Ariatzako eskola eraberritu du Muxikako Udalak
Herritarrak hasi dira Ariatzako eskola berrituta erabiltzen, baina barikuan (urtarrilak 9) inauguratuko dute eskola berritua, Gilkitxaro antzerki konpainiaren eskutik.
Ariatzako antzinako eskolako eraikina eraberritu du Muxikako Udalak. Auzoko bizitza kulturalaren erdigune da eskola, eta denbora zeraman itxita, teilatuaren egoera txarragatik. Hori dela eta, teilatua berritu eta eraikina egungo beharrizanetara egokitzeko eraberritze proiektua garatu du udalak, sei hilabeteko epean, aurreikuspenenak betez. Gabonetarako amaitu zituzten lanak, eta dagoeneko erabiltzen dute eraikina auzotarrek. Hala ere, inaugurazio ekitaldia barikurako (urtarrilak 9) antolatu dute: 19:0oetan Gilkitxaro antzerki konpainiak Alferrak, tunanteak eta maleanteak antzezlana eskainiko du bertan.
Lanen helburu nagusia teilatua konpontzea izan bazen ere, bide batez, barruko antolaketa eguneratu dute: areto nagusia handitu, komunak berritu, zoru guztia aldatu, sistema elektrikoa berritu, hormak margotu eta soinu ekipo berri bat instalatu dute. Horrez gain, teilatu berrian eguzki plakak instalatu dituzte, eraikina auto-hornitzeko.

Hala, auzoarentzako elkargune garrantzitsua izanik, hainbat erabilerarako balioko du eraikinak, hala nola ikastaroak, hitzaldiak, entseguak, batzarrak, ikuskizunak… egiteko. Gainera, eraikina herritarren esku dagoela azaldu dute udal ordezkariek, edonork eskatu ahal izango baitu areto handia zein gela txikia edozein jarduera erabiltzeko giltza Zubieta-Errota udal liburutegian. “Horregatik dagoeneko hasi dira herritarrak bertan entseguak egiten. Gainera, azken urteetan antzerkiak elizan egin behar izan ditugu, eskola zaharra ez delako egoera onean egon, eta Muxikan ez geneukalako horrelako beste aretorik. Orain, obrak eginda, bertan egingo dugu antzerkia”, azaldu dute.
Lan guzti horiek aurrera eroateko udalak 241.811,30 euroko inbertsioa egin du.
Bigarren fasea, aurten.
Ariatzako eskolaren eraikina eraberritu ondoren, bigarren fase batean eraikinaren atzealdeko ingurua urbanizatzea da udalaren helburua, berdegunea atondu eta bertan dagoen labe zaharra balioan jartzeko. Eta hori aurten egitea aurreikusi dute udal arduradunek.
“Eskolaren atzeko aldean erorita dagoen baserri bat dago, eta baserri horren labea oraindik erabiltzen dute auzotarrek, Ariatzako jaietan, Saragiaren hiletaren bezperan; zeremoni antzeko bat egiten dute, eta auzoko zaharrak labera sartzen dira, makailao jana egitera. Leku horrek badauka bere sinbolismoa, eta balioan jarri gura dugu”, azaldu dute udal ordezkariek.

Eta hala egingo dute. Izan ere, labearen teilatua berritu gura dute, eta ingurua balioan jarri. Horretarako, han erorita dagoen baserriaren harri batzuekin horma bat egiteko asmoa dute. Gainera, inguru horretan antzinako gurdi bide bat ere badago, eta hori berreskuratzeko asmoa ere badutela jakinarazi dute, inguru horretan argiteria berria jartzeaz aparte. “Gune berde baten moduan geratuko da ingurua, kanpoko aldea txukunduta”.