Kilometro bakoitza, haurren eta familien esfortzuaren omenez
Corriendo por una causa bikoteak Bermeotik Oionera arteko GR38 ibilbidea egun bakarrean egingo du, zapatutik [azaroak 15] domekara [azaroak 16] bitartean, ataxia telangiectasia gaixotasuna duten haurren eta senideen alde borroka egiteko. Oionen, egun osoko jaialdiagaz biribilduko dute kirola eta solidaritatea uztartuko dituen abentura.
Argazkia: Corriendo por una causa. Historikoki Arrainaren eta Ardoaren Ibilbidea modura ezagutu izan den GR38 ibilbidea Solidaritatearen Ibilbidea izango da aurrerantzean. Jon Ander eta Izan oiondarrak Corriendo por una causa egitasmoaren atzean daude, eta orain arteko abenturarik handienari ekingo diote datorren asteburuan. Aipatutako jakien garraiorako baliatu ohi zen ibilbidea gelditu barik korrika zeharkatuko dute egun bakarrean, Bermeotik Oionera, ataxia telangiectasia gaixotasunari aurre egiteko borroka sustatzeko. Gaixotasun hori jatorri genetikodun gaixotasun arraroa da; koordinazioari, orekari eta sistema inmunitarioari eragiten dio, eta gazteek edota umeek jasaten dute gehienbat.
Lamera parkean ipini dute zapaturako [azaroak 15] hitzordua, 13:00etan; beren jomuga domekako [azaroak 16] 14:00ak aldera Oionen helmugaratzea da, bidean 170 kilometro gogor egin ondoren. Gaixotasun hori pairatzen duten haur eta gazteei nahiz beren familiei “dagokien ahotsa ematea” da beren funtsa, azaldu dutenez: “Herrian badugu gaixotasun hori jasaten dutenen berri, eta Gasteizen ere bada beste kasu bat; gutxienen gaixotasuna da, Euskal Herrian kasu gutxi dituena, eta, horrenbestez, ez da erraza haren inguruko ikerketa eta borroka sustatzea. Ekimen honekin, geure aletxoa jarri nahi dugu”.
Lameran ekingo diote bideari zapatu honetan, 13:00etan, eta herritarrei laguntzeko deia luzatu diete
Argitu dutenaren arabera, beren estreinako asmoa ibilbidea lau etapatan egitea izan zen: “Egun gehiegi zirela eta, bi jardunalditan egitea ere pentsatu genuen, baina, azkenean, egun bakarrean egitea erabaki dugu, fisikiko zein buru aldetik oso nekeza izanagatik ere, kausak pena merezi baitu”. Txandaka edo erreleboka antolatu dute korrikaldia. “Boak batera korrika hastea nahiz helmugaratzea da asmoa, baina tartean taldelana egingo dugu”, adirazi dute.

Albo banatara, Corriendo por una causa egitasmoaren protagonistak.
Gogorra eta gorabeheratsua da aurrez aurre edukiko duten erronka, “asko eta pikoak” baitira GR38 ibilbideak dituen gailur zein mendateak: Oiz igo beharko dute; Durangotik Otxandiora ere bai; baita Kantabria mendilerroa ere. “Dena dela, gure helburuak kirol alorra gainditu egiten du, egitasmoaren helmuga gaixotasunari aurpegia erakustea delako”. Durangaldetik Otxandio ingurura doan sektorea da, hain zuzen, “kezkarik handiena” sortzen diena: “Jon Anderrek egingo du korrika tarte horretan; seguru asko, zapatuko iluntze aldera iritsiko gara inguru horretara. Aldapa pikodun eremua da, oso gogorra eta ederra”.
“Laguntzaile talde bat edukiko dugu aldamenean, baina jendeak gurekin bat egitea motibazio iturri handia izango da”
Eskualdeko korrikalariei irteerara bertaratzeko eta ibilbidean zehar bat egiteko deialdia luzatu gura diete: “Laguntzaile talde bat edukiko dugu aldamenean, baina jendeak gurekin bat egitea motibazio iturri handia izango da. Azken zatian, gainera, inguruko adiskideak bilduko zaizkigu, eta tropel ederra osatzea espero dugu”.
Jaialdi handia, helmugan.
Abentura, gainera, ez da amaituko Oiongo plaza nagusiko helmuga harrapatu bezain pronto. Izan ere, domekarako egun osoko elkartasun jaia prestatu dute beren jaioterrian, denetariko jarduerez josia. Besteak beste, zazpi kilometroko mendi irteera, bermuta, tailerrak, AEFAT elkartearen aurkezpen agerraldia, La Jukeren kontzertua, bertsolariek girotutako bazkari herrikoia, diskofesta eta suzko zezena egongo dira. Ez hori bakarrik: “Inguruko elkarte, enpresa edota komertzioek babes handia eman digute, eta askok beren produktuekin lagunduko gaituzte. Beraz, 64 sariko zozketa erraldoia antolatu dugu domekarako”.
“Edozein egun izanik ere, beti topatu dugu zapatilak janzteko eta korrika egiteko grina, urrats bakoitzak pena merezi duen jakitun”
Azken hilabeteetan gogor entrenatzen eta doitzen ibili ondoren, beren buruak “prest” ikusten dituzte erronkarako: “Ordu txikitan entrenatzea tokatu izan zaigu maiz, baita motibaziorik edota gorputzaldirik eduki izan ez dugunean ere. Kontziente ginen haur eta familia horiek gaixotasunari aurre egiteko indarra baldin badute, guk entrenatzeko indarra eduki behar genuela. Edozein egun izanik ere, beti topatu dugu zapatilak janzteko eta korrika egiteko grina, urrats bakoitzak pena merezi duen jakitun”.