Gabon izpirituak oraindik alde egin ez duelako
Karmele eta Victorio Basterretxea Herrero mundakarrek, Gabonetako ohiko jaiotzaz gain, Gabon Uria izeneko jaiotza erraldoia egin dute beren etxean. Udalerrian zein inguruan herritarren interesa piztu du pareko xehetasun mailarik ez duen artelanak.
Ver esta publicación en Instagram
Gabonetako egun seinalatuak joan dira, baina ospakizun horien izaerak oraundik luzerako iraungo du Karmele eta Victorio Basterretxea Herrero neba-arreba mundakarren etxean. Izan ere, Gabon izpiritua ez da otsaila arte bukatzen. Erlijio kristauan oinarritutako sinesmen horrek dio jaiotzak edota Gabonetako apaingarriak etxeetatik kentzeko data Kandelario bueltan kokatzen dela, alegia, otsail hasieran. Beraien etxean, baina, hasi ere lehenago hasi ziren: azaro hasieran. Orduantxe hasi ziren urtero-urtero herritarren arreta deitu ohi duen jaiotza erraldoiaren prestakuntza, beraiek Gabon Uria modura bataiatzen dutena.
Karmele Basterretxea, artezalea ez ezik, gabonzalea ere izan da betidanik. Oraindik gogoan du, 11 urte zituela eta artean egungo moduko apainketa handirik egiten ez zen sasoian, aitak pinu bat etxeratu zionekoa; azazkaletako pinturagaz margotzen zituen arbola hura apaintzeko kotoiagaz eskuz eginiko bolatxoak. Eta, zelan ez, etxe hartan Gabonetako jaiotza ere bazegoen: “Akorduan dut gurasoekin mendira joaten ginela, goroldioa eta gorostia biltzera. Jaiotza muntatzea erritual modukoa zen niretzat, urteko unerik seinalatuenetako bat”. Jaiotzek, bere ustez, arteagaz eta sormenagaz dute lotura, “eta ez hainbeste sinismenagaz”: “Tankerako beste hainbat ohituragaz pasatzen den antzera, erlijio sinismena bigarren plano batean geratzen da; are gehiago, badira Gabonak gustuko izan barik jaiotzak maite dituztenak ere”.

Sorkuntzari tiraka eta zerbait berezia egin asmoz, Basterretxea bere jaiotza propioa eraikitzen hasi zen “duela hogei bat urte”, eta, lanaren lanaz, egungo Gabon Uria sortu dute neba-arrebek, 2,70×1,80 metroko dimentsioa duena. Sasoi viktoriarrean oinarrituta, 300 piezatik gorako konposizioa ondu dute, argi, mugimendu eta denetariko ñabarduradun elementuez osatua. Denetarik du Gabon Uriak: izan kaleak, jolasguneak, parkeak, etorbideak, tabernak, etxeak, mendia, eski estazioa, teleferikoa, burdinbidea eta beste hainbat elementu. Apurka-apurka lortu dituzte “Alemaniatik edota Italiatik” datozen piezak: “Gainera, sormen prozesua etengabekoa da, konposizioaren aurrean jesartzen naizen bakoitzean zerbait gehitzen, moldatzen edo lekualdatzen baitut”.
Karmele Basterretxea Herrero: “Gehien interesatzen zitzaigun elur itxura lortu asmoz, material sintetikoa kafe errotagaz eho dut, finegia edo zurrunegia geratu ez zedin”
Urriaren amaieraren eta azaroaren hasieraren artean hasten da Basterretxea atontze lanagaz. Uriari oinarria ipini zioten lehenengo, eta konposizioaren hondoa —paisaia, batik bat— eraiki zuten gero. Ondoren, “pazientziaz eta egunero zonaldetxo jakin bat” prestatuz, multzo osoa hilabete eta erdian eraiki zuten. Figurez gain, elementu naturalak eta sintetikoak uztartu dituzte, soinu eta argiteria ikuskarriaz jantzita. Elurra bera egiteko ere, Basterretxeak eskulanera jo du: “Gehien interesatzen zitzaigun elur tonua edo itxura lortu asmoz, material sintetikoa kafe errotagaz eho dut, finegia edo zurrunegia geratu ez zedin”.

Boteprontoan, Gabon Uriak kaos puntu bat iradoki dakioke bisitariari, “baina ez da hala”. Edozein txoko ezkuturi erreparatuz gero, inguru horri dagokion xehetasunen bategaz topo egingo du ikusleak. Aldi historikoarekiko koherentziari eustea ere ez dute ahaztu: “Eski estazioa izan da obrarako azken fitxaketeta nagusietako bat. Jendeak elementu hori aldi viktoriarragaz bat ez zetorrela esan zidan, eta, koherentziari eusteko, ikerketa egin nuen: hala Austriako, nola Norvegiako estreinako eski federakuntzak doi-doi sasoi horretakoak dira. Beraz, elementu horrek ere urian bere gune propioa eduki behar zuen”.
Esker oneko.
Asteotan, Basterretxea neba-arreben atariko txirrina jo eta su dabil. Mundakarren artean sona handia du Gabon Uriak, eta, urtero-urtero, ateak zabaltzen dizkiete bisitariei, artelanagaz goza dezaten. Aurretiaz ezagutzen zutenak zein bisitari berriak, denak ala denak, zur eta lur uzten ditu konposizioaren handitasunak eta xehetasunaren kotak: “Lan prozesuaren inguruan galdegiten didate guztiek, ahobete hortz, baina niretzat hau ez da lana, plazer eta gozamen kontua baino”.

Herritarrak eskertuta ageri zaizkie neba-arrebei, baina beraientzako eskertzak dituzte haiek ere: “Polita da jendeak oraindik eskuz eginiko jaiotzekiko interesa edukitzea, hau zelanbait jaiotza klasikoa ez den arren. Lehen, herriko monjek ere ipintzen zuten jaiotza, baita elizan ere, Jose Mari Egileorrek ere izugarria antolatzen zuen, eta Katillotxu mendiaren gailurrean ere jartzen da. Ohitura pixkanaka-pixkanaka galtzen ari da, baina oraindik badira hori interesgarri sentitzen dutenak”.
Sorne Rubio Arano: “Basterretxeatarren borondatea, motibazioa eta zentzu artistikoa ez dira edonon ikusten”
Mundakako Udalaren ordezkaritzak ere ez du galdu gura izan jaiotzaz bertatik bertara gozatzeko parada. Sorne Rubio Arano alkatea eta Manu Martinez Pindado zinegotzia “oso eskertuta” agertu dira, eta Basterretxea neba-arreben beharra zein pasioa “baloratu beharrekoak” direla azpimarratu dute: “Urte berria hasita egonik ere, oraindik asko dira, Gabon Uria ikusteko, ingurutik bertaratzen direnak; horrek asko dio. Basterretxeatarren borondatea, motibazioa eta zentzu artistikoa ez dira edonon ikusten; oso eskertuta gaude”.