Eskubaloia, transmisioaren katebegi
Ia 30 urteko ibilbidearen ondoren, Urdaibai Eskubaloi Taldea Bizkaiko fitxa federatibo gehien dituen kluba izatera iritsi da. 500 bat lagunek osatzen dute egungo taldea, 40 talde ingurutan banatuta, eta lanerako filosofia bakar-bakarragaz.
Urrun geratu da 1998a. Duela ia 30 urte, Bermeoko eta Mundakako eskubaloi taldeek bat egiteko hautua egin zuten, eta halaxe munduratu zen Urdaibai Eskubaloi Taldea. Ordutik, denetariko oztopoak gainditu ditu klubak, aurrera egin ahala; ezagutu ditu sasoi emankorrak, baita garai latzak ere. Baina beti eutsi dio bere bideari, eskualdeko eskubaloiaren erreferentzia izatera iritsi arte.
Hasiera batean, emakumezkoen talde modura erein zuten hazia, baina, duela hogei urte ingurutik, “gizonezkoen sekzioa” ere badute. Egungo kultur zein kirol taldeek bizi duten errealitatearen “alderantzizkoa” da Urdaibai ETrena: “Egun, talderik gehienek emakumezkoen presentzia bermatzeko lan egiten dute; gure kasuan, ostera, gizonezkoen kopurua handitzea eta hala berdintasun kota handiagoa eskuratzea da jomuga”.

Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea.
Taldekideen %70 inguru emakumezkoak dira, eta gainontzeko %30 gizonezkoak. Beren helburua “%50eko parekidetasunean” datza, baina egungo egoera “erabateko normaltasunez” bizi dute: “Bai emakumezkoek, bai gizonezkoek baldintza berberak dituzte, naturaltasun osoz funtzionatzen dute: nahasirik entrenatzen dute; emakumeak gizonezkoen partiduak ikustera joan ohi dira, eta alderantziz; elkarregaz lan egiten dute”. Lantalde teknikoari dagokionez, beste horrenbeste: “Entrenatzaileen erdia baino gehiago emakumezkoak dira, eta zuzendaritza taldean lau emakume eta bost gizon daude; berdintasuna, beraz, guztiz barneratuta dago”.
Hala Bermeon, nola Mundakan, eskubaloia emakumeen artean “sendo errotutako kirola” zen taldea sortzean, baina erreferente nagusi bat falta zitzaien, eta hutsune hori bete zuen Urdaibai ETk: “Eskubaloiak ez du saskibaloiak edota futbolak bezainbesteko babesik, eta, beraz, taldea horri heltzera emana dago”.
Egun, 500 bat partaidek osatzen dute kluba, 40 talde ingurutan eta kategoria guztietan banatuta. Busturialdekoa Bizkai mailan fitxa federatibo gehien dituena da. Jokalari gehienak bermeotarrak zein mundakarrak izanik ere, “badira busturiarrak diren hamar jokalari inguru ere”. Gernika-Lumori dagokionez, eskubaloia “ez da sekula askorik zuztartu bertan”.

Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea.
8 urteko haurretatik beteranoetara luzatzen da kluba osatzen duten mailen zerrenda: benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak, gazteak, nagusiak eta emakumezko beteranoak. Azken multzo horretan, hain zuzen ere, “gazteen amak, taldean ibilitakoak edota kluba urtez urte babestu dutenak” ari dira. Momentu “oso gozoa” dastatzen ari dira: “Eskubaloiak eta klubak jarraipena dutela sumatzen dugu; hori, hiri edo herri handi bat izan barik, adierazgarria da”.
Hezkuntza zentroekin ere bertatik bertara behar egiten du Urdaibai ETk: Bermeon, Eleizalde, Bermeoko Herri Eskola eta Sagrado Corazonegaz; Mundakan, herriko eskolagaz. Eskubaloia “elkarlanetik eta zaletasunetik” sustatzen saiatzen dira eskoletan: “Inportanteena da umeek jakitea futbolaz edota saskibaloiaz haragoko kirol zein aisialdi eskaintzak egon badaudela, espazio zein inguru sanoan eta seguruan egiten direnak”.
Kirolariak formatzeaz harago, pertsonak heztea bilatzen dute: “Eskubaloiaren bidez, diziplinatuak, autodidaktak, konprometituak eta arduratsuak izan daitezela transmititzen diegu gazteei; saiatzen gara beren kirol bizitza arlo pertsonalagaz eta ikasketekin uztartzen ikas dezaten, horrek gerora beraien bizitzak antolatzen balioko dien jakitun”.

Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea.
Ondo eginiko lanaren saria.
Epe labur edo ertainera begira, klubaren helburu nagusia bizi duen egonkortze prozesuari “jarraipena ematea” da: “Pozarren gaude egiten dugun lanak dakartzan fruituak ikusi ahal izateagatik. Gure helburuak beti dira eskubaloiaren kultura zabaltzea eta zaletasuna hauspotzea. Kontziente gara kluba handitzeak azpiegiturak nahiz lantaldea handitu beharra dakarrela, baina edozertarako prest gaude”.
Kirol arloko helburuak “ez dira lehentasuna“, baina ematen dute pozerako motiborik. Izan ere, Bizkai nahiz Euskal Herri mailako zenbait txapelketatan maila handia erakusten dute jokalariek, eta asko Euskal Selekzioaren koloreak janztera ere iristen dira. Edozelan ere, horiek, zelan edo halan, “bigarren mailako kontuak” dira: “Helmuga ez da selekzioko kideak edo txapeldunak formatzea, eskubaloiaz gozaraztea, sareak sortzea eta bizitza osorako balioko dien lanerako modu bat transmititzea baino. Egiten dugunak funtzionatzen duela baieztatzeko balio digute kirol helburuek, ondo lan egiten dugula frogatzeko”.