Aitor Bizkarra, Bermeon irabazle
Bermeoko Artza frontoia Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoen bigarren bueltako lehen saioaren eszenatoki izan zen, zapatuan. Aitor Bizkarrak irabazi zuen hor, 664 puntu lortuz, eta bera eta bigarren sailkatutako Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra finalean sartu dira. Hurrengo finalaurrekoa Markina-Xemeinen izango da, zapatuan [azaroak 22].
Argazkia: Bertsozale elkartea. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren baitan, finalaurrekoen bigarren bueltako lehenengo saioa jokatu zuten Bermeoko Artza frontoian, zapatuan [azaroak 15]. Horretan, Aissa Intxausti Aburruza, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Mendiburu Valor aritu ziren bertsotan. Bizkarra nagusitu zen 664 puntu eskuratuta, eta abenduaren 20ko finalera sailkatzea lortu zuen. Era berean, Etxebarriazarraga gernika-lumotarra ere finalean egongo da; 641,5 puntugaz bigarren sailkatu zen.
Hain zuzen ere, finalaurrekoetako bi bueltetako puntuazioak batuta, puntuazio altuena lortzen duten zortzi bertsolariek lortuko dituzte finaleko txartelak.
“Giro beroa” egon zen Artza frontoian, eta bertaratutako bertsozaleak “adi-adi” entzun zituzten parte hartzaile guztien bertsoak. Ariketa hauetan murgildu ziren bertsolari bizkaitarrak: 8ko nagusia, 8ko txikia, 6ko motza, koplak eta ganbara.
Bizkarraren eta Etxebarriazarragaren ostean, hirugarren sailkatu zen Enbeita muxikarra, 632 puntugaz. Intxaustirentzat izan zen laugarren postua, 608 puntugaz, eta Amillategi gernika-lumotarrak eta Mendiburuk 599,5na puntu jaso zituzten.
Gauzak horrela, finalaurrekoen bigarren bueltako bigarren eta azken saioa Markina-Xemeinen izango da zapatu honetan [azaroak 22], 17:00etatik aurrera, eta orduan osatuko da finalisten zerrenda.
Honako bertsolari hauek ariko dira Uni frontoian: Gorka Pagonabarraga Agorria, Imanol Uria Albizuri, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia. Gai-jartzaile lanetan, ostera, Zihara Enbeita Gardoki gernika-lumotarra arituko da.
Zapatu honetarako eta finalerako sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.