Urrats bat aurrera eta bi atzera
Lointek Gernika Bizkaiak 62 eta 85 galdu du Villeneuve d’Ascqeren kontrako Eurocup Womenen final-zortzirenetako joanekoa. Kanporaketa asko zaildu zaie gernika-lumotarrei, -23ko partziala aurka baitute, eta frantziarrak kantxan nahieran aritu baitira. Domekan [urtarrila 28], Duran Maquinaria Ensino hartuko dute etxean, liga partidua tarteko.
Argazkia: Gernika KESB. Lointek Gernika Bizkaiari aldapa gora ipini zaio Eurocup Women. Atzo [urtarrilak 14] lehiaketaren egungo txapeldunaren, Villeneuve d’Ascqeren, kontra jokatu zuten txapelketaren final-zortzirenetako joaneko neurketa, Malosten, baina frantziarrek ez zioten inongo aukerarik laga etxeko taldeari, eta aitzakiarik gabeko garaipena poltsikoratu zuten: 62 eta 85.
Partiduaren talde bien ala bien saskiratzeek inauguratu zuten. Final-laurdenetarako sailkapena lortzeko, Gernikak nahitatez partidu distiratsua egin beharra zuen, akatsik gabekoa, eta ez zen hala izan. Etxekoak 3 eta 2koan nahiz 7 eta 5ekoan baino ez ziren aurretik ibili. Villeneuve d’Ascqueren nagusitasun fisikoa uneoro giltzarri izan zen jokoan, eta etxekoen hutsegiteak botere haren ondorio zuzena baino ez ziren izan. Sokhna Fall eta Ameryst Alston izan ziren bisitarien estreinako puntuak lortu zituztenak, baita markagailuan lehen alde esanguratsuak ezarri zituztenak ere. Esther Castedo eta Esther Matarranz odoljario eteten saiatu ziren, kostata bazen ere; aipagarria izan zen, halaber, Laura Westeriken laurden hondarra, aldeak apaltzeko gako izan zena. 15 eta 23koagaz biribildu zuten lehendabiziko borrokaldia.

Argazkia: Gernika KESB.
Egoerak ilunera egin zuen, bigarren laurdena abiatzeagaz batera. Frantziarren presioak hainbat pase sinple galtzera eta, ondorioz, ustekabeko zenbait saskiratze jasotzera eron zuen Lointek. Egoerarik delikatuenetan, bisitarien eraginkortasuna erabat handiagoa izan zen. Lucas Fernandezek hutsartea eskatu behar izan zuen, Villeneuveren +20koagaz. Eten hark eman zuen fruiturik, aldeak 30 eta 46ra murriztu baitzituzten. Hori bai, egoera iraultzeko, ezinbestekoa zen egiturazko aldaketa bat. Aldaketa hura ez zen ailegatu.
Frantziarrak etxeko lanak ondo eginik iritsi ziren Malostera: Ane Olaeta gernika-lumotarrari jaurtiketa pare bat baino ezin egin izan zuen; beste hainbeste gertatu zen Joy Adams estatubatuarragaz, bere saskiratze ekoizpena errotik moztu baitzuten. Saskiratzaile nagusiei blokeo egoera ezarri bai, baina Villeneuvek kantxaratu zituen bederatzi jokalariek puntuak lortu zituzten. Etxekoen hirukoek ez zuten saskirik aurkitzen, gainera. Horrek guztiorrek Gernikaren ezinegona areagotu baino ez zuen egin.
Txapeldunaren maisulana.
Atsedenalditik bueltan, frantziarren monologoak jarraitu besterik ez zuen egin. Gernika-lumotarrek ez zioten borrokari muzin egin, baina guda gaitza planteatu zioten aurkariek, hirugarren laurdena hasi bezain pronto 0 eta 10eko partziala ezarri baitzuten. Emily Bessoirren ekinak esperantza arnas txiki bat eman zuen, baina, etxekoek partiduan sartzeko egiten zuten saiakera orotan, Villeneuvek hirukoz edota saskiratze bizkorrez erantzuten zuen. Ez zegoen modurik. Txapeldunek +28ko partziala urratu zuten, azken laurdenari 44 eta 69koagaz heltzeko.

Argazkia: Gernika KESB.
Sarah Pollerosek hiruko saskiratze pare bat lortu zuen. Erantzuna ikusteko ez zen luzaroan itxaron beharrik egon. Westerikek jarraipena eman zion etxekoen inkonformismoari, baina faboritoen aldea oso esanguratsua zen, defentsa lerro sendoa eraiki baitzuten, eta erasoaldietan askoz nagusiago baitziren. Gainera, Lointeken azken fitxaketa Aaronette Vonlehk ez zuen partiduan minuturik eduki, ia-ia ez duelako taldekideekin lanik egiteko betarik izan. Partidua kontrolpean eta joaneko partidua patrikan, Villeneuvek 62 eta 85ekoagaz irabazi zuen neurketa. Itzuliko norgehiagokari begira, frantziarrek kanporaketa bideratuta daukate; Gernikak, gaur-gaurkoz, miraria beharko du, amets europarrari eusteko. Itzulera partidua hurrengo eguaztenean [urtarrilak 21] jokatuko dute, 20:00retan hasita.
Lucas Fernandez: “Badirudi lehiaketan aurrera egitea oso gaitza izango dela, baina txapelketa honetan egindako beharra oso baliagarria izango zaigu ligarako”
Partidua amaitu ostean, Lucas Fernandez gernika-lumotarren entrenatzaileak azaldu zuen “jakitun” zirela Villeneuveren nagusitasuna oso agerikoa zela, “bai presio aldetik, bai esparru fisikoari dagokionez”: “Markagailua gorabehera, oso harro nago lantaldeak egindako beharragaz; partiduan ez ezik, hura orduko ere taldeak lan handia egin du, arinagoko jardunaldietan. Badirudi lehiaketan aurrera egitea oso gaitza izango dela, -23ko partziala tarteko, baina txapelketa honetan egindako beharra oso baliagarria izango zaigu ligarako”. Hain zuzen ere, Duran Maquinaria Ensino talde galiziarraren kontra jokatuko dute Emakumezkoen Endesa Ligako hurrengo jardunaldia: domekan [urtarrilak 18] izango da, 11:00etan, Malosten.

Argazkia: Gernika KESB.