Zoriontsu hazteko, ikasteko eta oinarri sendoak eraikitzeko espazio egokiena
San Fidel Ikastolan haurren ikaskuntza prozesua modu parte hartzailean, atseginean, esperimentazioan oinarrituta eta euskara erdigunean ipinita planteatzen dute. Umeen interesetik abiatuta eta familiekin etengabeko nahiz hurbileko hartu-emanagaz, lehen urteetatik errespetuzko, zaintzazko eta konfiantzazko bidea proposatzen dute, laguntza emozionalari berebiziko esangura emanez.
Argazkia: San Fidel Ikastola. San Fidel Ikastolan, haur bakoitzari, bere lehen urteetatik, zaintzatik, errespetutik eta konfiantzatik hezten laguntzen diote. Inguru hurbilekoa eta segurua eraikita, umea entzuna eta maitatua sentitzea zutabe dute; horixe da haurra hazteko, ikasteko eta bere osotasunean garatzeko oinarri nagusia.
Horregatik, laguntza emozionalak leku oso berezia eta esanguratsua dauka San Fidel Ikastolaren eguneroko funtzionamenduan: haur bakoitzak dituen erritmoak errespetatzen dituzte, bere emozioak nahiz beharrizanak kontuan hartuz eta haren autoestimua zein elkarren arteko elkarbizitza positiboa sustatuz.
Jolasa da Haurreskolako ikaskuntza prozesuaren ardatz azpimarragarrienetako bat. Hain zuzen ere, jolasaren bidez, haurrek mundua esploratzeko aukera izaten dute, ingurugiroagaz esperimentatu egiten dute, modu desberdinetan adierazteko gai dira eta, horrez gain, ezagutza ahalik eta modurik naturalenean eta esanguratsuenean eraikitzen dute. Jolasaren bitartez, haurrek elkarren arteko harremanak ezagutzen, lantzen eta sendotzen dituzte. Ez hori bakarrik: gatazkak zelan konpondu ditzaketen ikasten dute, irudimena garatzen ikasi, baita beren denetariko gaitasunak deskubritu ere.

Argazkia: San Fidel Ikastola.
Euskaratik eta euskaraz.
Bestalde, euskara da San Fidel Ikastolako komunitatearen komunikazio hizkuntza, eta ikastolaren beraren bihotza ere bai. Euskararen eguneroko-eguneroko erabileraren bitartez —kantuak, jolasak, ipuinak edota ohiturak baliatuz —, euskal identitatea sendotzeko lan egiten dute. Modu horretan, umeek hizkuntzarekiko atxikimendua eta komunitatearen parte izatearen sentimendua txikitatik eta era atseginean lantzea lortzen dute.
San Fidel Ikastolako lan metodologia aktiboa haurren interesetatik euretatik abiatzen da, eta proiektuen, esperientzien nahiz benetako bizipenen bidez garatu. Ikastolako lantaldeak garrantzi oso handia ematen die haurrek naturarekiko ezartzen duten harremanari, arteari eta adierazpen sortzaileari; hain zuzen ere, ikaskuntza burua, gorputza eta emozioak barne hartzen dituen prozesu globala dela ulertuta lan egiten dute.

Argazkia: San Fidel Ikastola.
Beste alde batetik, lantaldeak ikasleen familiekin daukan harremana funtsezkoa eta erabat garrantzizkoa da. Hezkuntza eredu partekatu batean sinesten dute, umeen inguruko eragileen arteko benetako komunikazio hurbilean, betiere elkarrekiko konfiantza eta lankidetza oinarri hartuta. Hori dela eta, haurren familiekin eta senideekin batera aurrera eroaten dute ikaskuntza bidea, haur bakoitzaren hazkundeari modu koherentean eta errespetuzkoan laguntzeko helburu argiagaz.