Udal langileek bizi duten egoera salatu eta neurriak hartu daitezen eskatu dute
Gernika-Lumoko Udalean bizi duten egoera salatu eta neurriak hartu daitezen eskatzeko, mobilizazio dinamika bati ekin dio LABek. Horren baitan, 40 langile inguru bildu dira gaur, udaletxe aurrean, “egoera salatzeko” asmoz. Udal langileak kalera irten zirenetik “urte eta erdi” pasa den horretan, udaletxeko barne funtzionamendua “gero eta txarrago” dagoela nabarmendu dute; egoerak ez duela hobera egin: “Mahai gainean zeuden eta dauden arazo estrukturalei irtenbidea emateko ez dute prestutasunik eman”.
Azaldu dutenez, urte hasieran norabide aldaketa pat posible ikusten zuten arren, errealitatea ez da hori izan. “Urte hasieran bi negoziazio-mahai egin ziren, baina martxotik ez gaituzte bilera bakar batera deitu. Gainera, ikasturte hasieran egindako bilera eskaerak erantzun gabe jarraitzen du gaur gaurkoz”, gaineratu dute.
“Komunikaziorik eta gardentasunik gabe” jokatzen jarraitzen dutela adierazi dute LABetik, halaber, eta langileriaren arazoei “bizkarra ematen” diotela ziurtatu dute. Udal langileen aldarrikapenak, ostera, “oso argiak” dira: “2019ko Lanpostuen Balorazioarekin lotutako epai judiziala betetzea nahi dugu. Plan integral bat negoziatea eta ezartzea ere eskatzen dugu, bide batez. Bakante eta baja egoeran dauden postuak betetzea ere beharrezkoa da, barne-sustapenak aktibatzearekin batera, eta, azkenik, giza baliabideen plan bat osatzea nahi dugu, erretiroak planifikatu eta belaunaldi-erreleborako formulak negoziatzeko”.
Hori guztia kontutan izanik, “nahikoa dela” aldarrikatu dute. Udalean eta erakunde autonomoetan “blokeo egoera” pairatzen ari direla argitu, eta “pazientzia agortu” zaiela esan dute, beraz. Egoera salatzen hasi direla jakinarazi dute, “udaletxe barruan, zein kanpoan”. Udalean dauden arazoak bideratu daitezen exijitzen hasiak dira, eta azaldu dute “egoera bideratu arte”, ekintza sindikalekin jarraituko dutela.