"Arraunean irakastea da nire lan metodoaren ardatz nagusia"
Sabino Astigarraga arraun entrenatzaileak Santurtzin egindako bidea amaitu du. ‘Sotera’ Eusko Label Ligara itzuliko da 2026an, eta harrobiaren arduradun mundakarraren lana da horren arrazoietako bat.
Argazkia: Musutruk Mundaka. Sabino Astigarragarena arraun eta itsas apar artean soilik uler daitekeen bizitza da. Hamarkadetako lanak duen eskarmentua alde, mundakarrak kirol ibilbide oparoa osatu du arraun klubik puntakoenetan: izan arraunlari modura, izan entrenatzaile bezala.
Zelan ernaldu zitzaizun arraunaren hazia?
Gaztea nintzenean jaio zitzaidan harra. Nire jaioterri Mundakan arraun ondare edo tradizioa egoteak ere lagunduko zuen hastapenean. Kadete mailan hasi nintzen lehiatzen, 1978an, eta 1988ra arte arraunlari ibili nintzen; zortzi bat denboraldi egin nituen senior mailan. Etapa hura zarratuta, korrika egiteari ekin nion, eta maratoiren bat edo beste lehiatzera ere iritsi nintzen. Lesio bat tarteko, arraunera itzuli nintzen, baina entrenatzaile modura. Orduantxe hasi zen nire bigarren arraun ibilbidea, 1992an.
Eta orduz geroztik talderik lehiakorrenen engranajearen katebegi izan zara han-hemen.
Mundakan egin nituen lehen urratsak, 1992tik 1999ra; tartean, 1995etik 1998ra Elantxoben ere aritu nintzen aldi berean. Ondoren, 1999an Urdaibain aritu, eta hurrengo urtean Kaikutik igaro nintzen, baita Santurtzitik ere; 2001etik 2004ra bitartean, Sotera-ren lehen taldea gidatu nuen. 2005etik 2016ra artean, Mundakara itzuli nintzen, eta 2020tik 2026ra bitartean, berriro bueltatu nintzen Santurtzira, harrobiko kategoriez arduratzera. Funtsean, horiexek dira partaide izan nauten proiektu nagusiak.
Eskarmentua lagun, beraz.
Bai. Zorionez, hainbat kategoriatako kirolariekin behar egiteko aukera eduki dut; aniztasun horrek entrenatzaileari burua pila bat zabaltzen diolakoan nago. Ez hori bakarrik: traineruaz gain, bateletan nahiz trainerilletan ere ibili izan naiz. Azken batean, zenbat eta eginbehar desberdinenetan lan egin, orduan eta ikuspuntu panoramikoagoa lortzen du batek.
Arraun entrenatzaile ona aurretiaz arraunlari aritutakoa izan behar al da?
Ez nahitaez. Argi dago arraunean lehiatu izan duenak sobera dakiela horren atzean dagoen exijentziaren kota zelakoa den, baina uste dut ez dela guztiz derrigorrezkoa. Arraun munduan entrenatzeko guztiz beharrezkoa den bertute bakarra pasioa da. Ondo kudeatu behar da intentsitatearen eta lasaitasunaren arteko balantza, pasioak sarritan apur bat ahobero izatea ere baitakar.
“Gaitasun fisiko izugarriak eta watt kopuru mugagabea mugitzeko abilezia fisiologikoak ez du funtzionatzen, teknika ondo landu barik baldin badago”
Nola definituko zenuke zure lan metodoa? Esparru fisikoa lehenesten al duzu? Taktikoa agian?
Nire lan metodoaren ardatz nagusia arraunean irakastea da. Bikaintasuna lortzeko, asko egin barik, ondo egin behar dela ikusarazten saiatzen naiz. Alde horretatik, arraun teknika biribiltzea da lehen gakoa. Bi berbatan: gaitasun fisiko izugarriak eta watt kopuru mugagabea mugitzeko abilezia fisiologikoak ez du funtzionatzen, teknika ondo landu barik baldin badago.
Lehen zutabeak, horrenbestez, asko du biomekanikatik.
Pila bat. Liteke eskifaia berean, zelanbait, lasterketa zaldia eta zama mandoa edukitzea; nire egitekoa bien bertsiorik onena zukutzea da. Hala, lasterketa zaldi hori bizkortu egin dezaket, eta zama mandoari uste baino azkarragoa izan daitekeela ikusarazi diezaioket; are gehiago, badira garaipen ugari lortu eta lortzen dituzten zama mando asko eta asko.
Harrobiko taldeak edo seniorrak entrenatzerako orduan, lanerako mekanismoak doitu egiten al dituzu?
