Busturialde "bizigarri bat eraikitzen" jarraitzeko bigarren foroa antolatu dute Gernika Gogoratuzek eta Gernikatik Mundurak
Busturialdea-Urdaibaiko eskualdeko bigarren foroa antolatu dute Gernika Gogoratuzek eta Gernikatik Mundurak azaroaren 24rako, eskualde "bizigarri bat" eraikitzea jarraitzeko. Sarrera librea izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko dela jakinarazi dute.
Gernikagogoratuz Busturialdea-Urdaibaiko eskualdeko bigarren foroa antolatu dute Gernika Gogoratuzek eta Gernikatik Mundurak azaroaren 24rako (astelehena), 17:45etik aurrera, Euskal Herria Museoan. Eskualde “bizigarri bat” eraikitzea dute asmo, elkarrizketa estrategikoetan oinarrituta. Izan ere, iaz antolatu zuten lehen forotik gauza asko gertatu dira eskualdean, eta horien aurrean aurrera eroandako ekintzak aurkeztuko dituzte bigarren foroan, tartean Urdaibaiko Karta Ekologikoa.
Izan ere, lehen foroan gizarte zibilak bultzatutako Busturialdea Urdaibairako Plan Ekonomiko eta ekosoziala baieztatu zuten, eta, azken hilabeteetan, Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Munduratik, eskualdeko hainbat agente ekologisten laguntzatz, Busturialdea-Urdaibairako Karta Ekologikoa idatzi dute. Dokumentu horretan, eskualdeko natura babesteko eta eskualdeko garapen eredu jasangarria sustatzeko proposamenak jaso dituzte.
Gainera, beste instituzio batzuetatik ere bi prozesu bultzatu dituztela jakinarazi dute: batetik, Eskualderako Plan Estrategikoa diseinatzeko prozesua; eta, bestetik, Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan Lehendakari Agirre Centerretik bideratutako entzute prozesua.
Ondorioz, bigarren foroak hiru ardatz izango ditu oinarrian. Busturialdea-Urdaibairako Karta Ekologikoa aurkeztuko dute, batetik, eta instituziotatik proposatutako Plan Estrategikoaren berri eman eta euren plan proposamenarekin alderatuko dute, bestetik, zer lortu den eta zer geratu den kanpoan aztertzeko. Horrez gain, entzute prozesuaren balorazioa ere egingo dute, horri buruz non kokatzen diren hausnartzeko.
Elkarrizketa horizontaletarako tartea ere utziko dute, urratsak kolektiboki eztabaidatzeko aukera eskaini nahi dutelako.
Sarrera librea izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko dela jakinarazi dute, hurrengo estekaren edota Gernika Gogoratuzen webgunearen bidez.
EGITARAUA.
17:45-18:00. Ongi etorria
18:00-19:00. Aurkezpenak. Lehenengo, Plan Estrategiko Instituzionalaren eta Guggenheim Urdaibai Proiektuaren jarraipena egingo du Gernika Gogoratuz-eko Urdaibai taldeako Ramon Zallok. Gero, Busturialdea-Urdaibairen Karta Ekologikoa aurkeztuko du Maria Oiangurenek, Gernika Gogoratuz-eko zuzendariak.
19:10-20:30. Elkarrizketa Estrategikoak. Plan Instituzionalean bete ez denaren jarraipena egiteko, Karta Ekologikoaren bultzada emateko eta gai berriak proposatzeko.