Liderra garaituta, baina Kopatik kanpo
Ligako liderra den Spar Gironaren aurka markagailua irauli eta irabazi egin zuen atzo (urtarrilak 7) Lointek Gernika Bizkaiak: 72-62. Hala ere, joan den domekako Valencia Basketen aurkako porrotak Kopara sailkatzetik kanpo utzi zuen taldea, eta aurten ez da Kopan ariko.
Lointek Gernika Bizkaiararen eta Spar Gironaren aurkako neurketa Malosten. Angel Grande Lointek Gernika Bizkaiak garaipen “garrantzitsua” poltsikoratu zuen atzo (urtarrilak 7) Malosten, ligako liderra den Spar Gironaren aurka markagailua irauli eta gailenduta: 72-62. Taldearen bigarren zati “oso on” bati esker lortu zuten jokalariek puntuak etxean geratzea. Hala ere, joan den domekako Valencia Basketen aurkako porrotak Kopara sailkatzetik kanpo utzi zuen taldea.
Ligako taldeen arteko jardunaldi bateratua izan zen atzokoa, lehen itzuliko azken aurrez aurrekoa, Erregina Kopan zein zortzi talde sailkatuko ziren erabakitzekoa. Lointekekoek, aldiz, lehiatik kanpo zeudela jakitun, norgehiagoka ona egitea, eta azken minutuetara lehiakor ailgatzea zuten helburu, eta lortu zuten. Ez zen, baina, zeregin erraza izan, partida beste era batera hasi baitzuten.
Girona “indartsu” kantxaratu zen, lehen minutuetan 0-5eko partziala ezarriz markagailuan. Hala ere, talde Gernikarreko jokalariek ondo erantzun zuten, Jankovic gidari zutela sei puntu jarraian eskuratu baitzituzten. Puntuetan gerturatu arren, Gironako taldeak beste erritmo bat ezarri zuen, abiadura arindu eta saskiratzeetan asmatu zuen, hamar puntura urrunduz: 8-18. Lucas Fernandez Lointekeko entrenatzaileak neurketa gelditzeko eskatu zuen orduan, kontraerasoa egiteko helburuz. Eta balio izan zion denbora hartzeak, 15-18 amaitu baitzuten lehen laurdena.
Berdintsu hasi zuten bigarren laurdena bi taldeek, parekatuta, saskiratzeak alde batean zein bestean txandakatuz: 22-21, 29-31… Baina, lehen zatiaren azken lau minutuetan, hankaz gora jarri zen partida Lointekekoentzat. Etxekoen zehaztasun faltak eta Gironak aukerak aprobetxatzeko baliatutako jokoak 1-10eko partziala ezarri zuen markagailuan: 30-41 joan ziren atsedenaldira.
Neurketa iraultzeko gogotsu.
Aldageletatik igarota, etxeko taldeak defentsa lerroak sendotu zituen, erasoan lotsagabe jokatzeko asmoa agertuz. Lehen minutuetatik “indartsu eta ideiak argi” zituztela kantxaratu ziren etxeko jokalariak, eta hiruko lerrotik asmatuta eta uztai azpiko jokoan lan eginda markagailuan gerturatzea lortu zuten. Hirugarren laurdenean 24 puntu lortu zituen Lointekek eta 15, aldiz, Spar Gironak (54-56).
Puntu biko aldeagaz ekin zieten azken hamar minutuei. Garaipena posiblea zela sinisten zuten batzuek zein besteek, eta neurketa galtzeko beldurrez aritu ziren lehen minutuetan. Hala ere, partidaren amaierarako sei minutu falta zirenean, aurretik jarri zen etxeko taldea: 60-58. Gironak ez zuen asmatu orduan, eta Lointekeko jokalariek bai, eta neurketa hamar puntu aurretik amaitzea lortu zuten (72-62).
Hala, neurketa amaitutakoan, Fernandezek “harro” dagoela esan du eta jokalariak zoriondu ditu: “Gaur zoriondu egin behar da taldeak egin duen lana, ez delako erraza izan garaipen hau lortzea. Norabide berean joatean sinesten dugu guk, eguneroko lanean pauso txikiak ematean, eta lan horren emaitza jaso dugu oraingoan”.
Partidak bi fase izan dituela azpimarratu du: “Lehen zatian, Gironak egiten genituen akats guztiak —baloi galtzeak, gehiegizko laguntzak— zigortu ditu, eta korrika egin ahal izan du. Horrek beraiek abantaila lortzera eragin du. Bestalde, bigarren zatian guk defentsa lan hobea egin dugu, aurkariek ezin izan dute korrika egin, eta guk pazientziaz jokatu dugu erasoan: azken segunduetan jokatzeko aukerak aurkitu ditugu, eta erabakigarriak izan gara. Erasokor aritu gara, defentsan konstantziaz lan eginez, eta horrek irauli du partida”.
Gaur atseden hartuko egingo dute Lointekeko jokalariek, baina aste bukaera gogorra izango dute; izan ere, domekan (urtarrilak 11) Hozono Global Jairis taldearen aurka jokatuko dute etxetik kanpo, 13:00etan.