Negü Gastrotxokoa
Ostatu eta sukaldaritza eskaintzak bateratuta eta modu ahaztezinean plazaratzea da Neguetxearen ardatza. Bere espazio gastronomikoak esperientzia pertsonalizatu eta desberdinak dauzka, sukaldaritzaz modu intimoan eta berezian gozatzeko prestatuak.
Kalitatea bermatzea, gainontzeko guztiaren gainetik. Horixe da Neguetxea Boutique Guest Houseren helburu nagusia. Gernika eta Lumo bitarteko San Pedro auzoan kokatuta, bezero edo bisitariak behar duen guztia topatuko du, agertokirik atseginenean.
Zazpi logela bereziz osatuta dago guest house hau, bakoitza bisitariak esperientzia ahaztezina bizitzeko behar dituen ekipamendu, erraztasun eta baliabide denekin. Ostatu eredu horregaz batera, sukaldaritza esperientzia bakarra eskaintza ere jomuga du Neguetxeak. Hain zuzen, Negü Gastrotxokoa bertako espaziorik berezienetakoa da; sukaldaritza plano intimo eta berezi batera eroaten dute, eta esperientzia pertsonalizatuez gozatzeko aukera dago.
Inguruko ekoizleen produktu sorta da bertan kozinatzen diren jakien funtsezko oinarria. Eskualdeko ekoizleekin behar egiten dute, kalitaterik goreneko eta sasoiko produktuekin. Sukaldaritza ereduari dagokionez, tokiko tradiziozko errezeten berri dute, baina ez dira horretara mugatzen: sukaldaritza italiarraren edota perutarraren keinuak topatuko ditu mahaikideak; hori guztia Urdaibaiko txakolin bategaz maridaturik.
Lurra eta sukaldea, esku-eskutik.
Neguetxeako eskaintzak eta Urdaibai Biosfera Erreserbak badute amankomunean filosofia bat, zenbait zutabe barnebiltzen dituena. Batetik, Herria oso presente dago: bertoko tradizioaren zein kulturaren lekuko fidelak diren lehen plater edo hasierakoak. Bestetik, Marisma: Urdaibairen bihotz naturala. Horiez gain, Itsasoa eta Mendia ere oso agerian dituzte. Ez hori bakarrik: Ondareari ere ateak zabaltzen dizkion sukaldaritza eredua da Negü Gastrotxokoan darabiltena.
Edozeini doitutako esperientziak dituzte, keinu txikienak zainduta. Gainera, herritarrak urte osoan gastronomiaren inguruan elkartzeko, egutegi oparoa antolatzen dute, otsail eta martxoko Beer & Burger, uztail eta abuztuko Music & Food edo urri eta azaroko Gastro Fest ekimenekin.
Ezkontza, kintada, urtebetetze edo bikote, familia zein lagunarteko otorduetarako espazio egokiena da. Eskuak zabalik hartuko dute bertaratzen den oro. Eguaztenetik zapatura, 17:00etatik 23:00etara arteko ordutegia dute, erreserbetarako. Erreserba horiei esker lortzen dute kalitate gorena. Neguetxeako taldeak bisitariei “nork bere esperientzia sortzeko” deia egiten die.
Kontaktua:
San Pedro auzoa, 34 · Gernika-Lumo
677 83 25 57
Instagram: @neguetxea_noverek
Webgunea: https://neguetxea.com/
LinkeDIN: Noverek Events S.L.

Negü entsalada: tomatea, burrata eta plantxara eginiko muxika, pesto eta sandiadun oinarriagaz
Negü Gastrotxokoko plater sortaren barruan, uda sasoiko ohikoenetako bat Negü entsalada da. Keinu txikiena zainduta eraikitzen dute plater hau, eta emaitza horren isla da: entsalada hotza da, krematsua, hainbat zapore ezkontzen dituena. Errezeta bertako produktuz osatua dago, ekoizle eta mahaikideekiko errespetuz.
Osagaiak:
- Muxika
- Gereziak
- Errukula
- Burrata
- Gatza
- Piperbeltza
- Mostaza
- Ezti pikantea
- Oliba olioa
- 50 gramo albaka fresko
- Berakatz hagin bat
- 30 gramo pinazi
- 40 gramo birrindutako parmesano gazta
- Ozpina
- Pepinoa
- Kipula
Arkaitz Arostegi sukaldariaren errezeta, pausoz pauso.
Pestoa kozinatu behar da lehenik. Berakatza pinaziekin txikitu behar da. Albaka gatz apur bategaz gehitu behar da, ostean. Nahasteak kolore berdea mantendu dezan, gora-behera eginez birrindu behar da. Jarraian, parmesano gazta gehitu behar zaio; gero, oliba olioa. Azken hori apurka gehitu behar da, testura krematsua lortu arte. Pestoa biribiltzeko, gatz, olio eta gazta neurrian daudela ziurtatu behar da.
Ongailua prestatu behar da gero: mostaza, ezti pikantea eta oliba olioa nahasi behar dira, emultsionatu arte. Ostean, muxikak plantxatik pasatu behar dira, gero aurretiaz prestatutako ongailuan muxika zatiak, hezur gabeko gereziak, errukula orriak eta gatz pixka bat gehitzeko; dena ondo nahastu behar da.
Gazpatxo oinarria egiteko, irabiagailuan tomatea, sandia, pepinoa, kipula, ozpina, gatza eta oliba olioa nahasi behar dira, eta krema fin bihurtu arte irabiatu; horrek platerraren oinarria osatuko du.
Aurkezpena.
Gazpatxo horren gainean, metalezko uztai batek lagunduta, errukula eta fruta nahastea muntatu behar da. Amaitzeko, konposizio erdian burrata oso bat ipini behar da, eta pestoz busti.