Gabon Azoka bermeotarra: hamaika jardueraz betetako gabonen hasiera
Gabonak girotzeko, asteburuan hasi eta urtarrilera bitartean hamaika ekintza aurreikusi ditu Bermeoko Udalak, herriko talde desberdinen laguntzagaz. "Egitarau zabala" izango dute herritarrek eskura; Gabon Azoka Bermeotarragaz hasiko da, asteburu honetan.
Bermeotarrek jarduera anitzez beteko dituzte Gabon egunak. Hala, asteburuan hasi eta urtarrilera bitartean egiteko hamaika ekintza aurreikusi dituzte, musika, kirola eta kultura uztartuz. Hirugarrenez, Gabon Azoka Bermeotarra izango da prestatutako egitarauari hasiera emango diona. Bermeoko Udalak eta Berton merkatari elkarteak elkarlanean antolatutako azoka zapatuan eta domekan ospatuko dute, Artza frontoian.
Herriko merkatarien produktu eta lanari «balioa emateko» helburuagaz antolatu dute azoka, Endika Etxebarria zinegotziak azaldu duenez: «Gure merkatarien lanari balioa eman gura diogu, gure merkataritza indartu». Iaz hasitako bideari jarraipena ematen ari direla eta Gabon azoka urtero ospatzea «ohitura bihurtu» nahi dutela gogoratu du.
Bermeoko merkatariz osatutako azoka izango dela nabarmendu dute: «Herriko sektore desberdinetako komertzioak eta zerbitzuak egongo dira aukeran». Goiz eta arratsaldez egongo da zabalik azoka, halaber, 10:30etik 15:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara bitartean. Gastroguneak, baina, ez du etenik izango: «Frontoiaren kanpoaldean kokatuko da gastrogunea, jatekoarekin eta edatekoarekin. Gainera, ordutegia 10:30etik 22:00etarakoa izango da, etenik barik». Hori gutxi balitz, azokari «giro polita» eman nahi diote, eta horretarako, musika, Ross Dantza Eskolakoen emanaldia, eta jolasak prestatu dituzte, besteak beste.
Herritarrak eta merkatariak batuko dituen azoka izatea nahi dutela gaineratu du Etxebarriak. «Herritarren parte hartzea sustatu», nahi dute, eta herritarrei azokara hurbiltzeko deia luzatu diete udal ordezkariek: «Gabonetako Azokak magiaz eta jai giroz beteko du frontoia eta ingurua. Herritarrek kuxkuxeatzea, erostea eta gozatzea nahi dugu».
Horrez gain, eta udalerriko merkataritzaren ildoari tiraka, Bermeoko Udalak, Gabonetarako «herriko merkataritza babesteko» ekimen berria martxan jarri duela jakinarazi du. Helburu dute «herriko komertzioei bateratzeko eta elkarlanean aritzeko aukera ematea, beti ere, Gabon giro «berezia» mantenduz. Horretarako, eta herriko merkataritzaren garrantzia sustatzeko, komertzioen kanpoaldeak apainduko dituzte. «Egurrezko xafletan, ‘Kalitatezkoa, Hurrekoa, Geurea, Konfiantzazkoa, Bertokoa eta Herrirako’ eta antzeko hitzak jarriko dira, eta loreak eta argiak ere erabiliko dira apaingarri gisa», azaldu dute. 50 komertzio baino gehiagok izena eman dute, eta komertzio bakoitzak «bere estiloan apaingarriak antolatu» ahal izango dituela zehaztu dute. Gainera, apaingarri horiek sortzeko, tailer bat antolatu dute.
«Bizitzaren alde». Udal ordezkarien iritziz, Bermeon erosteak herriaren etorkizunaren eta bizitzaren alde egitea esan nahi du: «Merkataritza hurbila identitatearen eta kohesio sozialaren motorra da, eta herriaren esentzia bizirik mantentzen laguntzen du. Gainera, elkar zaintzeko modu bat da, eta horregatik gonbidatzen ditugu herritarrak bertako produktuak konfiantzaz erostera».
Baina, merkataritzatik haratago doan Gabonaldia girotuko duen «egitarau zabala» ere prestatu du Bermeoko Udalak, herriko eragile eta taldeen laguntzagaz; ekintza guztiak abenduko Bermeon Zer-en ikusgai daude. Kirola, kontzertuak eta ikuskizunak nagusituko dira hilabetez herrian, eta udal ordezkariek azpimarratu dute herriko taldeen lana «behar-beharrezkoa» izan dela. Nadia Nemeh Bermeoko alkateak herritarrak animatu ditu egitarau zabaleko ekintzetan parte hartzera, eta Bermeok eskaintzen dituen hamaika berritasunez gozatzera.
Beste hainbaten artean, urtez urteko hitzordua mantenduko dute: San Silvestre lasterketa solidarioa. Abenduaren 28an izango da, eta Eutsi Gogor Danok Batera elkartekoek aurreratu dute lehenengo dortsala Xilili Gimnastika taldeak eramango duela aurten.
Bi ibilbide izango dituzte parte hartzaileek eskura: kilometro bateko lau buelta beregain hartuko duen ibilbide luzea, eta 500 metroko ibilbide laburra. Antolatzaileek esan dute dortsalak Intersport dendan salgai daudela, 3 eurotan eta egunean bertan Lameran erosi ahalko direla.