Giltzarri esanguratsuena da formakuntza kategorietan ondo lan egin beharra dagoela, goi mailara ailegatzean arraunlariek beharrezko guztia erabat barneratua izan dezaten. Senior bat alderdi fisikotik ustiatu ahal izateko, kontzeptu teknikoari dagokion guztia ondo ikasia eduki behar du; osterantzean, ez du zentzurik. Oinarriak ederto menperatuz gero, arraunlaria errazago egokitu daiteke edozein entrenatzaileren lan moldera.
Alde horretatik, kluben lehen taldeek jaso ohi dituzte aurrekontuen zati potoloenak.
Bai, batez ere, fitxaketetan oinarritutako politika duten elkarteen kasuan. Horiek lehen taldearen trainerua bizkor mugitzeko potentziadun arraunlariak fitxatzea lehenesten dute, harrobiko gazteekin lan egitearen eta behar horren fruituak progresiboki jasotzearen ordez. Aurrekontuen zati bat formakuntzara bideratuz gero, beharbada urte gehiago behar dira kirol uzta biltzeko, baina oinarri horiek, luzarora begira, sendoak dira, eta taldearen jarraikortasun eta maila etxean bertan bermatzen dira.
“Garrantzitsua da ondo arraun egiten ikastea: fisikoki bonba bat izanda ere, arraunean egoki aritu ezean, bonba horrek ez du sekula leher egingo”
Epe laburreko ikuspuntudun mundua dirudi.
Eta halaxe da. Baina uste dut arrautza denak zorro berean pilatzea ez dela logikoa, ez taldeentzat, ez arraunlari gazteentzat.
Arraunlari gazte bakoitzaren garapena, gainera, oso bestelakoa izango da, ezta?
Norbanako batetik bestera aldea dago. Batzuen gorputza besteena baino lehenago edo beranduago garatzen da, eta modu desberdinean. Beraz, oso garrantzitsua da ondo arraun egiten ikastea: fisikoki bonba bat izanda ere, arraunean egoki aritu ezean, bonba horrek ez du sekula leher egingo.
Gazteen ibilbide akademikoa hauspotzen saiatzen al zara, kiroletik at?
Esangura handia ematen diot horri. Denboraldi hasieran, gurasoei eskatzen diet laguntzeko, nik arraunlari bat egin dezadan; ordainetan, esaten diet ni pertsona zintzo bat itzultzen saiatuko naizela. Arraunlariei beti transmititu ohi diet kirola eta ikasketak guztiz bateragarriak direla, baina guztiari neurria hartuta eta kasu bakoitzari dagokion partikulartasunez helduta. Badira ikasketetan oso traketsak direnak, eta arraunean, aldiz, distiratsuak; horiei, beharbada, esan behar zaie badagoela aukera arreta denbora tarte batez arraunean ipintzeko, eta gero ikasketetara bueltatzeko. Ikasten ez badu, errua ez da inoiz arraunarena: antolakuntza ezarena da. Ikasketen eta entrenamendu eskakizunen artean balantzea bilatzen saiatzen naiz, batez ere, uztartze hori gehien kostatzen zaienekin lan egiterakoan. Bataren eta bestearen artean aukeratzera iritsi orduko, bada erdibideko aukera sorta handi bat ere.
“Pertsonak heztea da kontua eta, kirol arloari dagokionez, arraunlaririk arraunlarienak lortzea”
Entrenatzaileak, ondorioz, asko du irakaslearen figuratik.
Noski. Finean, pertsonak heztea da kontua eta, kirol arloari dagokionez, arraunlaririk arraunlarienak lortzea. Arraunlaririk arraunlarienak ez dira watt gehien mugitzeko gai direnak, behetik gorako bidea modu logikoan eraikitzen dutenak baino, arraunaren inguruan dagoen dena ondo landuta. Argi dago prozesu hori ez dela batere erraza, are gehiago, nire jarreragaz: partaide guztiei den-dena eskatzen diet, batzuetan muturrera eroaten ditut, baina beti asmo onez eta mugak zeintzuk diren jakinda. Errazagoa litzateke Galiziatik edo beste nonbaitetik itzelezko potentziadun gazte bat ekarri, eta arraunei ahal duen gogorren eragiteko eskatzea. Baina hori ez da nire filosofia: nik su txikiko lanean sinesten dut.
Santurtzin egindako bigarren etapa bukatu zenuen iaz, eta zelan bukatu: Eusko Label Ligara igota.
