"Liburuaren helburua etikoa litzateke, berdintasunaren alde egitea"
Erlijioari loturiko gertakari autobiografikoak bildu ditu Markos Zapiainek ‘Ni, laiko’ liburuan. Adimen artifizialaren erabilera gorantz doan garain, "hark ez dakien zerbait idaztea" bilatu du Bermeoko bizilagunak.
Markos Zapiainen 'Ni, laiko' liburuaren aurkezpena, KabidxenKoldo Uriarte Irakaslea, filosofoa, ikertzailea, idazlea… Ia denetarik egin du Markos Zapiain Bermeoko bizilagunak bere ibilbide profesionalean. Azkena, Ni, laiko liburua argitaratzea. Abenduan herrikideei aurkeztu zien Kabidxe Gune Sozialean, eta hilaren 15ean, berriz, beste bat aurkeztuko die, liburutegian: iaz kaleratutako Txillardegi hizkuntzalari.
Ni, laiko argitaratu duzu. Zer aurkituko du irakurleak?
Hezkuntza Laikoa taldean militatzen ari naiz azkenengo urteetan, eta liburuak kontatzen du zelan iritsi naizen horretara, saltsa handitan sartzeko joerarik ez izan arren. Erlijioari loturiko pasadizo autobiografikoek osatzen dute funtsean liburua.
Nolakoa izan da idazketa prozesua?
Hasierako asmoa, orain dela hamabost bat urtekoa, laikotasunaren aldeko panfleto bat idaztea izan zen, datu objektiboak eta argudioak kateatuta. Ordea, ikusi nuen hori nik baino hobeto egin zezakeela adimen artifizialak. Horregatik erabaki nuen adimen artifizialak ez dakien zerbait idaztea.
Izenburutik hasita, erlijioari aipamena egiten dion liburua da. Hasieratik izan duzu argi kontatu gura zenuen hori?
Inoiz ez dakizu guztiz ondo zergatik egiten duzun egiten duzuna; adibidez, zergatik idazten duzun. Ez dut uste nik idatziko nukeenik, emaztea idazle ez banu. Dena den, badut jendaurrean adierazteko moduko arrazoi bat: Bermeoko Institutuan ikusi nuen katolikoen pribilegioek berdintasun-printzipio demokratikoa hausten dutela. Horrela, liburuaren helburua etikoa litzateke, berdintasunaren alde egitea. Hala ere, batek daki, seguru Freudek susmatuko lukeela ezkutuko eta benetako helburua famosoa izatea dela, eta etika eta hori guztia ez dela mozorroa baino.
Ni-a gorroto duzula diozu, baina autobiografikotik ere baduen lana plazaratu duzu.
Gorroto ez dakit; sarritan nahikoa gorrotagarria eta aspergarria zaidala bai, egia da. Eta sinesgarria egiten zait Adornok Benjamini buruz zioena: ‘ni’ ez erabiltzeak indar berezi bat ematen dio Benjaminen prosari, eta bere kontutxo pribatuak baztertzeak ahalbidetzen dio kontzeptugintza argi bat sortzea. Beraz, Ni, laiko-n ideal gisa ere uko egin diot kontzeptugintza kementsu horri, eta oroitzapenez eta txutxu-mutxuz josi dut, inongo lotsa barik.
Haurtzaroa, nerabezaroa… garai ezberdinetako bizipenak uztartu dituzu. Kontakizun pertsonala izateak berezi egiten al du liburua? Prozesua besteekiko ezberdina izan al da?
Bai, oso ezberdina izan da. Aurreko liburuetan ia ez nintzen ageri. Aitzitik, Ni, laiko-n erabatekoa dut protagonismoa. Ahaztuak neuzkan sentipenak berpiztu zaizkit.
«Adimen artifizialetik ihesi» aritu zarela esan da. Zer esan nahi da horrekin?
Adimen artifiziala ikaragarri indartsua da arrazoiak eta datu objektiboak kateatzeko eta adierazteko orduan. Gero eta hobeto idazten du euskaraz. Euskaltzaindiak agindu legez, marratxoz idazten ditu jakin-min eta txutxu-mutxu, eta marratxo barik ikusmin eta zurrumurru. Japonian, adimen artifizialak idatziriko eleberri batek irabazi du Goncourt edo Planeta sarien hango parekoa. Diotenez, adimen artifizialari esker harrapatu dezakezu zer dagoen adimen artifizialez idatzia. Mundu horri ihes egin diot; neuk idatziak dira liburuko esaldi guztiak. Zure esku, sinetsi ala ez.
