30.108.738 euroko udal aurrekontua onartu dute Gernika-Lumon
Guztiontzako Herriaren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrako botoekin lortu dute aurrekontua onartzea, eta 6.9 milioi euro aurreikusi dituzte inbertsio errealetarako, aurrekontu osoaren %24,88. EAJk udal aurrekontuetan GHk eta EH Bilduk lortutako akordioa "gobernu proiektu bateratu baten oinarria" dela uste du.
Gernika-Lumoko Udalaren osoko bilkura, 2026ko aurrekontuak onartzeko. Gernika-Lumoko Udalak udal aurrekontuak onartu zituen atzo (urtarrilak 14) iluntzeko osoko bilkuran, Guztiontzako Herriaren eta EH Bilduren aldeko botoagaz eta EAJren kontrakoagaz. Udalaren eta haren organismo autonomoen kontuak barne hartzen dituen aurrekontua 30.108.738,8 eurokoa izango da, eta, diru sail horretatik 6.995.333,85 euro aurreikusi dituzte inbertsio errealetarako, aurrekontu osoaren %24,88. Inbertsio nagusien artean, Pasealekuan kokatuko duten liburutegi berriaren proiektua eta Merkatu plazaren berrikuntza aipatu zituzten.
Udal aurrekontuari buruz, onartutako aurrekontua egungo “egoera ekonomiko orokorrera egokituta” dagoela adierazi zuen Nerea Revuelta Guztiontzako Herria taldeko ordezkariak: “Aurrekontu orekatu bat aurkeztu dugu, zuhurtasunari eutsiz, udalaren diru sarreretara egokitutako aurrekontua delako hau, baliabideak optimizatzen eta estrategikoak jotzen diren inbertsioak lehenesten dituena, betiere udalerriko gizarte eta kultur arloa kaltetu barik”.
Gainera, herritarren parte hartzea izan duen aurrekontua ere badela adierazi zuen, “ohiko bideetatik jasotako ekarpenak kontuan hartzeaz gain online parte hartzeko aukera izan dutela herritarrek gogoratuta.
Aurtengo aurrekontuan, diru sarrera arruntek gastu arruntak gainditzen dituzte, eta horrek aurrezki positiboa sortuko duela gehitu dute. Izan ere, diru sarrerei dagokienez, ohiko diru sarreretatik eta sarrera arruntetatik 23.152.064,97 euro lortzen ditu udalak, aurrekontu osoaren %82,36. Diru sail horren kantitaterik handiena Udalkutxatik —aldundiaren ekarpenetik— lortzen du: 15.127.616 euroko jasotzen ditu bide horretatik. Eta hori, transferentzia arrunten sailean kokatzen da, zeinetan 15.859.854,40 euroko diru sarrerak izatea aurreikusi duten, iaz baino %9,07 gehiago. Hala ere, sarrera arrunten baitan, zuzeneko zergetatik 4.470.000 euro lortzea eta eraikuntza zergetatik 453.298,77 euro lortzea aurreikusi du udalak, beste tasa eta diru sarreretatik lortuko dituzten 2.326.095 euroez gain.
Bestalde, kapital eragiketetatik eratorritako diru laguntzak 4.948.592,92 eurokoak izatea aurreikusi dute, aurrekontuaren %17,64. Kasu honetan, kapitalen transferentzietatik jasoko luke dirurik gehien, zergen bidez jaso ez diren diru sarreretatik eta udalak kontraprestazio zuzenetik jasotzen dituenetik: 3.568.175,15 euro.
Eta, gastuen alorrean, diru sailik handiena gastu arruntak darama: gastu arruntek 20.890.828,99 eurokoak dira, hau da, aurrekontu osoaren %74,32. Gastu horien artean, langileriaren gastuak daude (6.441.364,58 euro), iaz baino %7,53 gehiago eta udalaren aurrekontuaren %22,91. Baina, horrez gain, eguneroko zerbitzuak ordaintzeko —garbiketa lanak, hondakin bilketa, argiteria publikoa, besteren artean— 9.077.948,04 euroko diru saila aurreikusi dute, udal aurrekontuaren %32,29.
