola zaintzea eta egokitzea “udalaren ardura eta konpromisoa” dela. Hala, patioaren berrikuntza udal ondarea hobetzeko eta herritarren zerbitzura jartzeko urrats bat izan dela azpimarratu du.
Halaber, Nadia Nemeh Shomalyk Bermeoko alkateak adierazi du poztekoa dela “elkarlanetik sortutako fruituak ikustea, hezkuntza-komunitatearen eta herriaren onerako diren proiektuak gauzatzen direnean”. Horrez gain, herritarrei eskerrak eman dizkie aurrekontu parte hartzaileetan parte hartzeagatik, baita proposamen hori babestu eta aurrera ateratzeko egin duten lanagatik ere.