Bat Ez Da Gitxi: gutxi eginda ere, asko eman daiteke
Bat Ez da Gitxi plataformak Gernika-Palestina Herri Ekimenari, eta era berean, zeharka, Palestinari laguntzeko dirua batuko du zapaturako antolatu duen musika jaialdian. Jaialdiaren hamaikagarren aldia izango da.
Hamaikagarrenez beteko du Bat Ez Da Gitxi jaialdiak Astra, zapatuan [urtarrilak 17]. Taldearen helburua “laguntzea” izanik, urterik urte aukeratzen dute talde edo kolektibo bat, eta horiei diruz laguntzen diote. Aurten, Gernika-Palestina Herri Ekimenari zuzenduko diote, hain zuzen, jaialditik ateratako etekina.
Bat Ez Da Gitxi Plataformatik argi dute: Gutxi eginda ere, asko eman daiteke. Hortik tiraka igaro dituzte dagoeneko hamaika urte, eta horietan guztietan herriaren eskutiko “erantzun oso ona” jaso dutenez, jarraitzeko asmoa dute. Esan dute, halaber, denon artean “gehien behar duteneei” laguntzea berebizikoa dela: “Bizi bat salbatzea da gure helburua. Plataformaren eta jaialdiaren izenak berak dioenez, bat ez da gitxi. Beraz, bizi bat salbatzea ez da gutxi”.
Gernika-Palestinak jasoko du jaialdian bildutako dirua: “Guk Gernika-Palestinari emango diogu lortzen dugun dirua, eta eurak lagunduko diote Palestinari. Ze, taldekook gutxi asko egin dezakegu palestinarrei zuzenean laguntzeko. Bost mila kilometroko esku bat izango bagenu, guk geuk lagunduko genieke, baina ezinezkoa da”. Palestina jazaten ari den genozidioa salatu dute taldekoek, eta eurak eman ahal izango duten laguntza handia izango ez den arren, edozein laguntza “beharrezkoa” dela nabarmendu dute.
Gauzak horrela, 21:00etan jarri dute hitzordua, Astran. Besteak beste, Dj shoes, Vito, Maniak, Delbos eta Pipi DJ-ak arituko dira gaua girotzen, elkartasunetik eta musika gozatzeko gogotik. Baina, musika “gutxienekoa” dela adierazi dute; garrantzia gizatasunak duela: “Askotan, musika hori gogoko ez duen jendeak ere erosten du sarrera, laguntzeko bakarrik. Hori ere garrantzitsua da, nork bere aldeko alea jartzea, era batera edo bestera”.
Hori dela eta, herritarrei ekarpenak egiteko edota jaialdira joateko deia egin diete Bat Ez Da Gitxi Plataformako kideek; 10 euroko kostua izango du sarrera bakoitzak, eta egunean bertan erosi ahalko direla zehaztu dute antolatzaileek. Gogoratu dute sarreretan lortutako diru kopuruaren 100% Gernika-Palestinari bideratuko diotela.