Opor aurreko topaketan bilduko dira berbalagunak
Urtea amaitzear dagoen horretan, Bermeoko Berbalagunek oporrak hartuko dituztela jakinarazi dute. Hala, urtarrilaren 7ra arte egingo dute etena. Baina, urteari amaiera emateko, “opor aurreko topaketa” egingo dute, barikuan: 14:30ean jarri dute hitzordua Bermeoko Izokin tabernan, denak bildu eta Kafe Antzokian eguneko menua jateko asmoz.
Bazkalostean ere elkartuko dira, gainera, ze, esan dute 18:30ean portuan geldituko direla, “bazkaltzera joan ezin direnak hurbildu ahal izateko”. Gauzak horrela, “eguerdi eta arratsalde osoan” euskaraz berba egiteko aukera bermatuko dute, beraz, berbalagunek. Antolatzaileek jakinarazi dute izena ematea beharrezkoa izango dela, eta 607 60 95 80 zenbakia ahalbidetu dute horretarako: “Eman izena eta etorri, euskara zu zara!”.