Eta, gastu arrunt horien baitan kokatzen dira, baita ere, udalak bere organismo autonomoei (mankomunitatea, gizarte zerbitzuak, kirol klubak eta beste proiektu batzuk) eragiketa arruntak finantzatzeko ematen dizkien zenbatekoak. Horretarako 5.347.016,01 euro aurreikusi dituzte, hau da, iaz baino % 2,47 gehiago. Hauek dira transferentzia garrantzitsuenak, osoko bilkuran azaldutakoaren arabera: kultur etxea (1.845.682,95 uro), kirol patronatua (1.532.154,72), gizarte ekintza (1.538.525,32), euskaltegia (227.255,54),bakearen museoa (140.341) eta LHIK (251.442,59).
Inbertsioetara, aurrekontuaren %24,9.
Kapital eragiketetarako gastuei dagokienez, 7.219.828,9 euro aurreikusi dituzte, aurrekontuaren %25,68, eta bertan, diru sailik handiena inbertsioetara bideratuko dute, aurrekontuaren %24,88.
Akordio bati esker lortutako udal aurrekontuko inbertsio nagusienetariko bat, milioi eta erdiko aurrekontua duena, Pasealekuan kokatu gura duten liburutegia litzateke. Eta, bestalde, 6,1 milioi euroko kostua duen Merkatu plaza eraberritzea ere bai. Horiez gain, EH Bildurekin aurrekontu akordioa lortzeko, besteren artean, Beheko Ibarran kokatutako ikasgeletarako 700.000 euroko inbertsioa egitea adostu zuen Guztiontzako Herriak, baita etxebizitzen inguruko azterlana, Txaportan atletismoa egiteko segurtasun azkerketa, kiroldegiak espazio seguru bihurtzeko erasoen aurkako protokoloa, udal lanpostuen balorazioa egitea eta berdintasunean eta zaintzan aurrera pausoak ematea ere. Herritarren eguneroko bizitza “hobetzeko” eta Gernika-Lumoren etorkizuna eraikitzeko pentsatutako inbertsio publikoak direla horiek adierazi zuten EH Bildukoek.
Hala, aurrekoa kontuan hartuta, diru sarrera arrunten soberakina 2.066.791 eurokoa izango litzatekeela aurreikusi dute, “inbertsio gastuen eta kapital transferentzien diru saila finantzatzeko balioko duena”.
Erantzuna.
Hain zuzen ere, inbertsio horietan aurreikusten diren zenbait proiektukiko kontrako iritzia edo zalantza plazaratu zuen Xabier Irazabal EAJren udalerriko bozeramaileak osoko bilkuran, zein atzo egindako prentsaurrekoan. Guztiontzako Herriak eta EH Bilduk aurrekontuetan jasotakoa eta azalpenetan adierazitakoa ez datozela bat salatu zuen: “Merkatu Plazaren proiektuari dagokionez, udal gobernuak 6,1 milioi euro bideratuko direla adierazi zuten, baina aurrekontuetan benetan agertzen den gastua 3,5 milioi eurokoa da bakarrik. Kopuru hori Eusko Jaurlaritzatik eta Bizkaiko Foru Aldunditik etorriko liratekeen dirulaguntzei dagokie, eta ez udalaren ekarpenari. EAJtik aspalditik eskatu dugu udalak bere funts propioetatik 2,6 milioi euro jartzea, baina hori ez da egin».
Udalak ordezkariek falta den diru hori gerakinaren bidez jartzeko asmoa zutela erantzun zien, baina diru laguntzen kudeaketa “ez dela horrela egiten” uste du EAJko ordezkariak: “Diru laguntzak kudeatzen dituenak badaki diru laguntza onartzen dela obra exekutatu aurretik, baina hori egin arte ez dela dirurik entregatzen”. Euren ustez, prozedura hori ez jarraitzeak Merkatu Plazaren proiektua arriskuan jartzea edo ez egitea dakar.v Gainera, gerakinetan zenbat diru dagoen oraindik ez dakitela aurreratu dute.
