Gautegiz Arteagako Udala herriko kaleetako trafikoa berrantolatzen hasi da
Herriko mugikortasuna hobetzeko, eta udalerri jasangarri, irisgarri, seguru eta eroso bihurtzeko asmoz hasi dituzte berrantolaketa lanak. Uri-mugikortasunaren diagnostikoa bete dute herrian, eta horren emaitzak kontuan izanik abiatu dute berrantolaketa. Dagoeneko lehenengo pausoa eman dutela adierazi dute udal ordezkariek.
Ponpone, Zelaieta eta Gaztelubide kaleak berrantolatu dituzte dagoeneko.Gautegiz Arteagako Udala Gautegiz Arteagak udalerriko hainbat kaletako trafikoa eta norabideak berrantolatu dituela jakinarazi du, “mugikortasuna hobetzeko” asmoz. Hala, “zatika” antolatu dituzte birmoldaketa horiek egiteko lanak, eta dagoeneko hasi dira horiekin. Udaletik zehaztu dute kanpo-enpresa batekin lanketa egiteko diru laguntza bat jaso zutela iaz, eta horren harira egingo dituztela aldaketak. Batik bat, “bidegurutzeen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea eta herrian zirkulazio koherenteagoa sortzea” dituzte helburu.
Lehenengo pausoa eman dute dagoeneko: Uri-mugikortasunaren diagnostikoa egin dute, eta udalerriko kale batzuetako norabideak berrantolatu dituzte. Hala nola, orain arte bi norabidekoak ziren kale batzuetan norabide bakarrak ezarri dituzte. Alde batetik, Ponpone kalea norabide bakarreko bide bihurtu dute, sarrera biribilgune berritik izanik. Bestetik, Zelaieta kalean ere norabide bakarra ezarri da, elkarri itsatsita dauden etxeen eremuan, hain zuzen, “trafiko-fluxu zirkularra lortuz”. Halaber, aditzera eman dute Gaztelubide kaleak bi norabidekoa izaten jarraitzen duela, baina Gazteluzar txokoaren ondoan dagoen Zelaieta kalerako irteera zarratu egin dutela.
Horrez gain, bidegurutze eta elkarguneetan hainbat seinalizazio berri jarri dituzte, horrela “gidarien lehentasuna ezarri eta talkak saihesteko”. Oro har, Gautegiz Arteagako Udaletik hobekuntzen garrantzia azpimarratu dute: “Garrantzitsua da herrian hobekuntzak ezartzea, joan-etorrien arintasuna optimizatzeko eta ibilgailuen eta oinezkoen segurtasuna indartzeko. Horretarako, Uri mobikortasunaren diagnostikoa izeneko azterlana egitea eskatu genuen, herriko beharrizanak hobeto ezagutu eta, ahal den neurrian, eremu bakoitzean erabiltzaileen gehiengoaren iritziekin bat datozen irtenbideak ezartzen lagundu diguna”.
Kanpo-enpresa baten bidez burutu dute Uri-mugikortasunaren diagnostikoa Gautegiz Arteagan, eta horretarako “kaleko inkesta” bat egin zutela nabarmendu dute. Horrek, “herritarren beharrak eta kezkak identifikatzea” ahalbidetu dio udalari, hainbat ondorio ateraz. “Mugikortasunari dagokionez, inkesta honetako zenbait datuk adierazten digute auto pribatuak garrantzi handia dutela udalerrian, garraiobide nagusia izanik ( % 69). Joan-etorri gehienak, gainera, 16:00ak baino lehen egiten direla dio diagnostikoak, 08:00etatik 14:00etara, hain zuzen, eta ohiko helmugak Gernika-Lumo, Bilbo eta Ibarrangelu dira”, gaineratu dute.
Mugikortasun jasangarria.
Hurrenez hurren, inketatik ondorioztatzen diren ezaugarrien artean, mugikortasun jasangarriko alternatibek herritarrentzat duten garrantzia aipatu du udalak, “garraio partekatuaren eta oinezkoentzako espaloien erabilera sustatzeko interes handia” dagoela ikusirik. Udalak argi utzi du herritarren interesak kontuan hartzen dituela, eta mugikortasun jasangarria sustatzeko lanean ari dela. Eta, gehitu du Gautegiz Arteagako Udala Bizkaiko Foru Aldundiagaz harremanetan dagoela udalerria eta Gernika-Lumo batzen dituen bidegorri bat egiteko, eta hori Ibarrangelutik heltzen den bide-berdeaz lotzeko asmoz.
Udalak eta herritarrek dituzten “segurtasun eta bide-zirkulazioaren inguruko kezka batzuk” ere nabarmentzen ditu Uri-mugikortasunaren diagnostikoak, halaber. Esaterako, Zelaieta kaleko trafikoaren dentsidade handia, Zelaietarako sarbideetan dauen zailtasunak eta Montorrerako oinezkoentzako irisgarritasuna. Gauzak horrela, udalak “neurriak hartu” dituela erakutsi du, aipatutako lehen fasean udalerriko barne-trafikoaren berrantolaketa martxan jarriz, eta oinezkoentzako eta ibilgailuentzako “udalerri jasangarri, irisgarri, seguru eta eroso” bihurtuz.