Olatz Arrizabalagak Eskuz Binakako Txapelketa Nagusiari ekingo dio domekan
Gernika-lumotarraren lehenengo partidua abenduaren 28an zen arren, Goiuri Zabaletak ordezkatu zuen Arrizabalaga. Txapelketaren hirugarren jardunaldian [urtarrilak 11] egingo du, beraz, debuta, Larrabetzun.
Emakume Master Cupek antolatutako Lau eta Erdiko txapelketaren amaierarekin batera, abenduaren 27an eman zioten 2026ko Eskuz Binakako Txapelketa Nagusiari hasiera, Etxebarrin eta Sopelan. Urteroko lehiaketarik luzeenak martxoaren 22ra arte iraungo du, final handia jokatuz. Hamalau pilotari eta zazpi bikotek osatuko dute txapelketa, denak ala denak, hitzordu handirako txartel bat eskuratu asmoz.
Lehian arituko den pilotarietako bat da Olatz Arrizabalaga; aurrelari gernika-lumotarrak, eta iaz bezala, aurten ere Arrate Bergara tuterarra izango du atzekaldean lagun. Aurreko denboraldian txapela janztetik gertu geratu zen bikotea, baina Miriam Arraiza eta Enara Gaminde 18 eta 22 gailendu zitzaizkien final handian. Aurten, beraz, txapelketa errepikatu eta amaiera berria ematea bilatuko dute. Alize Sagardui eta Enara Gaminde, Amaia Aldai eta Miriam Arrillaga, Ainhoa Ruiz de Infante eta Nora Mendizabal, Goiuri Zabaleta eta Nahia Bertiz, Madalen Etxegarai eta Andrea Capellan eta Aizane Ibarrola eta Itsaso Erasun izango dira horretarako mendean hartu beharko dituzten bikoteak.
Lehiaketa sistemari dagokionez, lehen fasean bikote guztiek elkarren aurka jokatuko dute ligaxka eran. Hortik, lau onenek martxoaren 8an finalerdiak jokatuko dituzte –lehenengoek laugarrenen aurka, eta bigarrenek hirugarrenen aurka–, eta bi bikote irabazleak izango dira martxoaren 22ko finalean arituko direnak. Gernika-lumotarrak abenduaren 28an ekin behar zion lehiaketari Sopelako pilotalekuan, baina Zabaleta leitzarrak ordezkatu zuen. Bikotea 22 eta 20 nagusitu zitzaien Sagardui debutari goizuetarrak eta Gaminde 2025eko pilotari onenak osatutako bikoteari, neurketa lehiatu eta orekatuan txapelketako lehen puntua poltsikoratuz.
Hala, domekako [urtarrilak 11] hirugarren jardunaldian iritsiko da Arrizabalagaren debuta aurtengo txapelketan, Ruiz de Infante eta Mendizabal bikotearen kontra; 17:30etan izango da partidua, Larrabetzuko frontoian.