Argiteria berritua, "energia aurrezpen eta bide-segurtasun handiena lortzeko"
Argiztapena hobetzen jarraitu asmoz, Elejalde auzoko 25 farola berritu ditu Foruko Udalak, sodio-lurrenezkoen ordez LED teknologia dutenak jarriz. Lanak gauzatzeko aurrekontua 84.444,81 eurokoa izan da, eta aldundiak 59.742,83 eurorekin lagundu du. Argiteria berriagaz urtean ia mila euro aurreztea aurreikusten dute.
Elejalde auzoko argiteria publikoa berritu du Foruko UdalakForuko Udala Foruko Udalak Elejalde auzoko argiteria berritu du, iraunkortasunarekin duen konpromisoa berretsi eta udalerriko argiztapena eta bide-segurtasuna hobetzen jarraitu asmoz. Lanokin, auzoko argiteria “erabat berritzea” izan du helburu udalak, eta horetarako, udaletxetik elizainaraino doan eta errepide nagusitik bernetegira iristen den zatian energiari dagokionez “eraginkorrak” diren eta ingurumena errespetatzen duten farolak jarri dituzte. Lanok egiteko inbertsioa 84.444,81 eurokoa izan da, eta udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura Sailaren 59.742,83 euroko dirulaguntza izan du.
Udaletik zehaztu dutenez, argiztapena berritzeko prozesuan “kalitate parametro guztiak” jarraitu dituzte, bai oinezko, bai ibilgailuentzat “ahalik eta eraginkortasun, energia aurrezpen eta bide-segurtasun handiena” lortzeko.
Gainera, lanak gauzatu diren eremua “ingurumen-bideetako argiteria eremu gisa” izendatuta dagoela eta, luminantziarekin lotutako parametroak bereziki kontuan hartu dituztela argitu dute. Neurri horrek galtzadan eta behatzailearenganako bidean islatzen den argiari egiten dio erreferentzia, ze, azaldu dutenez, argiteria publikoaren helburua gaueko orduetan “oinezkoen ikusmen-pertzepzioa eta segurtasuna areagotzea” da. Hori horrela, sodio-lurrenezko farolen ordez, LED teknologia dutenak jarri dituzte, 28 eta 35 watt artekoak. Guztira 25 kale-argi berriztu dituzte, 20 zutabean eta bost besoan, fatxadari atxikita.
Halaber, argi berriei, energia aurreztu, gaueko disdira murriztu eta “argi deserosoa mugatzeko”, fluxu-erregulatzailea jarri diete, farolen argiztapen-maila murriztea ahalbidetuko duena. Azaldu dutenez, sistema horri esker, igorritako fluxua “zerbitzu arrunteko balioaren %50a arte” murriztu ahal izango da. Gainera, funtzionamendu txikiko orduetan argiztapen-mailen “uniformetasuna mantentzea” ekarriko du. Horrez gain, ingurumeneko bide-argiteria denez, argi eraginkortasuna “65 lumen watt bakoitzeko baino handiagoa” izango da. Honekin, urtean ia mila euro aurreztea aurreikusten du udalak, 833,91 euro, zehazki.
Mikel Magunazelaia Foruko alkateak adierazi duenez, Forun “bizimodu jasangarriaren aldeko apustua” egiten dute: “Gure gobernu-taldearentzat funtsezko premisa da ingurunea errespetatzea, herri irisgarriagoa eta ingurumena errespetatzen duena izatea, gure bizilagunentzako zerbitzuak ahaztu barik”. Horregatik, energia eraginkortasunean inbertitzea “ongizatean inbertitzea” dela nabarmendu du alkateak: “Kontsumo gutxiago, jasangarritasun handiagoa eta bizi kalitate handiagoa. Argiteria publikoaren berrikuntza hau Foruko etorkizuna argitzeko modu bat ere bada”.