Aurrekontu akordioa lortu dute EH Bilduk eta Guztiontzako Herriak, "funtsezkoak diren proiektuak desbloketatzeko"
EH Bilduk "gernikarrentzat baliagarria den akordio bat" sinatu du Guztiontzako Herriarekin aurrekontuak aurrera ateratzeko: "Herriak behar dituen proiektuak aurrera ateratzeko ezinbestekoa den lankidetza instituzionalerako gutxieneko giroari ateak irekitzen dizkio".
EH Bilduk eta Guztiontzako Herriak aurrekontu akordioa lortu dute, “herriarentzako funtsezkoak diren proiektuak desblokeatzeko”. Hala jakinarazi du Gernika-Lumoko EH Bilduk gaur (urtarrilak 9) goizean, ohar bidez. Ondorioz, azken bi urteetako “blokeo eta ezegonkortasun instituzionaleko aro bati amaiera” emango diotela berretsi dute; izan ere, bi urte baino gehiago daramatza Gernika-Lumok aurrekontuak onartu barik, aurrekontu luzapenagaz.
“Herriak behar dituen proiektuak aurrera ateratzeko ezinbestekoa den lankidetza instituzionalerako gutxieneko giroari ateak irekitzen dizkion akordioa da”. Hala azaldu dute EH Bildukoek, baina argi utzi dute akordio hau ez dela gobernu ituna, ezta egonkortasun akordio bat ere, ez eta EH Bilduk osatuko zituen aurrekontu propioak ere.
Hala ere, akordio horri esker, herritarrek aspalditik esklatutako bi proiektu enblematiko gauzatu ahalko dituztela jakinarazi dute koalizioko kideek: Merkatu plaza eta udal liburutegia. “Bi proiektu horiek abiaraziko dira, eta, horrez gain, Beheko Ibarrako ikasgela zerbitzua martxan jartzea ahalbidetuko dute, koalizioak hauteskunde programan zeraman proposamenetako bat.
Zehaztu dutenez, akordioak 820.000 euroko aurrekontu aldaketa jasotzen du, “Gernika-Lumoren benetako lehentasunetara bideratuta”. Eta, diru sail horretatik 700.000 euro baino gehiago erabiliko dira Beheko Ibarrako ikasgela zerbitzurako lokala erosteko eta egokitzeko.
Horrez gain, herritarren eguneroko bizitza “hobetzeko” eta Gernika-Lumoren etorkizuna eraikitzeko pentsatutako inbertsio publiko gehiago aurreikusi dituzte: datuetan oinarritutako etxebizitza politikan aurrera egiteko egoeraren azterketa; Txaportan hiri atletismoko ibilbide baten bideragarritasun azterketa; udaleko lanpostuen balorazio prozesua ixteko diru saila, kiroldegian erasoei aurre egiteko protokoloa; edota berdintasunean eta zaintzan aurrera egiten jarraitzeko neurriak.
Urrats “garrantzitsua”.
EH Bilduren iritziz, akordio hau “urrats garratzitsua” da Gernika-Lumorentzat, eta keinu horrekin, EH Bilduk herriaren interesak edozein “kalkulu alderdikoiren gainetik” jartzeko borondatea erakutsi duela azpimarratu dute koalizio subiranistakoek, “udal politika moteltzen eta herritarren ongizaterako beharrezkoak diren proiektuak geldiarazten ari zen egoera desblokeatzen lagundu” dutelako. “Akordio honek amaiera ematen dio Gernika-Lumoko Udalean bizitako etapa zail bati, eta aukera bat irekitzen du elkarrizketa eta akordioetara iristeko gaitasuna berreskuratzeko, herriak aurrera egin dezan ezinbestekoa den bultzada lortzeko bidean”.