Beheko mailetatik ondo eginiko lanaren ordainsaria da. 2021an goia jo ondoren, 2022an, Santurtziren lantaldea zurtz geratu zen, eta orduantxe sartu nintzen ni ekuazioan. Taldeak ulertu zuen norabide aldaketa egin behar zuela, eta helburuak berrezarri behar zituela. 2021an liga eta Kontxa irabazitako arraunlari bakarrak jarraitu zuen eskifaian; gainontzekoak harrobiko gazteak ziren. Gazte haiek eta jarraian etorritakoek lortu dute goi mailara igoera. Horren arrazoia argia da: aurrekonturik ezean, harrobi lana egiten hasi ginen apurka-apurka, helburuak lortzea epe luzeko kontua zela eta gakoa eraikinaren zutabeak berreraikitzea zetzala ulertuta.
“Oriok harturiko bidea aurretiaz Bermeo-Urdaibaik nahiz Santurtzik hartu zutenaren parekoa da: aldea egiten duten fitxaketen araberako filosofia”
Agurra, behintzat, espero zitekeen eztiena izan da: hala maila igoeragatik, nola egindako lanaren emaitza bertatik bertara ikusteagatik.
Oilo ipurdia jartzen didan zerbait da: ezin harroago nago. KAE1 mailan, Sotera egundoko mailan ibili zen iaz, etxekoei ahalik eta aukera gehien emanez eta edonoren aurka lehiatu dezakeela frogatuz; hamabost banderatik hamar poltsikoratu genituen.
Eta zelan ikusten duzu goi mailako arrauna?
Eusko Label Ligan, beste hainbeste gertatu zen Oriogaz. Kontua da Oriok harturiko bidea aurretiaz Bermeo-Urdaibaik nahiz Santurtzik hartu zutenaren parekoa dela: aldea egiten duten fitxaketen araberako filosofia. 2022tik 2025era artean, ia arraunlari berberek irabazi dituzte lehia nagusiak. Alde horretatik, uste dut Oriok etxekoen alde egiteko aukerak alferrik galdu dituela: errekorren bila ibili ordez, ia ezer jokoan ez zuten estropadetan harrobiko gazteak uretaratzeko parada bikaina izan zuten, baina ez zuten egin.

Argazkia: Musutruk Mundaka.
Bai, ostera, Santurtzik.
Bai. Bilboko estropadan, igoera kanporaketa poltsikoan genuela, eskifaia osoa harrobiko arraunlariz osatu genuen; gainera, bigarrenak izan ginen, egun hartan urte osoko probarik lehiakorrena egin zuen Zumaiaren ostean helmugaratuta. Bestela esanda: harrobiko arraunlariz —tartean, 17 urteko kide bat— osatutako lantaldea urte osoko zuzeneko arerioen aurretik ibili zen. Horrexegatik diot norberak duenaren alde apustu egitea oso osasuntsua dela; baliteke bandera gutxiago irabaztea, baina klubaren etorkizunarentzat onuragarriena da.
“Busturialdeko harrobia sendotu beharra dago, eskualdeko arrauna sustatzen saiatzeko”
Zein izan beharko da Santurtziren egitekoa aurtengo denboraldian?
Eusko Label Ligan bizirautea, harrobiko arraunlariek urrats bat aurrera eginez. Iaz etxeko zortzi arraunlari aritu ziren Sotera-n, eta espero dut oraingo sasoian bederatzi edo gehiago izatea. Etxekoen kalitatea eta kantitatea hauspotzen jarraitu behar du Santurtzik.
Zein irakurketa egiten diozu Busturialdeko arraunaren egungo egoerari?
Busturialdeko harrobia sendotu beharra dago, eskualdeko arrauna sustatzen saiatzeko. Ildo horretatik, iruditzen zait Mundaka, Elantxobe eta Bermeoko arraun taldeak adostasunera iritsi behar direla, hirurak batera behar eginez, eskualdeko arrauna irmoki bultzatzeko.
“Herritarrek urte luzez eginiko norbere lana aintzatestea baino gauza ederragorik ez dago”
Lokarriak bilatu beharra, beraz.
Bai. Kluben arteko zubi lana ezinbestekoa da. Nik arlo horretan lan egiteko eskaintza jaso dut, baina oraindik ezin dut ezer segururik argitu. Lehenik eta behin, nahitaezkoa da hiru aldeek adostasuna eta proiektu komun baten alde aurrera egiteko bermea ziurtatzea.
Musutruk Mundaka kultur elkarteko herrikideek omenaldi berezia egin zizuten Santa Katalinan; zelan gogoratzen duzu ekitaldi hura?
Oso polita izan zen, eta zeharo eskertuta nago. Herritarrek urte luzez eginiko norbere lana aintzatestea baino gauza ederragorik ez dago. Animo eta esker oneko keinu horiek dira, finean, beharrean jarraitzeko eta helburu berriak bilatzeko motibazio iturriak.