'Non ote zaude' erakusketa hartuko du kultur etxeak
Gernika-Lumoko Kultur Etxeko Ricardo Abaunza erakusketa gelan 'Non ote zaude' erakusketa egongo da astelehenetik aurrera. Dani Asuak denborak ahaztua zuen argazki artxibo bat topatu zuen, eta horren harira sortu dute erakusketa Asuak berak eta Hibai Agorria argazkilari eta bideografoak.
Asuak topatutako argazki artxiboko irudietako bat. Gernika-Lumoko Kultur Etxeko Ricardo Abaunza erakusketa gelak Non ote zaude erakusketa hartuko du astelehenetik [urtarrilak 19] otsailaren 20ra bitartean.
Erakusketak 2010 inguruan du jatorria, ustekabeko leku batean, jendetzaren eta Madrilgo Arrastoaren zalapartaren artean. Izan ere, denborak ahaztua zirudien argazki-artxibo bat topatu zuen orduan Dani Asuak, eta Gernikara ekarri zuen, “imajinatu ere egin barik” irudi multzo hark udalerriko historiarekin izango zuen lotura sakona.
Asuak aurkitutako 140 argazkiz osatutako artxibo hori Hibai Agorria argazkilari eta bideografoak eskaneatu eta dokumentatu zuen, eta aurkitutakoa “harrigarria” izan zen. Izan ere, argazkiek, 1954, 1955 eta 1956an espazio horiek arakatzen zebilen familia bat erakusten dute.
Aargazki horiek familiako “oroitzapenak baino askoz gehiago” dira: garai hartako eguneroko bizitzaren, paisaien, arkitekturaren eta pertsonek ingurunearekin zuten harremanaren lekuko. “Argazki batzuetan irudi bat agertzen da, familia Urdaibain zehar gidatzen duela dirudiena; beste batzuetan, doluzko besoko batek iradokitzen du galdutako maite bat bisitatzen ari direla, denboran gelditutako eszena horiei emozio eta misterio geruzak gehituz”, azaldu dute.
Asua eta Agorria bertako historialarien bidez eta artxiboak kontsultatuz, argazkietan agertzen direnen nortasuna aurkitzen saiatu dira, baina orain arte ez dute lortu. Horregatik, kultur etxeko erakusketaren bidez, komunitateari gonbidapena egiten diote familia begiratzera eta beraien istorioa ezagutzera.