Kartak mahai gainean, lehen kanporaketaren ondoren
IV. Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren lehen jardunaldia lehiatu dute, eta asteon finalaurrekoen txanda izango da. Lehen kanporaketan sailkatutako bikoteen artean daude, besteak beste, iazko garaile Azkarai eta Bidaburu.
Ajuriako frontoiak eguraldiagatik jasandako zenbait kalte tarteko, astebetez atzeratu behar izan dute Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren IV. ekitaldiko estreinako jardunaldia. Bigarrenean, baina, lehiaketak ez du inondik inora hutsik egin, eta maila handiko esku pilotak auzo bizitzagaz bat egin zuten iragan zapatuan [azaroak 15]. Lehiaren estreinako jardunaldiak lau norgehiagokaz osatutako egitaraua eduki zuen. Oro har, denak ala denak “maila handikoak” izan zirela nabarmendu dute antolatzaileek, pilotarien jarrera eta ekina goraipatzeagaz batera.
Lehen neurketak Artetxu eta Mujika Goitiaren eta Kastañaresen kontra batu zituen. Bizkor batean sartu ziren berotan pilotazaleak, hamabina berdindu bitartean partidua “oso estu” joan baitzen. Orduan, Artetxuk eta Mujikak aurrea hartzeko lehendabiziko saiakera egin zuten, 15 eta 12koa nahiz 18 eta 12koa lortuz. Edozelan ere, Goitiak eta Kastañaresek “ofizio handia” kantxaratu zuten; asmatu zuten burua hotz mantentzen, eta egoerari buelta ematen. Tantoz tanto, hogeina berdintzea lortu zuten, eta azken txanpan 20 eta 22 nagusitu ziren.
Bigarren norgehiagokan, Gandiaga eta Urizar Garroren eta Azkarragaren kontra aritu ziren. Hala Urizar lekeitiarra, nola Azkarraga elorriara txapelketan debutariak ziren, eta ikusleak zur eta lur utzi zituzten biek. Hain zuzen ere, atzelarien dominantzia giltzarri izan zen norgehiagoka osoan zehar, eta haren araberak jokatu zuten Gandiaga eta Garro aurrelariek. Jokoak ez zuen gidalerro finkorik eduki, eta bikote bietako edozeinek egin zuen neurketa poltsikoratzeko bezainbesteko meriturik. Garaipenak, baina Lekeitioko bikotearen alde egin zuen, Munitibar eta Elorriokoari tanto bakarragatik irabaziz: 22 eta 21eko markagailua, Gandiaga eta Garroren alde, “eta ikusleak zutik“.

Hirugarren partidua Muniozguren-Perea eta Xabat-Zubi bikoteen artekoa izan zen. Markagailuak batzuen aldeko nagusitasun agerikoa plazaratuagatik ere, antolatzaileek lau pilotariak “beren ohiko maila handian” jokatzen ibili zirela azpimarratu dute: “Lauren maila bikaina izan ohi da beti; azkenean, garaipenak Muniozgurenen eta Perearen alde jo zuen, 22 eta 14ko markagailuagaz”.
Kanporaketaren azken borroka txapelketa sobera ezagutzen duten Azkarai-Bidaburu eta Xabat-Atxur bikoteen artean erabaki zen. Iazko garaileek, azken ekitaldiko finala tanto bakarragatik patrikaratu baldin bazuten, lehen jardunaldiko partidua tanto biren aldeagatik irabazi zuten. Azkaraik eta Bidaburuk “lan handiak” eduki zituzten Xabati eta Atxurri aurre egin ahal izateko. Hain zuzen, 22 eta 20ko markagailuak galtzailetzat jo arren, azken bi horiek ere “irabazle” atera zirela adierazi dute.

“Itxaropentsu”.
Argi eta garbi irabazle atera zena, bestalde, jarraitzaileen jarrera eta Ajurian sortutako giro herrikoi, atsegin eta ederra izan zen. Eguraldia lagun azaldu ez arren, bai frontoi inguruan, bai txokoan auzotarrak hara-hona ibili ziren, eta antolatzaileek, beraz, “irakurketa oso positiboa” egin dute. Bigarren jardunaldia zapatu honetan [azaroak 22] jokatuko dute: finalaurrekoak. Lehen barikuak emandakoak ikusirik, “itxaropentsu” daude herritarrak zein antolakuntza. 18:00retan abiatuta, lehen finalerdiak Muniozguren eta Perea Goitiaren eta Kastañaresen aurka ipiniko ditu; bigarrenak, ostera, Gandiaga eta Urizar Azkarairen eta Bidabururen kontra.