Aldarria partiduaren lekualdaketaz "harago" doa
Lointek Gernika Bizkaiak Bulgarian jokatuko ditu Elitzur Ramlaren aurkako Eurocup Womeneko partiduak. Palestinarekin Elkartasunak argitu du azken hilabetean abiatutako dinamikaren "antolakuntzak eta borrokak fruituak" eman dituela, baina beraien aldarria "askoz harago" doala azpimarratu dute. Zapatuko [azaroak 22] manifestazioa "aurrera doala" ere argitu dute.
Argazkia: Palestinarekin Elkartasuna. Gernika-Lumotik Sofiara, Bulgariara, lekualdatu dituzte Lointek Gernika Bizkaiaren eta Elitzur Ramlaren aurkako Eurocup Womeneko partidu biak. Malostek, hortaz, ez du talde israeldarrik hartuko gaur-gaurkoz. Palestinarekin Elkartasuna eragile taldeak partiduaren lekualdaketa azken hilebetean martxan ipinitako “dinamikek, antolakuntzaren eta borrokaren” ondorio direla adierazi dute. Herriko “hainbat sektoretako” jendea mobilizatu dute, norgehiagoka horrekiko “aurkakotasuna” adierazte aldera: “Norbanakoak, eragile politikoak, kirol taldeak, komertzioak edota hezkuntza zentroak; argi utzi dugu hasieratik Gernika-Lumoko partidua gelditzera gindoazela”.
Lekualdaketa gorabehera, nabarmendu dute ez direla horregaz bakarrik “konformatu”: “Neurketa tokiz aldatzera FIBAk bultzaturiko trikimailua da, partiduak erabateko normaltasunez joka daitezen eta horien kontrako mobilizazioa apaldu dadin”. Israelek kirol ikuskizunak bere estatua zein jarduna “zilegiztatzeko” erabiltzen dituela argitu gura izan dute, “genozidio bat egin, palestinarrei beraien lurrak lapurtu, eta munduaren aurrean beren burua zuritzeko kirol jarduerak erabiltzen dituzten heinean”. Euskal Herriko erakundeekin gauza bera egiten dutela gehitu dute, hartu-eman “ekonomiko, politiko nahiz kulturalak” plazaratuta.
Helburuak, finko.
Partiduak Gernika-Lumon ez jokatzeaz harago, aldarria “harago” doala aurreratu dute: “Talde israeldarrak txapelketa denetatik kanpo geratu beharko lirateke; FIBA sionismoa eta hark bultzaturiko genozidioa zuritzen ari da”. Azken hilabeteen isla, Euskal Herrian “sionismoaren aurkako eta palestinar erresistentziaren aldeko aldarria nagusi da eta, hala, inoiz baino beharrezkoagoa da orain aldarri hori konpromiso bihutzea, Israelen konplizeak seinalatuz eta harekiko harreman oro apurtuz“.
Helburuok finkaturik, biharko [azaroak 22] manifestazioa “aurrera” doala argitu dute, jomuga bikoitzagaz: “Alde batetik, borrokarekin Malosteko partidua geldiarazi dugula aldarri egiteko; bestetik, boikota amaitu ez dela argi uzteko”.