Azaroa kultur eskaintza anitzez beteko dute
Beste behin, Natxituko Jai Batzordeak azarorako programa zabala dakar. "Askotariko" ekintzak eskainiko dira, adin guztietako jendearen gozamenean pentsatuz.
Zapatuan talo tailerrean bildu ziren gaztetxoenak.Natxituko Jai Batzordea Urterolez, azaroa eskaintzaz bete du Natxituko Jai Batzordeak, udalaren laguntzagaz. Hala, herritarrek azaroan ere aisialdirako eskaintza izateko asmoagaz antolatzen dute azarorako egitarau zabala, azaldu dutenez. Izan ere, “herrian dagoen taberna bakarrak” azaroan oporrak hartzen ditu.
“Herriak eskaintza bat izatea eta asteburuetan non egon eta zer egin edukitzea da gure asmoa. Hala, alde batetik, Bolatokiko taberna zabaltzen dugu, herritarrei eskaintza hori emateko eta aisialdirako gune bat eskaintzeko. Izan ere, elkartzeko topagune bihurtzen da txokoa”, azaldu dute jai batzordeko antolatzaileek. Eta, zehaztu dute txandaka antolatzen direla egitarau guztia aurrera eramateko.
Kultur eskaintzan ere jartzen dute arreta, halaber, eta adin guztientzako jendeari zuzendutako egitaraua antolatu ohi dute, edo hori dute helburu, behintzat. Esan dute, azken urteetan “pisu handia” eman diotela arlo horri, eta urtetik urtera berritasunak ere bilatzen dituztela egitarauaren baitan. Hain zuzen ere, hamaika ekintzaz gozatzeko aukera izango dute auzo eta herritar guztiek: “Adin tarte guztiak kontutan hartutako egitaraua da. Urtero saiatzen gara hori egiten, baina aurten uste dut lortu dugula. Denetarik dago egitarauan, bai gazteenek bai nagusiagoek gozatzeko aukera”.
Pasaden asteburuan ekin zioten, beraz, azaroko agendako egitarauari; barikuan Go!azen telesailaren 12. denboraldiaren aurrestreinalia izan zen horri irekiera eman ziona, ta Haizeder Trailegaz jarraitu zuten, zapatuan. Domekan, ostera, Maider Urionaguenaren eskutik yoga egiteko aukera izan zuten. Gaineratu dutenez, hurbildutakoak “oso pozik” gelditu ziren.
Besteak beste, Izan Inurri elkartekoekin elkarlanari esker, zapatuan [azaroak 15] Irati Urionaguenak gidatuko duen solasaldia nabarmendu dute antolatzaileek. Minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik diharduten elkartea da Izan Inurri, eta horri ikusgarritasuna emateko asmoz, eta jendeari horren inguruko informazioa helarazteko asmoz antolatu dute hitzaldia.
Horrez gain, musika, antzerkia, literatura eta bertsolaritza uztartuko dituen ekintzak izango dituzte aurretik, nahieran: “Galetes de formatge txontxongilo ikuskizuna, Bizitza baten txatalak liburuaren aurkezpena, kontzertu desberdinak eta beste horrenbeste ekintza aurreikusi ditugu”. Jendea animatu dute, bide batez, azaroko agendan parte hartzera, eta prestatutako ekintzez gozatzera.
EGITARAUA
Zapatua, azaroak 15.
12:00. Izan Inurri elkartearen solasaldia, Irati Urionaguenaren eskutik, Bedarona, Ea eta Natxituko andran elkarteagaz elkarlanean.
Domeka, azaroak 16.
Goizean. Gitarra jo eta kantuz.
Azaroak 18, martitzean.
18:30. Txotxongilo emanaldia: Txo Tutellesen Galletas de queso.
Azaroak 19, eguaztena.
18:30. Ermelinda Cocciaren eskutik, Life harezko ikuskizuna.
Azaroak 22, zapatua.
21:30. Nabil kontzertua.
Azaroak 23, domeka.
17:00. Bizitza baten txatalak liburuaren aurkezpena, Onintza Enbeitaren eskutik.
Azaroak 29, zapatua.
17:00. Mus txapelketa eta Natxituko urte desberdinetako materialaren erakusketa.
Abenduak 6, zapatua.
21:00. Amets Arzallus eta Nerea Ibarzabalegaz, bertso afaria.