San Nikolas jaiez gozatzeko prest daude
Abenduaren heldueragaz batera, elantxobetarrentzat jai bereziak ere ailegatu dira. Egun osoko egitaraua prestatu dute San Nikolas jaien baitan; besteak beste, III. Igoera Herrikoien Liga goizean lehiatuko duten Kaltzadan Gora proban erabakiko da.
Elantxobetarrak San Nikolas jaiak ospatzeko bilduko dira, urtero bezala. Zapatuan [abenduak 6], San Nikolas egunez, goi-goitik girotuko dute herria, hain zuzen ere. Ez da jan-edanik, kirolik eta jai girorik faltako; izan ere, Elantxobeko Udalak egun osoko egitaraua prestatu du, aldundiaren laguntzagaz.
Eguna Kaltzadan Gora lasterketa herrikoiagaz hasiko dute, urteroko tradizioari segika. Lehenik eta behin, umeen txanda izango da: Kaltzadan Gora Txiki proba lehiatuko dute. 10:30ean, Nikola Deuna plazatik aterako dira, 300 metroko ibilbidea aurretik izango dutelarik. Amaieran, gainera, zain edukiko dituzte txokolate beroa eta mokadua, indarrak berritzeko.
11:00etan iritsiko da, ostera, nagusien txanda. III. Igoera Herrikoien Ligaren azken geltokia izango da Elantxobe; aurreko urteetan ere liga bertan amaitu izan dute, eta aurten ere bertan erabakiko dira ligaren irabazleak.
Goi-mailako proba izango dute korrikalariek aurrean; lasterketak gogortasun esanguratsua dauka. Portutik abiatuko da eta Bermokiz auzoraino joango dira, herrigunea zeharkatuz. Ibilbideak 1,3 kilometroko luzera eta 220 metroko desnibel metatua ditu, eta parte hartzaileak banaka aterako dira, erlojuaren kontrako lehian. Parte hartu nahi duenak irteeran bertan izena eman beharko du, 10:00ak baino lehen, 5 euroren truke.
Guztientzako jaiak. Kirolaz gain, beste hainbat motatako ekintzak ere uztartuko dituzte; herritarrek hamaiketakoaz eta trikitilarien jai giroaz gozatuko dute meza ostean, Elizabarrin. Arratsaldea ere oparoa izango da, eskaintza zabala prestatu baitute. Tor Magoak ikuskizuna eskainiko du kultur etxean, eta txokolatea ere banatuko dute.
Iluntzea, aldiz, musikak girotuko du; Jaire erromeria taldekoak ariko dira Elizabarrin. Euria eginez gero, Tinglaupera mugituko direla jakinarazi dute antolatzaileek.
EGITARAUA:
10:30: Kaltzadan Gora Txiki lasterketaren irteera.
11:00: Kaltzadan Gora lasterketaren irteera.
12:00: Meza santua.
Ondoren: Herritarrentzako hamaiketakoa eta trikitilarien saioa.
18:00: Tor Magoa, kultur etxean.
21:00: Jaire erromeria taldea, Elizabarrin.