Arduraz bizi al duzu adimen artifizialaz egiten den erabilera?
Ikastetxeetan nabarmen igo da etxeko-lanen maila; aldiz, izugarri jaitsi da azterketen eta ikastetxean bertan zaintzapean egindako lanen maila. Hezkuntzaz gain, adimen artifizialak goitik behera astindu du itzulpengintza. Hala ere, nik dakidala, itzulpen literarioa oraingoz ez dago adimen artifizialaren esku. Euskalkiekin jolasean ibili da Koldo Biguri Arturoren uhartea-ren itzulpenean. Ordea, iluna da saiakera filosofikoen itzultzaileen etorkizuna, lauagoa eta inpertsonalagoa baita hizkera. Luc Ferry Frantziako hezkuntza ministro ohiak Alemanian ikasi zuen, La Pleïade bilduma ospetsuko kanten liburuak hark itzuliak dira frantsesera. Aditua da. Iaz Chat GPT-ri agindu zion Ferryren beraren liburu bat frantsesetik alemanera itzultzeko, eta minutu pare batean itzulpen perfektua egin zion. Koma bat ere ez zuen aldatu behar izan. Minutu bi; eta Ferryk berak lau aste beharko zituzkeen, egunean hamar ordu. Bestalde, sortu berria da adimen artifiziala. Zer ez ote dugun ikusiko hamar urte barru.
Zenbait herritan aurkeztu duzu, Durangoko Azokan ere egon zara…. Nolakoa izan da orain arteko erantzuna?
Lagun biren erantzuna izan dut orain arte: batetik, Hezkuntza Laikoa taldeko burkide batena, adinkidea. Bere biografia nahikoa antzekoa izan dela esan dit: txikitan mezetara, nahiz eta ezer gutxi ulertu; izeba mojak eta aitona komunista antiklerikala; eta budismoa eta Vipassana ikastaroak. Eta, azkenik, institutuan bertan sentitu zuen justiziari lotuta dagoela laikotasunaren bidean aurrerapausoak emateko beharra. Bestetik, ikasle ohi batek idatzi dit, luze. Bermeotarra da, Jesu Kristoren adinekoa. Liburua goitik behera bikain ulertzeaz gain, lehenengo irakurraldian, pasarte batzuetan nire eskoletan zegoela iruditzen zitzaiola esan dit. Orain dela hamabost urte eduki nuen ikasle. Oso mezu polita izan da. Hobetuz doa euskal arraza.
Iaz Txillardegi hizkuntzalari liburua argitaratu zenuen, haren hizkuntzaren filosofia jorratuz, eta euskara abiapuntutzat harturik. Zerk eraman zintuen hura idaztera?
Batxilergoko bigarren mailan, Filosofiaren Historiako programazioan, puntu berri bat sartu dute: Txillardegiren hizkuntzaren filosofia, euskaratik abiatuta. Baina ez zegoen materialik. Hezkuntza sailak lau hilabetez liberatu ninduen, ikasgai berri horri buruzko materiala sortzeko. Eta hari horri tiraka atera zen liburua.
Txillardegik leku berezia al du zure idazle zein irakasle ibilbidean?
Baita ikasle ibilbidean eta hiritar ibilbidean ere. Txillardegik eman zuen nik ikus-entzundako lehenengo mitin politikoa. 12 urte neuzkan, eta inpresionatu ninduen. Orduz geroztik, ez dut haren aztarna galdu. Matrikulatuta egon gabe ere, haren eskoletara joaten nintzen Donostian eta Bergaran, eta hitzaldi askotara.
Txillardegi hizkuntzalari, Ni, laiko… gero zer etorriko den argi al duzu? Hurrengoan pentsatzen hasita al zaude dagoeneko?
Datozen hamabost urteak lasai pasatzeko asmoa dut, ahal baldin bada ezer egin barik. 2040an hasiko naiz agian pentsatzen, zer idatzi. Dakitenek diotenez, 80 urtetik gora sortzen ditugu obrarik ederrenak.