Lointek Gernikak Bulgarian jokatuko ditu Elitzur Ramlaren aurkako partidak
Gernika-Lumoko Malosten jokatzekoak ziren Eurocup Women txapelketako neurketak egoitza neutralean lehiatuko dituzte: Sofian (Bulgaria).
Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia Gernika KESBek jakinarazi duenez, egoitza aldatuta, Gernika-Lumoko Malosten jokatzekoak ziren Lointek Gernikaren eta Israelgo Elitzur Ramla taldearen Eurocup Women txapelketako neurketak Bulgarian, Sofian, lehiatuko dituzte urriaren 25ean (martitzena) eta 27an (eguena), ateak itxita eta ikuslerik barik. Gernika KESBek adierazi du “aukerarik arduratsu eta orekatuena” dela, Gernika memoria duen udalerria delako eta “ez duelako zentzurik” partida horiek Gernikan lehiatzeak, “udalerriaren karga sinboliko eta historiko sakona eta gizartearen sentipen orokorra dela eta”. Gainera nabarmendu dute “inkoherentea” litzatekeela bakearen eta sufrimendu zibilaren sinbolo unibertsala den hiri batean, egungo testuinguruan, horrelako neurketa bat jokatzea.
Klubak nabarmendu du alternatiba berri horrek “lehiaketaren arauzko betebeharrak betetzea” ahalbidetuko diola, izan ere, argi adierazi du partidak jokatu ezean, “klubaren biziraupena arriskuan” legokeela. “Kirol klub bat gara, emakumezkoen saskibaloia, berdintasuna eta esfortzuaren eta bizikidetzaren balioak sustatzeko sortua. Hala ere, gure jarduera-eremua erabat gainditzen duen egoera batean gaude, eta konpondu behar ez dugun gatazka baten erdian jartzen gaitu. Argi adierazi nahi dugu klubaren biziraupena arriskuan dagoela partidak jokatu ezean, zigor eta ondorioek klubaren arlo ekonomiko zein kirol arloan ondorioak ekarriko lituzkeelako“, argudiatu dute.
Egoera horrek euren borondatetik kanpo dagoen testuingu baten “zeharkako biktima” ere bihurtzen dituztela diote, batez ere kontutan hartuz gero “emakumeen kirolaren egiturazko hauskortasuna” eta egunero-egunero erabiltzen dituzten “baliabideen eskuragarritasun mugatua”.
Gernikako saskibaloi klubak argi adierazi du indarkeria mota oro “erabat gaitzesten” duela, “jatorria edo justifikazioa edozein dela ere”, baina, bereziki Palestinako herriak bizi duen biztanleria zibilaren aurkako indarkeria erabiltzen den egoera “bidegabe bezain krudeletan”. Esan dute elkarrizketa, bizikidetza eta bakean sinisten dutela, eta balio horiek euren nortasunaren eta kirol espirituaren “funtsezko” parte direla.
Egoitza aldaketak, baina, “finantza ahalegin handia” eskatzen diela ere gehitu dute. Horregatik, erakunde publikoen zein kirol erakundeen laguntza eskatu dute, neurri honek dakartzan kostu gehigarriei aurre egin ahal izateko eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoan emakumeen kirolaren erreferentzia den proiektu baten jarraikortasuna zaintzeko. “Gernika KESB taldeak erantzukizunez, sentsibilitatez eta errespetuz jokatzen jarraituko du, saskibaloiarekin, berdintasunarekin eta ordezkatzen duen gizartearekin duen konpromisoari eutsiz”.