Akordioa iragartzerakoan, EH Bilduk herriaren egoera politikoa gogorarazi du, hauteskundeetan beraiek izan zirela alderdi bozkatuena esanez, eta EAJren eta Guztiontzako Herriaren arteko akordioak jarri zuela Jose Mari Gorroño alkatetzan adierazita: “EAk, EH Bilduk alkatetza hartzea eragozteko helburu bakarrarekin, akordio bat sinatu zuen Jose Mari Gorroñorekin, ondoren akordio hori bertan behera uzteko eta EH Bilduri zentsura-mozio bateratu bat aurkeztea proposatzeko. Mugimendu hark ez zion Gernika-Lumo gobernatzeko benetako interesari erantzuten, herritik kanpoko proiektu bat inposatzeko borondateari baizik, Guggenheim museoa Dalian eraikitzeari, alegia”. Hori dela eta, une hartan koalizio subiranistak bere alderdiaren interesen gainetik Gernika-Lumoren interesak jarri zituela adierazi dute.
Harrezkero, EAJren “politika bakarra” zubi guztiak “dinamitatzea” izan dela uste du udalerriko EH Bilduk: “Konfiantza haustea eta akordiorako edozein aukera zapuztea izan da. Dalia eraistearen erantzulea da, eta Busturialdea azken urteotan astindu duten kaos instituzionalaren, larritasunaren eta ziurgabetasunaren arduraduna ere bai. Guggenheimarekin zer gertatu den ikustea besterik ez dago”.
Egoera horretan, “ezezko iraunkorrean kokatuta”, udalaren egoera “gero eta zailagoa zein korapilatsua” bihurtu dela diote EH Bildukoek, eta bere interesen gainetik udalerriarenak hartzeko ardura hartu duela dio alderdi politikoak, udal talde ezberdinekin elkarrizketa berreskuratzen ahalegindu direla esanda. “EAJrekin aurrera egitea ezinezkoa izan da —EH Bildutik datorren edozein ekimen sistematikoki baztertzeko hautu esplizitua eta benetako alternatibarik barik udal gobernuaren proposamen guztiak atzera botatzeko estrategia dauka—, baina Gorroñoren taldearekin esertzea posiblea izan da aurrekontuetan akordio bat lortzeko”, azaldu dute EH Bildukoek.
Beraz, gernikarrentzat “baliagarria” den akordio bat bilatu dutela uste dute, eta EAJri eskatu diote “biktimismoa eta ezetza gainditzeko”, baita Gernika-Lumora begiratzeko ere: “Aurrekontu akordio honekin bat egiteko eta elkarlanean aritzeko eskatzen diogu, gure herriak akordioak behar dituelako, ez blokeoak; konponbideak behar ditu, ez kalkulu alderdikoiak”.
Gorroño, “pozik”.
Gernika-Lumoko alkate Gorroño “oso pozik” agertu da EH Bilduk emandako babesagatik. Bere ustez, “ezin da eztabaidatzen ibili” alderdien artean, herriak udal ordezkariak akordioetara ailegatzea delako nahi duena. “Gure herrian pentsatzea dagokigu, horretarako aukeratuak izan baikara”, esan du.
Eta, ildo horretan, alkateak azpimarratu du “entzutea, hitz egitea eta adostea” izan dela bere alderdiak beti bilatu duena: “Lehenengo agintaldia ANVrekin adostu genuen, bigarrena Sorturekin, hurrengoa EAJrekin, eta orain EH BIldurekin lortu dugu aurrekontuak aurrera eroateko akordioa”.
Gorroñok, gainera, 2024ko maiatzaren 29a gogoratu du, gaurko albistearen kontra, egun hartan hainbat proiektu aurkeztu zituztela, eta, bai EAJk bai EH Bilduk ezezkoa eman ziela gogoratuta: “Besteak beste, osasun zentrora igotzeko eskailera mekanikoa, haur parke estali berri bat egitea edo Pasealekuko eskoletako liburutegi berria egitea proposatu genuen, eta ezetz bozkatu zuten, udalaren kudeaketa blokeatuz eta geldituz. Bi alderdiek euren interesak lehenetsi zituzten herriaren beharrizanen aurretik. Beraz, gaurkoa berri pozgarria da”.