"Familiako tradizioa berritzea da nire ahalegina"
Bertoko produktua, osasuntsua, freskoa, mimoz tratatutako kalitatezko produktua eskaintzen dute Lapikote Baserrian. 1986an hasi eta belaunaldi transmisioa bermatuta, tokikoaren garrantzia azpimarratu du Bilbaok.
Nekazaritza bizitzeko modu bezala ulertzen dute Lapikote Baserrian. 1986tik baserriko produktuekin lan egiten dute, eskuz esku, belaunaldiz belaunaldi, bizitzeko modu baten transmisioa bermatuz. Bertoko produktua eskaintzen dute, osasuntsua, freskoa, lehenengo egunetik azkenengora arte mimoz landutakoa; izan ere, zaintzen dena loratu egiten dela uste dute.
Familiako tradizioa da Lapikote Baserrian ezagutzen dutena, 35 urte baino gehiagoz ari baitira lurra eta ortua lantzen. Habitat horretan jaio zen Arkaitz Bilbao, eta bertan ereiten du etorkizuneko nekazaritza, bere gurasoek egin zuten bidea eguneratzea eta berritzea baita bere asmoa: «Familiako tradiziotik hartu dudana berritzea da nire ahalegina. Nire gurasoak berotegi batekin hasi ziren, eta apurka-apurka hori zabaltzen eta produktu gehiago sartzen joan gara».
Bilbaok hasieratik argi izan zuen familiako negozioagaz jarraitu gura zuela, Derioko nekazari-eskolara joan baitzen ikastera. «Ofizioagaz jarraitu gura nuen, eta hori ikasi nuen. Hala ere, etxean ikasi dut gehien, aurrekoei zelan lan egiten duten ikusita eta eurekaz batera pausoak emanda. Hori da ikasketarik onena», dio ekoizleak.
Ibilbide luzeko enpresa da; izan ere Bilbaok dio bere aitite eta amama ere nekazaritzara dedikatzen zirela: «Gu baserrian bizi izan gara beti, gure gurasoak ere bai, eta euren aurretik, aitite eta amama ere nekazaritzara dedikatzen ziren. Hori bai, antzina desberdina zen. Lehen aitite eta amama Gernikako plazara joaten ziren astoan, eta bertan saltzen zuten. Gero, amak eta aitak plazara joateko tradizioagaz jarraitu zuten, baina dendak jarri zituzten».
Belaunaldiz belaunaldi zenbait kontu aldatzen joan dira, eta berak negutegi gehiago jarri ditu, eta, ondorioz, «bezero desberdinak» ere baditu. Izan ere, orain supermerkatuekin lanean hasi dira. Adierazi du Gernikako plazan «gero eta jende gutxiago» dagoela, eta amak bertara joateari uzten dionean, zail ikusten dutela bertan jarraitzea. «Ondorioz, supermerkatuekin apur-apurka lanean hasi gara, eta Baserritik Gernikara proiektuan ere jarraitzen dugu. Etorkizunera begira, gainera, eskolekin lanean hasteko asmoa dugu, bertoko txikienek bertoko produktua jateko», dio ekoizleak. Hala ere, oraindik azoketan egoten dira, Gernikara, Bermeora, Zornotzara, eta Laudiora joaten baitira. Eta, dendak ere badituzte, Gernikan eta Bermeon, eta lorategia, Muruetan.
Euren produktuak bertokoak, sasoikoak eta freskoak dira, eta denetarik dute. Ortuariak, frutak, loreak… «Loreak Muruetan ditugu, eta barazkiak Kortezubin ekoizten ditugu. Hala ere, dena da bat, dena da Lapikote». Orain, neguko ekoizpenagaz ari dira lanean: letxugak, porruak, zerbak, kalabazak eta azak dituzte.
Lapikote baserria da Baserritik Gernikarako ekoizlerik handiena. Salmentan arreta jartzeaz aparte, eskualdeko baserritarrak batzearen garrantziaz jabetu eta proiektuan sinetsi zuten hasieratik. Izan ere, proiektuan argi dute euren eskualdeak bertokoa jango badu, ekoizle txiki eta handien beharra duela. «Dabid Zelaiaren deia jaso nuen, proiektua azaldu zidan, eta itzela iruditu zitzaidan. Horrelako proiektuak eskualdean izatea garrantzitsua da, gure lanari balioa ematen dielako. Gainera, modernizatu egin behar da, eta jendeari gure produktuak etxera eroatea oso ona da, beste formatu bat eskaintzen duelako, dendan edo plazan saltzeaz gain», azaldu du Bilbaok.
Hala ere, proiektuaren garrantzia azpimarratu du, beste ekoizleekin harremanetan jartzeko aukera dela esanda: «Gure produktua ezagutzera emateaz aparte, beste ekoizle batzuekin harremanetan egoteko ere balio du, sektoreko jendea ezagutzeko, bakoitzak zer daukan jakiteko eta hartu-emanetarako kontaktua izateko». Hori horrela, elkarregaz, aukera «erreal eta berezia» sortzeko lanean ari dira, tokikoa bermatuz, naturarekiko errespetua sustatuz, eta kalitateko produktuak etxeetara eroanez.
Hain zuzen ere, lehenengo sektorean egiten den lanari zabalkundea emateko, sare sozialak ere erabiltzen dituzte Lapikotekoek: «Gure lana ikusarazteko balio du, jendeari erakusteko zer eta nola lantzen dugun. Gaur egun, mundu guztia dago sareetan, eta guk ere hor egon behar dugu. Gainera, bertokoa kontsumitzeko garrantzia pizteko balio du, jendeak ikusteko zer dagoen, zer den sasoikoa, nondik datorren, zelan egiten den…».
Eta, zeregin horri jarraituz, eskualdeko eskoletako ikasleen bisita era jasotzen dute: San Fidel Ikastolakoak eta Seber Altube Ikastolakoak joan dira, eta Allende Salazar Herri Eskolakoak gerturatzea ere bada asmoa. «Etxeko txikienei balio die ikusteko nondik datozen letxugak, esaterako. Askok ez dakite horiek lurretik datozenik ere, ez eta zelako itxura duten ere».
