Errege Kopan noraino iritsi daitezkeen jakin guran
Gernika Rugby Taldeak Cisnerosen kontra jokatuko du, zapatuan [abenduak 6], Errege Kopako partidua.
Argazkia: Pedro Urrutxua. Gernika Rugby Taldeak Club de Rugby Complutense Cisnerosen aurka Errege Kopako partidua jokatuko du zapatu honetan [abenduak 6], Madrilen. UE Santboianaren eta Valentziaren aurka garaipena bana poltsikoratu ondoren, lehen kolpera kirol helburu nagusienetako bat ez zena “jomuga interesgarri” bihurtu da basurdeentzat, taldetik azaldu dutenez: “Ligan fokua ipinita, Errege Kopa bestelako ikusmolde bategaz abiatu genuen, presio gutxiagogaz eta gehiegi larritu barik; edozelan ere, emaitzek erakutsi dute puntu lehiakorrean gaudela, eta, beraz, txapelketan aurrera egiteko eta noraino ailegatu gintezkeen jakiteko irrikaz gaude”.

Argazkia: Pedro Urrutxua.
Lehiaketaren lehen fasea biribiltzeko, Cisneros eta CRC Pozuelo Rugby taldeen kontra jokatu beharko dute gernika-lumotarrek. Orduantxe jakingo dute finalaurrekoetara sailkatzerik luketen ala ez: “Sailkapena lortzea oso gaitza da, baina ez ezinezkoa; multzoko lehenengo taldea besterik ez da sailkatuko eta, hortaz, jokatzeko ditugun bi hitzorduetan irabaztera zelairatu beharko gara. Cisneros goi mailako partidua da, eta haiei irabaztea zaila; hori bai, partidu hori galduz baina Pozueloren kontrakoa irabazita, oraindik aukerak genituzke eta matematiketara jo beharko genuke”.

Argazkia: Pedro Urrutxua.
Asteburu honetako arerioari dagokionez, azken urteetan “indartu” egin dela argitu dute: “Erasoa zen lehen beraien ahulgune nagusia; gaur egun, baina, lantalde oso egituratua, serioa eta lehiakorra dute zentzu guztietan”. Horri aurre egiteko, joko “ausarta baina antolatua” izan beharko dute. “Zenbait jokalari min hartuta edo lesioetatik irten guran daude, baina oro har lantaldea lehiarako prest eta azken garaipenek sorturiko motibazio handiz dago”, azaldu dute Gernika RT-tik.

Argazkia: Pedro Urrutxua.
Finalerdiak “oraindik urrun” ikusten dituzten arren, amestea libre da, eta amesten hasiak daude honezkero: “Finalaurrekoen fasera iritsiz gero, seguru asko etxean jokatzea tokatuko litzaiguke; hala balitz, errugbi jai handi bat antolatzea daukagu buruan, Urbietako zaleekin bat eginda jokatzeko eta partidu hori hitzordu ahaztezin bihurtzeko”.