SOME, hazkunde iraunkorraren adierazle
412 ikaslek abiatu dute aurtengo ikasturtea Segundo Olaeta Musika Eskolan, eta hori pandemiaz geroko eskolaren "hazkunde iraunkorra adierazten duen zifra" dela diote. Hazkundea 7 urtetik gorako ikasleetan nabaritu da gehien, azken urteetan "gero eta heldu eta erretiratu gehiago" matrikulatu baitira.
SOMEko ikasleak, saio batean Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolak krisi demografikoari eutsi dio, musika eskolako ikasle kopurua %15 hazi baita azken bost urteetan. Helduek eta erretiratuek demografiaren beherakadak utzitako hutsunea bete dutela uste dute eskolako ordezkariek. Izan ere, hezkuntza erakunde asko jaiotza tasaren jaitsieraren aurka borrokatzen ari diren arren, “musikak indartsu” jarraitzen duela diote SOMEkoek, eta baikortasunerako datuak kaleratu dituzte: “Aurtengo ikasturterako 412 ikaslek izena eman dute musika eskolan, eta hori pandemiaz geroko eskolaren hazkunde iraunkorra adierazten duen zifra da, udalerriaren osasun kulturalaren panorama marrazten duena”.
Zehaztu dutenez, 2020-2021 ikasturteaz geroztik, eskolak “gorakada nabarmena” izan du matrikulazioan: daturik argigarriena bigarren mailan dago, 7 urtetik gorako 299 ikaslek izena eman baitzuten pandemia ikasturte hartan, eta aurten 346 dira maila horretan ari direnak.
Hazkundearen arrazoietako bat “gero eta heldu eta erretiratu gehiago” matrikulatzen direla izan daiteke: “Kasualitatea ez den fenomeno bat da. Hizkuntza unibertsala den musika heldutasunean berreskuratzeko nahia dute askok, baita erritiroan sormenezko abentura berriak hastekoa ere”. Hala, Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasgelak “belaunaldien arteko espazio” bihurtu direla diote, non haurrek, nerabeek eta adinekoek musikarekiko grinagaz bat egiten duten.
Goi-mailak ere bilakaera ona izan du azken urteetan, 2020-2021 ikasturtean 34 ikasle izatetik 43 ikasle izatera igaro baita, ia %30eko jauzia emanez. Azaldu dutenez, datu horrek agerian uzten du ikasle taldeak musika prestakuntzan sakontzeko duen konpromisoa. “Datu horiek ez datoz bat hezkuntza espezializatuaren joera orokorrarekin, ze, askotan, maila aurreratuko taldeak mantentzea erronka handia izaten da”, diote eskolako ordezkariek.
Hala ere, badago kezkatzeko daturik: lehenengo mailan ikasle kopurua jaitsi egin baita. Bost eta sei urteko txikienak, 30 ikasle baino gehiago izatetik 17 ikasle izatera igaro dira. Diotenez, hori ez da udalerriko musika eskolaren “arazo espezifiko bat”, lurralde osoari eragiten dion “errealitate demografiko baten isla saihestezina” baizik: jaiotza tasaren jaitsiera. “Joera hori, baina, musika eskolak aise orekatzen du beste adin batzuetako ikasleak erakartzeari esker”, azaldu dute.
Musika instrumentuak kontutan hartuta, pianoak errege izaten jarraitzen du, 96 ikaslerekin, eta ikasleen artean hurrengo instrumentu nagusiak gitarra eta gitarra elektrikoa dira, 47 eta 42 ikaslerekin, hurrenez hurren. Hala ere, aipagarriena euskal musika tresna tradizionalen osasuna dela uste dute, hala trikitixarena 38 ikaslerekin, nola txistuarena 10 ikaslerekin. “Lurraldeko musika ondarea babesteko apustu irmoa erakusten du horrek”.