ZuNonHanDA! azoka ibiltaria Durangoko Azoka aurretik ailegatuko da saltokietara, lehenengoz
Lehenbizikoz, Durangoko Azoka baino lehen egingo dute ZuNonHanDA! azoka ibiltaria, azaroaren 17tik abenduaren 4ra bitartean. Euskal Herriko 19 liburu saltokitara helduko da eta, bertan, 22 liburu aurkeztuko dituzte idazleek, tartean eskualdetakoek.
Euskal kulturaren erakusleiho erraldoia da Durangoko Azoka, eta horren helburuetako bat da kultur sorkuntza eta zaletasuna hauspotzea, baita sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubi lanak eraikitzea ere. Helburu horri jarraiki, 2020an abiatu zuten ZuNonHanDA! ekimena, kulturarako bokazio hori han eta hemen zabaltzeko asmoz. Eta, orain arte Durangoko Azokaren ostean egin badute ere, lehendabizikoz azoka nagusirako motorrak berotzeko balioko du aurten, azaroaren 17tik abenduaren 4ra bitartean garatuko baitute azoka ibiltaria. Hain zuzen ere, azoka ibiltarian egingo diren liburu aurkezpenek are ikusgarritasun gehiago izan dezaten erabaki dute ekimena aurreratzea.
Eta, ekimenari esker, Euskal Herriko 19 liburu saltokitan aurkeztuko dituzte DUrangoko Azokan eskuragarri egongo diren liburu berriak. Aurkezpenak, hori bai, hainbat formatutan eroango dituzte aurrera, baina idazlea beti presente egongo da. Eta, idazle horien artean Alaine Agirre eta Markos Zapiain bermeotarrek eta Ane Elgezabal eta Josu Goikoetxea gernika-lumotarrek parte hartuko dute.
Zehatz esateko, azaroaren 27an (eguena), 19:00etan aurkeztuko du Ni, laiko liburua Zapianek Bilboko Zirika! Herri Gunean, Zize Gilegaz batera, solasaldi eran. Eta, Agirrek Ibon Egaña lagun duela eskainiko du Euri eta ateri lanari buruzko solasaldia azaroaren 17an (astelehena), 18:30ean, Deustuko Liburudendan.
Hain zuzen ere, Agirreren toki eta ordu berean, baina azaroaren 21ean (barikua) aurkeztuko du Elgezabalek bere lehen lana: Haizearen erpeak. Bera ere ez da bakarrik egongo, Rebeka Mendoza ondoan duela eskainiko baitu solasaldia.
Eta, Goikoetxeak Fermin Etxegoien ondoan duela hartuko du protagonismoa abenduaren 3an. 18:30ean, Bilboko Pozako Elkarren aurkeztuko Lakioa bere azken lana.
Horrekin batera, 60. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 67 liburu saltokitan egongo dira eskuragarri: “Beraz, datorren astetik hasita, Durangoko Azoka ibiltaria izango da, eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da”.
Izan ere, ekimenaren asmoa ez da bakarrik Durangoko Azokaren oihartzuna zabaltzea, liburu saltokiek urte osoan egiten duten lana aitortzea ere bada xedea. Horreagtik, Durangoko Azoka kulturaren jaialdia den heinean, han batuko den indarra Euskal Herriko dendetara barreiatuko dute.