Horrez gain, EAJk “gogor kritikatu” zuen Beheko Ibarrako ikasgelak egiteko dirua udalaren eraikuntza publikorako hiru partzela publiko salduta lortzea. Hori “kezkagarria” dela diote, etxebizitza publikoaren beharra dagoela etengabe esaten den testuinguruan. Gainera, ikasgelen gunea Blackstone putre-funtsaren jabetzako lokala dela jakinarazi zuten: “Blackstone putre-funtsaren jabetzako lokala erostera bideratu nahi da lur publikoak saltzetik lortutako dirua. Hori sinestezina iruditzen zaigu”. EAJren ustez, ikasgelak beste udal-eraikin batzuetan egin daitezke, nahiz eta horiek eraberritu beharko liratekeen “egoera txarrean” daudelako. Horien artean, Astra eraikineko bigarren solairua aipatu dute, eraikin publikoa delako, “eta horrela 610.000 euro putre-funts bati ordaintzea saihestu” daitekeelako.
Adierazpen horren aurrean, EH Bilduko ordezkari Jose Ramon Bilbaok Irazabali erantzun zion euren proiektua dela jeltzaleek “kritikatu” duten bakarra, eta gehitu zuen EAJk aurrekontuetarako akordioa ez lortzea ez dela EH Bildukoen “errua”.
Halaber, EAJk uste du aurrekontuak beste arazo estruktural batzuk ere badituela: Kirol Patronatuak ez duela behar adinako finantzaketa jaso uste dute, “ez ohiko gastuetarako, ezta inbertsioetarako ere”. Antzeko egoera ikusten dute kultur etxean eta udalaren beraren egoeran ere.
Bestalde, Guztiontzako Herriak eta EH Bilduk lortutako aurrekontu akordioa “harago” doan kontua dela adierazi du gaur Irazabalek, “gobernu proiektu bateratu baten oinarria” dela esanda eta horretarako “alternatiba bakarra EAJ” dela adierazita: “Jarraitutasunaren blokearen aurrean, Gernikarentzat benetako aldaketa aukera bakarra EAJ da”. Jeltzaleen esanetan, denboratik datorren harremana da GH eta EH Bildurena, “baina ofizialki osoko bilkuran formalizatutakoa”. Akordio hori hurrengo agintaldira begirakoa dela ere adierazi zuen: “Akordio hori elkarrekin gobernatu nahi duten hurrengo agintaldira bideratuta dago. Horregatik aldaketa bakarra EAJ da”.
“Beharrizana”.
Horren aurrean, EH Bilduko ordezkari Bilbaok esan zuen akordioa ez dela gobernu ituna, ezta egonkortasun akordio bat ere, ez eta EH Bilduk osatuko zituen aurrekontu propioak ere. Hala ere, elkarlanagaz “pozik” agertu zen, udalerrian aurrekontuak onartzeko “beharrizana” zegoela nabarmenduta: “Akordioa lortu dugu akordioak lortzea ohikoa ez den lekuan. 2022tik ez dugu udal aurrekonturik izan, eta batzuekin eta besteekin ahalgindu gara adostasuna bilatzen, eta azkenean Guztiontzako Herria taldearekin batu gara eta lortu dugu. Espero dugu aurrekontu honen bitartez, azken urteetako moteltzea edo zailtasuna amaitzea eta beste egoera eta giro batean sartzea”.
Akordioak ez direla inertziaz lortzen gehitu zuen, “inertziak ez zituela akordio hau lortzera eroango” esanez, eta herriaren interesak alderdiaren interesen gainetik jarri dituztela nabarmenduta. “Aurrekontu akordio ona da, egonkortasuna bermatzen eta aurrera egiten laguntzen du. Gernika-Lumorentzat ona delako lortu dugu”.
Jose Mari Gorroño alkateak azken urteetan egindako lanak zerrendatu zituen osoko bilkuran, udala ez dela geldirik egon adierazteko, eta, lan horiez gain, udalerriari bakearen arloan nazioarteko oihartzuna ematea lortu izana nabarmendu zuen. “Behin eta berriz jaso ditugu EAJren eta EH Bilduren ezetzak, proposatzen genietuen proiektuak atzera botatzen zituzten, baina hainbat izan dira aurrera eroan ditugu lanak, Gernika ez delako geldi egon”. Hala, “ilusioz” lanean jarraitzen dutela gehitu eta EH Bilduri “oraingo honetan” eurekin gauzak adostea “erraza” izan dela adierazita.