Euskal tradizioa eta sormena musikatuz
Ttakuntxo Txalaparta Taldea "loratze prozesu batean" murgilduta dago, behin egindako bideari eutsi nahian. Aldiroko herriaren erantzun ona ikusirik, Bermeon taldeak berriz ere indarra hartzea aurreikusten du Mikel Etxebarria taldeko irakasleak. Taldeko kideek "gogo handiz" bizi dute euren zaletasuna.
Ttakuntxo Txalaparta Taldeko kideetako batzuk.Ttakuntxo Txalaparta Taldea Herrietako plazetan edo beste edozein espaziotan jotzen dutenean, oihartzunak ez du bakarrik egurra jotzen: herri osoaren bihotza astintzen du. Txalapartaren doinu irregular eta biziek airea betetzen dute, eta jendea isildu egiten da, erritmoaren arteko isiltasunak ere zerbait kontatuko balu bezala. Horrela aritzen da Bermeoko Ttakuntxo txalaparta talde amateurra, tradizioa, adiskidetasuna eta sormena uztartzeko etengabeko ariketan murgilduta.
Txalaparta musika tresna bat izatetik harago doa, alegia: elkarrizketa da, entzutea eta erantzutea, lagun arteko konplizitatea. Eta hori ondo dakite talde horretako kideek, entseguetan zein emanaldi bakoitzean, erritmoaren bidez elkar ulertzen baitira, hitzik gabe. Ezer esan gabe. Egungo taldeko irakasle Mikel Etxebarriak beraien ibilbidearen eta ametsen errepasoa egin du, txalapartak taldekide guztien bizitzetan daukan zentzua ezagutarazteko.
Duela urteak sortu zuten taldea, baina horren hastapenak “ez daude argi”. Hori bai, 2013an bi pertsonen gidaritzapean funtzionatzen zuen, “euskal kultura sustatzeko” helburuari segika. Taldeak gaur egun duen itxura hartzea nahi zuten orduan, eta Etxebarriak euren erreleboa hartu zuen, “zenbait gorabeheraren ostean”.
Uste dute oraindik ere taldea “nahikoa apartatuta” dagoela, eta ez duela jende askok ezagutzen. Ikusgarritasunik ez duela, alegia. Baina, “loratze prozesu batean” murgilduta daudela jakin badakite, eta beraz, “pozik” daude.
Izan ere, hasieran “ia 30 partaide” izatera heldu zirela azaldu du Etxebarriak, baina COVID-19ak eragin nabarmena izan zuen: “Bide oso
onean zihoan taldea. Gero eta gehiago ginen, baina gutxika, batzuek utzi egin zuten taldea, eta berrogeialdiarekin batera, Ttakuntxo ez atzera ez aurrera gelditu zen, guztiz”.
Orain, ordea, behin egindako bideari eutsi nahian dabil taldea, edo behintzat, euren gogoa eta txalapartarekiko miresmena gainontzekoei erakutsi nahian.
Ttakun(txo)
Ttakun txalaparta golpe mota bat da, ze, golpe hori ematean, soinu hori ateratzen da: ttakun. Ttakuntxo da, ordea, talde bermeotarraren izena: “Ez gatoz ezer erreboluzionatzeko asmoz. Gure umiltasunetik gure gogoa erakutsi besterik ez dugu nahi. Talde amateur bat gara, horregatik dugu, besteak beste, -txo hori taldearen izenean, hainbeste errepresentatzen gaituen txikitasuna presente izateko”.
Gaur egun “hamaika partaide inguruk” osatzen dute taldea, eta Etxebarria bera da klaseak ematen dituena. Han eta hemen aritzen dira, ekitaldi desberdinetan kulturaren garrantzia erakutsiz, eta horietan guztietan jendearen erantzuna “oso ona” izaten dela gogoratu du irakasleak: “Garai batean izandako arrakasta berreskuratu nahi dugu, eta jendearen harrera eta interesa ikusita, oso posible ikusten dugu.
Euskal tradizioaren berebiziko ezaugarria da txalaparta, eta horren hastapenak gogoratu ditu: “Historian zehar dauden idazkiek diotenez, antzinako sagardotegietan sagardoa prest zegoela adierazteko erabiltzen zen soinua da txalaparta”. Ordutik, “sozialki eta kulturalki oso errotuta” dago euskal musika tresna bezala.
Gauzak horrela, beraien mailak uzten dieten ekitaldi guztietan izateko prest agertu da taldea, eta inguruko kultur eragile desberdinekin elkarlanean aritzearen garrantzia nabarmendu du irakasleak: “Alkartasunan, Kankinkabaran eta abar egonda nago, eta horrek beste talde asko ezagutzeko aukera eman dit, eta talde txikiok elkarren beharra dugula ikustekoa. Elkarrekin lan eginda, indartsuagoak garela berrestekoa”.
Taldea “gogotsu” dago. Eta, gogo hori han eta hemen erakutsi nahi dute. Beste batzuekiko “oso desberdina” den musika tresna izanik, “hortik tiraka” sortu nahi du oinarridun talde bat Etxebarriak.
Talde lanaren funtsa
Desberdinak direla aipatuta, desberdin egiten dituzten arrazoiak ere aipatu behar dira, zelan ez: binaka jotzen den musika tresna da, eta horrek, taldekideen iritziz, “alde on eta txarrak” ditu. Talde-lana “berebizikoa” dela azpimarratu du Etxebarriak: “Ondokoa ezagutu behar da. Geroz eta gehiago ezagutu, orduan eta hobeto entzungo da ateratako soinua”.
Buruan helburu anitz eta aurrean txalaparta izanik, beraz, gainontzekoei horrekiko maitasun eta miresmena erakusteko ariketaren baitan dihardu Etxebarriak, Ttakuntxo Txalaparta Taldea euskal tradizioz zein sormenez soinutuz. Berpiztuz.