Ikastetxeetan ez dituztela kamerak nahi adieraziko dute ikasleek
Eusko Jaurlaritzak hezkuntza zentroetan kamarak jartzeko hartu duen erabakiaren aurka daudela erakusteko mobilizatuko dira ikasleak, Ikamak deituta, bihar, 11:00etan.
Busturialdeko ikasleek Eusko Jaurlaritzak hezkuntza zentroetan kamarak jartzeko hartu duen erabakiaren aurka daudela erakutsiko dute bihar, 11:00etatik aurrera. Izan ere, Gernika-Lumoko Ikamak mobilizazioa deitu du, institututik Pasealekurantz abiatuko dena.
Kamerak “kontrol sozialerako” gailuak direla, eta euren pribatutasuna urratzen dutela salatuko dute ikasleek. “Kamerak ez dira beharrezkoak hezkuntzarako eta gure intimitatearen aurka egiten dute. Ikasleon portaera eta jarrera kontrolatzeko erabiltzen dira, gainera. Ez dute balio ikaskuntza prozesua hobetzeko”, argudiatu dute. Izan ere, erabaki hori “inposatu” dietela adierazi dute, hezkuntzarako baliabideak xahutzen dituela esateaz gain. “Inposatutako erabakia da, eta ikasleok ez dugu parte hartu ez prozesuan, ez eztabaidan”, gehitu dute.
Arrazoi horiez gain, ikasleek uste dute kamerek irakasle, ikasle eta familien arteko elkarrizketak eta harremanak ahultzen dituztela, “kontrolaren ideian oinarrituta”.
Inbertsio “okerra” ere badirela diote ikasleek: “Hezkuntza baliabideetan, giza laguntzan, edo material didaktikoan inbertitu beharrean, baliabideak zaintza sistemetara bideratzen dira”. Hala, ikasleei bertaratzeko deia egin diete.