Foruko Herriko Taberna
2023az geroztik herrian topaleku bat izatearen beharrizana ase du Foruko Tabernak. Herritarren «harrera ona» azpimarratu, eta "kalitatezko produktuen" erabilera lehen lerroan jartzen dute etengabe, egunez eguneko zerbitzua eskainiz.
Foruko Taberna hiru bazkiderena da, eta hirurak aurretiaz Eako Eskolondoko tabernan arituak dira. Haren lerro berbera jarraituz, Gernika-Lumorantz hurbiltzeko ideia zuten buruan, eta horrelaxe egin zuten: bertoko produktuak eta euren sukaldea erabiliz, Foruko bihotzean kokatuta daude gaur egun.
Hainbeste urtetan Forua herriko tabernarik barik egon izan da, eta horren beharrizan handia nabaria zen herrian. Astean zehar, eta batez ere asteburuetan herritarrak biltzeko espazio baten falta zegoen, eta Foruko Tabernak hori ase egin du. Izan ere, herriak, orain, “beste giro bat” dauka, giro gehiago, bizitasun gehiago.
Foruarrez harago, Gernika-Lumoko, Mundakako zein Bermeoko herritarrak ere hurbiltzen dira herrigunera, besteak beste. Nabarmendu dutenez, martxan jarri zirenetik, “erantzun oso ona” izan du tabernak: “Hasi ginen unetik jende askogaz gabiltza. Jende hori, gainera, pozik dago. Asteburuetan, batez ere, gainezka egoten da taberna”. Kalitatezko produktua bermatzen du Foruko Tabernak. “Dena freskoa eta bertokoa” da, hain zuzen. Plater asko eta askotarikoak eskaintzen dituzten arren, arrainak eta entsaladak dira euren espezialitateak, esan dutenez, berezitasunari tiraka kozinatzen baitituzte.
Zerbitzu anitz.
Egunerokoan karta zerbitzua eskaintzen du tabernak, eta bariku eta zapatu gauetan aparteko janaria ere eskaintzen dute: Angusen 200 gramoko hanburgesak, brioche-opilagaz. “Udan gauero eskaintzen dugu hanburgesen aukera, baina neguan asteburuetan baino ez”, gaineratu dute.
Ekitaldi bereziak ere ospatzen dituzte; esaterako, ezkontzak eta urtebetetzeak ospatu izan dituzte sarri, eta tankera horretako ekitaldiak ospatzeko lekua badaukatela azpimarratu dute.
Urte guztian dago zabalik Foruko Taberna, azaroan eta otsailean jai hartzen dituzten aste biak izan ezik. Martitzenetik eguenetara, 10:00etatik 21:00etara bitartean eskaintzen dute zerbitzua; asteburuetan, aldiz, 00:00ak arte dago zabalik. Kalitatea azpimarratuz eta bertokoari garrantzia emanez egiten dute lan egunez egun.
DANTZARIEN PLAZA, 2 · FORUA
94-497 21 67
instagram: @FORUKOTABERNA
Onddo eta otarrainxkaz betetako hostorea, amerikar saltsarekin

Osagaiak:
Tipula
Azenarioa
Otarrainxka-buruak
Arrain-salda
Tomatea
Onddoak
Irina
Esnea
Xabier Ormaetxea, Mikel Corrales eta Aitor Bilbao sukaldarien errezeta, pausoz pauso:
Foruko Tabernako plater sortaren barruan, ohikoenetarikoa da onddo eta otarrainxkaz betetako hostorea, beti ere, amerikar saltsarekin apainduz. Keinu txikiena zainduta eraikitzen dute plater hau, eta emaitza horren isla da. Plater hau burutzeko, baina, bi errezeta kozinatu behar dira: alde batetik, hostorearen barnealdea, eta beste aldetik, saltsa bera.
Saltsarekin hasiz, tipula eta azenarioa sueztitu behar dira lehenik. Behin hori eginda, dugun tomatearekin nahastu eta otarrainxka-buruak uztartu behar dira horretan. Leun-leun denboratxo bat mantendu behar da horrela, otarrainxka-buruek euren baitako likidoa askatzen duten arte. Hori lortuta, arrain-saldarekin nahastu, eta hori guztia birrinduz gero, Foruko Tabernako kideentzat hain ohikoa den amerikar saltsa paregabea ateratzen da.
Hostorearen barrualdea egiteko, saltsaren errezetaren hasiera berbera burutu behar da: hau da, kipula eta azenarioa sueztitu. Ondoren, onddoekin nahastu behar da aurretiaz sueztitutakoa. Behin onddoak eginda, irina eta esnea bota behar zaizkio, bexamel antzerako bat sortzeko. Bexamel horri, gero, langostinoak sartu behar zaizkio, eta amaitzeko, dena nahastu.
Kozinatutako bexamel hori hostore barruan sartzen dute Foruko Tabernan, eta platerera ateratzerakoan, hostoreen azpian saltsa kokatu, zaporeaz zein itxuraz gozatzeko.