Muxika-Gernika bidegorriaren proiektua aurkeztuko du Muxikako Udalak, ekarpenak jasotzeko
Parte hartze saioa deitu du Muxikako Udalak etzirako (urtarrilak 8), 18:00etan, Zubieta-Errotan. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuaren lehen zirriborroak prest ditu, eta horiei herritarren ekarpenak gehitu gura dizkio udalak.
Urte luzez Muxikako udal zein herritarren aldarri eta eskaera izan den Muxika eta Gernika-Lumo lotuko dituen bidegorria gero eta gertuago dago. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko hasi ditu bidegorriaren proiektua erredaktatzeko lanak, eta proiektuaren lehen zirriborroak prest dituzte. Horien arabera, bidegorri berriak Muxika eta Gernika-Lumo lotuko ditu oinezko eta bizikletentzako ibilbideagaz, eta aldundiaren proiektuak bi aukera aurkezten ditu bi udalerriak lotzeko: bata, BI-635 errepide nagusitik Arane industria gune paretik; eta bestea, Amona auzotik, basoa zeharkatuta, Maier lantegiko biribilguneraino.
Udalak dagoeneko adierazi du lehen aukera hobesten duela, eta hala jakinaraziko dio aldundiari, herritarrek egin nahi dituzten alegazioekin batera. Horretarako, udalak proiektuaren aurkezpen publikoa eta parte hartze saioa egingo ditu udal teknikariekin batera, etzi (urtarrilak 8), 18:00etan, Zubieta-Errota udal liburutegian. Bertan, herritarrek proiektua ezagutuko dute, aurreproiektuko planoak modu parte hartzailean aztertuko dituzte, eta herritarrek planteatzen dituzten iradokizun edo hobekuntzak jasoko dituzte udal ordezkariek, euren alegazioekin batera horiek aldundiari aurkezteko.
“Urtarrilaren 30erako aurkeztu behar ditugu alegazioak, eta garrantzitsua da herritarren parte hartzea, denoi eragingo digun proiektua delako honakoa”, azaldu dute udal arduradunek. Uste dute bai erabiliko dutenek, bai bertan bizi direnek proiektuarekiko ekarpenak egiteko ahotsa izatea garrantzitsua dela, eta parte hartzeko eskatu diete. “Azken finean, ez da udalak egingo duen proiektu bat, aldundiak egingo baitu: aldundiak erabakiko du diseinua, ejekuzioa eta finantzazioa, baina alegazioetan gure iritzia eman dezakegu, eta kasu egiten badigute, ederto”, gehitu dute.
Proiektuak 16.000.000 euro inguruko inbertsioa egitea aurreikusten du, eta obren kostua Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko luke osorik, kontuan izanda Bizkaiko 2025eko foru aurrekontuak onartzeko negoziazioetan EH Bilduk eta aldundiak Muxika-Gernika bidegorriarentzako diru partida onartzeko akordioa sinatu zutela. Foru aldundiak, gainera, gauzatzen ari den Busturialdeko Plan Estrategikoaren baitan sartu du bidegorri honen proiektua eta beraz, egitasmoa aurrera eramateko borondatea dagoela agerian geratu dela uste dute Muxikako Udaleko ordezkariek.
Ibilbideak.
Guztira, bidegorri berriak 2,8 kilometroko ibilbidea osatuko du, BI-2121 eta BI-635 errepideetan zehar. Bidegorri berriaren ibilbideari dagokionez, lehenengo aukerako trazatuari begiratuta, gaur egungo Ugarte-Kurtzero bidegorria amaitzen den puntuan hasiko litzateke, Alai Begirako espaloiaren parean. Handik Kurtzeroraino egingo luke, Galtzada paretik bidegurutzeraino eta ondoren Gernika-Lumoko Lurgorri auzoraino helduko litzateke, Arane industriagunea eta gasolindegia pasatuta.
Gainera, ibilbide horri beste ibilbide gehigarri bat gehitu behar zaio: Urretxindorra eskolara doan aldapatik pasarela bat eraikiko litzateke Amona auzoraino, errepidearen eta trenbidearen gainetik igarota Burnigai lantegiaren pareraino. Modu horretan, Amona auzoko bizilagunek ere oinez zein bizikletaz Kurtzerora edota Gernikara modu seguruan joan ahalko dira.
“Bi trazatu horiek proposatu dituzte aldunditik, baina ez dago argi biak edo bakarra egingo duten; hori, aurrekontuaren araberakoa izango da”, esan dute udal ordezkariek. Edonola ere, beraiek, badaezpada bi ibilbideentzako alegazioak prestatuko dituzte: “Aukera dago biak aurrera eroateko, baina bat egitekotan, errepidetik joango litzatekeena egingo lukete”.