Muxika eta Gernika lotzeko bi ibilbide proposatu ditu aldundiak
Bi aukera horiek jendaurrean aurkeztu zituen joan den astean Muxikako Udalak, herritarren iritziak jaso eta lehen zirriborro horiei alegazioak egiteko. Eta, aurkezpen horrek jendearen interesa piztu zuen.
Muxika eta Gernika-Lumo arteko bidea ibilgailuen joan-etorriak markatzen du, asko dira egunero bide hori erabiltzen dutenak, oinezkoentzako edo bizikletentzako bide “arriskutsua” sortuz. Hala, urte luzez Muxikako udal zein herritarren aldarri eta eskaera izan den Muxika eta Gernika-Lumo lotuko dituen bidegorria gero eta gertuago dago. Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko hasi ditu proiektua erredaktatzeko lanak, eta proiektuaren lehen zirriborroak prest dituzte. Bidegorri berriak Muxika eta Gernika-Lumo lotuko ditu oinezko eta bizikletentzako ibilbideagaz, eta aldundiaren proiektuak bi aukera aurkezten ditu bi udalerriak lotzeko: bata, BI-635 errepide nagusitik Arane industria gune paretik; eta bestea, Oka ibaiaren eskumatik doa, trenbidearen beste aldetik, basoa zeharkatuta, Maier lantegiko biribilguneraino. Bi aukera horiek jendaurrean aurkeztu zituen joan den astean Muxikako Udalak, herritarren iritziak jaso eta lehen zirriborro horiei alegazioak egiteko. Hala, jendetza bertaratu zen bilerara, beraien iritziak, kezkak eta ekarpenak partekatuz.
Bileran jakinarazi zutenez, aurreikusi dituzten bi ibilbideak Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren Bizikleta Bideen Xede Sarean sartzen dira. Plan hori 2023an onartu zuten behin betiko, foru arauaren bide, eta ondorioz, aurreikusitako ibilbideak norabide biko bidegorri batekin egitea aurreikusi dute. Aurkeztutako bi aukerek erabilera bereiziak dituzte, bizikidetza eremu batzuekin, izan ere, txirrindularia, oinezkoa eta biak batera joateko tarteak egongo dira. Ze, azaldu zutenez, ibilbide horren asmoa ez da bakarrik kirol aisialdirako alternatiba izatea, baizik eta Gernika eta Muxika arteko edozein motatako joan-etorrietarako benetako alternatiba izatea, “hiri mugikortasun jasangarria sustatzen duena”.

Hala, denetara bi aukera aurkeztu dituzte, baita saihesbide bat eta lau ardatz osagarri ere.
Lehendabiziko aukera, foru errepide sareari lotuta dago (BI-2121 Gernika-Mungia eta BI-635 Amorebieta-Gernika), eta Oka ibaia ezkerraldetik igarotzen du. Hori dela eta, diotenez, errepidea estutu egin behar da, baita lekuz aldatu ere.
Muxikako tren geltokian hasiko litzateke lehen ibilbide hori, eta San Roman auzora daraman bidetik igoko litzateke, handik Ugarte ibaia zeharkatzen duen pasabidetik igarotzeko, eta Zubieta Errota atzeko aparkalekura heltzeko. Handik BI-2121 errepidera lotuko litzateke. Ondoren, bide hori zeharkatzen du, eta, mendebaldetik, BI-635 errepidera batulko litzateke, Amunaga industrialdea gainditu arte. Hortik, Arana auzorantz abiatuko litzateke bidea, BI-635 errepidearen adarreko lur armatuko hormaren gainean, eta Gernikan sartuko litzateke Mestikabaso kaletik.
Lehenengo aukera horren aurreikuspenean, bizikleten eta oinezkoen erabilerak berezita daude, oso tarte lokalizatuetan izan ezik, hala nola Ugarte errekaren gaineko pasabidean eta Arana auzoko bide batetik igarotzerakoan. Sekzio arruntek bizikletentzako 3 metroko tartea aurreikusten dute —1,5 metro joateko eta beste horrenbeste bueltatzeko—, eta oinezkoek bi metroko tartea izatea ere bai. Denak erantsutako bidearen gainetik, pixka bat goratuta eta hiri petril metaliko baten bidez babestuta, foru errepideen ondoko tarteetan. Gainera, ibilbide guztian, argiztapen instalazio bat jartzea proiektatu dute, 30 metrotik behin.
Gainera, ibilbide horri beste ibilbide gehigarri bat gehitu ahal zaiola aurreikusi dute aldundikoek egindako zirriborroetan: Urretxindorra eskolara doan aldapatik pasarela bat eraikiko litzateke Amona auzoraino, errepidearen eta trenbidearen gainetik igarota Burnigai lantegiaren pareraino. Modu horretan, Amona auzoko bizilagunek ere oinez zein bizikletaz Kurtzerora edota Gernikara modu seguruan joan ahal izateko.

Bigarren aukera.
Bigarren ibilbide proposamenak Muxika, Ajangiz eta Gernika-Lumo lotuko lituzke, Muxikako tren geltokian hasi eta Gernikako Txaporta industrialdeko sarbideko biribilgunean amaituko litzatekeelako, Ajangizko lurretatik igarota.
Hasi eta berehala, Bilbo-Bermeo trenbidea gurutzatuko luke proposamen honek, trenbide pasagune batetik, eta, ondoren, BI-635 errepidearen eta Oka ibaiaren eskuinaldetik jarraituko luke. Burnigai inguratzen duen bidezidorreraino jarraituko luke bideak zelaian zehar, bizikletentzako bide gisa, eta, han, berriz ere, koexistentzia osoko bide forma hartuko luke. Galtzadape baserria gainditu ondoren, baso itxurako pista baten trazadura aprobetxatuko luke bideak, Ajangizko udalerriaren gerriko gisa egiten duen baso masa inguratuz, berriz ere bizikletentzako bidezidor gisa. Ostean, eremu irekira irten ondoren, Oka ibaira hurbilduko litzateke, eta amaieran hori BI-635 errepidearekin lotzen duen zubia zeharkatuko luke.
Ibilbide honek ere aurrekoaren forma bera izango luke, bai espazio, bai argiztapen aldetik.
Bi aukera nagusi horiei, gainera, hainbat ardatz gehitzeko aukera eskaintzen du aldundiak egindako lehen txostenak, zeintzuek ibilbide horietarako bestelako sarbideak ere proposatzen dituzten.
Proiektuak 16.000.000 euro inguruko inbertsioa egitea aurreikusten du, eta obren kostua Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko luke osorik, kontuan izanda Bizkaiko 2025eko foru aurrekontuak onartzeko negoziazioetan EH Bilduk eta aldundiak Muxika-Gernika bidegorriarentzako diru partida onartzeko akordioa sinatu zutela. Foru aldundiak, gainera, gauzatzen ari den Busturialdeko Plan Estrategikoaren baitan sartu du bidegorri honen proiektua eta beraz, egitasmoa aurrera eramateko borondatea dagoela agerian geratu dela uste dute Muxikako Udaleko ordezkariek.