Gernika-Lumoko zirku inklusiboak "harrera oso ona" izan du, bosgarrenez
Bosgarren aldiz "jendez gainezka" egon zen atzo [azaroak 9] Merkatu Plaza, Hazitoki Topaketekin. Gainera, helburua bete zuten: 802,50 euro bildu zituzten, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolako urte honetako zirku inklusiboaren proiektuarentzako.
Argazkia: Ana de Mat. Bosgarren aldiz izan da Gernika-Lumo zirku inklusiboaren aterpe. Izan ere, Hazitoki topaketek Merkatu Plaza bete zuten atzo [azaroak 9], 11:00etatik aurrera. Zirkua praktikatzen duten eta behar bereziak dituzten pertsonek zirku eskolan egiten duten lana ikusarazteko jaio zen topaketa, antolatzaileek azaldu dutenez, eta bi helburu ditu ardatz: alde batetik, behar bereziak dituzten pertsonek zirku mailan egiten duten lana gizarteari erakustea, “pertsona guztiak benetan gizarteratzen lagunduz”; eta, bestetik, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan garatzen den zirku inklusiboaren proiektuarentzako dirua ateratzea, monitoreen espezializatuak kontratatzeko eta egokitutako materiala erosteko.
Gauzak horrela, zirko eskolakoak “oso pozik” agertu dira atzoko egunak utzitakoaz: “Dena oso ondo atera zen. Gainera, urterolez, Merkatu Plaza jendez bete genuen; egia da eguraldiak ere lagundu zigula, baina jendearen erantzuna oso positiboa izan zen”. Gainera, helburua bete dute: 802,50 euro bildu zituzten, “urte honetako ekintzak aurrera eramateko”. Zirkua tresna sozial gisa erabiliz ikasleen arteko harremenak “modu normalizatuan sustatzen” dituzte egunez egun Txitatokikoek, “era guztietako pertsonen arteko harreman maila desberdinak sortuz”, eta horren erakusle da atzoko eguna.

Argazkia: Txitatoki Urdaibai Zirko Eskola.
Hamaika ekintza aurreikusi zituzten; eskulanak, globoflexia, aurpegi-margoketa eta egurrezko jolasak burutu zituzten, besteak beste, Merkatu Plazako gune ezberdinetan. Hala nola, antolatzaileek duela bi urte abian jarritako Lizeo Antzokiko ikuskizuna, Tavole, nabarmendu dute, “oso berezia eta aipagarria” izan baitzen. “Gernika-Lumon zirku profesionala ikusteko aukera gutxi dago, eta jendea oso pozik atera zen Lizeotik. Oso gustora”, gaineratu dute.
Baina, nola ez, “beharrizan bereziak dituzten pertsonek prestatutako gala ere azpimarratzekoa” izan zela argitu dute, ze, jende gehien bildu zuen ekintza izan zen hori. Jendea “harrituta” gelditu zela esan dute, eta uste dutela Hazitokik urteak dituela aurretik, “beharrezkoa” dela: “Beharrizan bereziak dituzten pertsonak kalera atera berhar dira. Normalizatu egin behar dugu pertsona ezberdinak daudela, eta horiek ere denok egiten ditugun ekintzak egiteko aukera berdinak dituztela. Gai direla. Hori da garrantzitsuena Hazitoki topaketak burutzen ditugun bakoitzean”.
