Jaurlaritzak babes publikoko etxebizitzentzako orubea doan lagako du
Eusko Jaurlaritzak 24 etxebizitza eraikiko ditu Erreka auzoan, udalagaz inguru horretako lursail bat doan lagatzea adostu ostean.
Gobernu Kontseiluak gaur [azaroak 11] onartu du Mundakako Udalak Eusko Jaurlaritzari lurzoru edo orube bat doan lagatzea, bertan alokairuzko babes publikoko 24 etxebizitza eraiki ditzan. Aipatutako orube hori Erreka inguruan kokatuta dago, ADR-EA18 Erreka esparruko 2.691 fnka izenagaz. Aurrerantzean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako administrazio orokorraren titulartasunean erregistratuta egongo da, eta administrazio horrek babestutako etxebizitza sorta bat eraikiko dute bertan, “egungo bizitoki larrialdiari erantzuna emateko asmoz”.
Etxebizitzok eraikitzeko proiektua lizitazio publikoaren fasean bete-betean murgilduta dago gaur-gaurkoz; obrak “datozen hilabeteetan abiatzeko” estreinako urratsa horixe da, hain zuzen. Jaurlaritzak eta udalak iazko apirilaren 8an sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan kokatuta dago hirigintza proiektu hori, eta akordio horren jomuga nagusia da alokairuzko etxebizitzen “parke publikoa handitzea” eta, horregaz batera, merkatu librean etxebizitza duina eskuratu ahal izateko aukera ez dutenei “toki duin eta eskuragarria lortzeko aukera” ematea.
Hitzarmenak zehazten duenaren arabera, notario eta erregistro datuak Administrazio Orokorraren ardurapekoak izango dira. Udalak, bere aldetik, “bere gain” hartu beharko du “partzela kargarik, zorrik eta kutsadurarik gabe” mantentzea. Jarduketa hori XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programaren 17. Konpromisoaren parte da; konpromiso horrek etxebizitza 2024-2028 legegintzaldiko ardatz estrategiko modura ezartzen du; gainera, aurrera eroandako sustapen berrien erdia 36 urtez azpiko herritarrei bideratzen zaie.
Egitasmo horregaz, azaldu dute Mundakako udalerriak “urrats handi eta erabakigarria” egin duela, etxebizitza sozialaren politikan. Gainera, Eusko Jaurlaritzagaz edukitako lankidetze instituzionala “asko indartu” dela azaldu dute, eta proiektua herritarren “bizitoki beharrei erantzun errealak” emateko bidea dela argitu dute.