Hilaren 23an, argazki lehiaketan parte hartzeko epemuga
Mundakako Udalak abian du udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 23a da, eta irabazleak bozketa bidez hautatuko dituzte, azaroaren 24tik 28ra artean.
Mundakako Udalak abian jarri du 2026ko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa herrikoia. Udal ordezkariek herritarrei parte hartzeko deialdia lzuatu diete, txapelketaren oinarriak publikatzeagaz batera. Egutegia osatzeko hamabi irudi aukeratuko dituzte, eta egutegia herritarren artean banatuko dute. “Udalerriaren funtsa eta bizitza” bilduko duten argazkiak bilatuko dituzte: “Jaiak, tradizioak, paisaiak, ondarea edota herriko eguneroko istanteak”.
Argazkiak formatu digitalean aurkeztu beharko dituzte, orientazio horizontalean eta ahalik eta kalitate mailarik handienagaz. Azaroaren 23ra bitarteko epea dago proposamenak aurkezteko; mundaka.komunikazioa@bizkaia.org posta elektronikora mezu bat idatzita aurkeztu beharko dira, argazki bakoitzaren izenburuagaz eta egilearen izen-abizenekin. Oinarriei buruzko informazioa gura edota lehiaketaren gainean gehiago jakin nahi dutenek udalaren web orrialdean topatuko dute informazio gehigarria.
Lehiaketaren hamabi irudi irabazleak, gainera, herritarren artean erabakiko dituzte, “herri bozketa baten bidez”. Botoak emateko epea, hain zuzen ere, azaroaren 24tik 28ra bitartekoa izango da, eta mundakarrek online edukiko dute botoa emateko formularior sarrera. Hilaren 28an emango dute argitara “bozketaren emaitza”. Lehiaketaren irabazleek 30 euroko dirusaria poltsikoratuko dute, herriko saltokietan erabiltzeko.