GR38a ez da mugarria: Corriendo por una Causa bikoteak bere erronka bete du
Izan Establiek eta Jon Ander Villanuevak osaturiko Corriendo por una Causa bikoteak Bermeotik Oionerainoko GR38 ibilbidea korrika eta eten barik bete du, ataxia telangiectasia gaixotasunari aurre egiteko.
Bikotea, Lamerako irteeran. Hainbat hilabetez prestatzen aritu ondoren, Izan Establie eta Jon Ander Villanueva oiondarrek beren buruari ezarritako erronka handia lortu dute, iragan asteburuan: ataxia telangiectasia duten haurren eta familien alde, Bermeotik Oionera arteko tartea etenik gabe korrika betetzea. Bi arabarrek Corriendo por una Causa bikotea osatzen dute, eta, kirol erronka erraldoi hori tarteko, AEFAT erakundeari laguntzeko dirua biltzea bilatu dute.

Gernika-Lumoko geldialdia. Establie, ezkerrean; Villanueva, eskuman.
Ez dute inondik inora egiteko makalik eduki: Arrainaren eta Ardoaren Ibilbide modura ezaguna den GR38a goitik behera zeharkatu dute: 170 kilometroko korrikaldia egin dute, txanda edo erreleboka antolatuta. Bermeon arineketan hasi orduko, gainera, San Marton lasterketa herrikoia bertatik bertara ezagutzeko parada ere eduki zuen bikoteak. 13:00etan, Lamera parketik irten ziren, Gernika-Lumora bidean jartzeko. Eskualdea iparraldetik hegoaldera zeharkatu zuten oiondarrek, Oiz mendiaren magaletik Durangaldera jotzeko. Durangotik Otxandiora bitartean topatu zuten, hain zuzen ere, “tarterik gogorrena“.

Corriendo por una Causa: Villanueva eta Establie.
Sufrimenduari “irribarrez, ilusioz eta hunkiduraz” erantzun ziotela adierazi dute, eta azpimarratu ibilbidearen zati orotan “egundoko laguntasuna eta babesa” igarri dituztela: “Bermeoko irteeran, zenbait herritarrek gugaz bat egin zuten, eta pila bat motibatu gintuzten. Ostean, ibilbide osoan oso babestuta sentitu gara, eta eskerrak besterik ezin ditugu eman”.

Helmugaratzea, Oionen.
Onena, gainera, amaieran iritsi zitzaien. Izan ere, Establiek eta Villanuevak bazekiten egun osoko egitaraudun elkartasun jaialdia antolatuta zegoela Oionen, baina ez zuten imajinatu ere egiten beraien omenezko “hainbesterainoko mobilizazioa” topatuko zutenik: “Oiondarrek berba barik utzi gintuzten; oraindik ere, oso hunkituta gaude. Kausa amankomun baten alde bat eginiko herria aurkitu genuen”. Alde horretatik, argitu gura izan dute erronka ez dela “bakarrik beraiena” izan: “Moduren batean edo bestean interesatu diren denak izan dira parte hartzaile”.

Bikotea, erronka bete berritan.