Elitzur Ramla talde israeldarrari boikot egiteko, kaleak hartuko dituzte
Lointek Gernika Bizkaiak azaroaren 25 eta 27an Elitzur Ramla talde israeldarra hartuko du Malosten. Palestinarekin Elkartasuna plataformak partidu horiek gelditzeko asmoz, manifestazioa deitu du zapaturako; 18:00etan Merkurion jarri dute hitzordua.
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi talde gernika-lumotarrak Eurocup Women txapelketa jokatu beharko du aurtengo sasoian. Multzokako ligaxka fasean dago egun taldea, C taldean, hain zuzen. Horretan, besteak beste, Elitzur Ramla talde israeldarra izango du arerio; azaroaren 25 eta 27an Malosten jokatuko dute israeldarrek Malosten. Horren aurrean, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek “partidu horiek ekidin” nahi dituzte, eta zapaturako manifestazioa deitu dute, “Elitzur Ramla taldeari boikota egiteko duten asmoa” argi uzteko.
Horregatik, merkuriotik abiatuko dira zapatuan, 18:00retan. Bi helburu desberdin banatu dituzte plataformatik, halaber: “Zapatuko manifestazioaren helburua presioa sartzea da, partidua bertan behera gelditu dadin. Bestalde, partidak aurrera egitekotan, 25 eta 27ko helburua, Malosten bertan protestak egiteko asmoa dugu, partidak gelditzeko”.
“Oso larria” iruditzen zaiela talde israeldarrek nazioarteko txapelketetan “normaltasun osoz parte hartzea”, eta “onartezina” dela nabarmendu dute. Horren baitan, kaleak hartzeko deialdia egin dute herrian, eta inguruan. Ze, antolatzea eta mobilizatzea “beharrezkotzat” dute plataformako kideek, eta herriak jarrera aktiboa izatearen garrantzia azpimarratu dute. “Pozik” daude, alegia, herriaren atxikimendua “oso handia” izan baita.
Alde batetik, Gernika-Lumoko establezimendu desberdinei atxikimendua eskatu dio Palestinarekin Elkartasuna plataformak, kartel baten bidez “establezimendu horietan ez dela talde israeldarrik onartzen” adierazteko. Azaldu dute ideia horrek “oso harrera ona” izan duela establezimenduen artean, eta “establezimendu askok” jarri dutela kartela. Bestetik, sare sozialen bidez herriko kirol talde eta kirolari desberdinek plataformaren mezuarekin bat egiten dutela erakustarazten duen bideo bat zabaldu dute plataformakideek, “ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko helburuz”.
Gainera, “jendearen interesa” ere aipatu dute, ze, asanblada irekietara “ikuspegi ezberdina daukan jende ugari” bertaratu da: “Jendea mobilizatzeko gogoekin dago. Asanbladetara nahikoa jende hurbildu izan da, eta hurbildu ezin izan diren beste hainbatek euren zalantza zein babesa adierazi digute”. Gauzak horrela, zapatuan manifestaziora bertaratzeko deia zabaldu dute, borrokara batzeko, ‘Israelgo taldeak ez Gernikan ez inon’ lelopean.