Euskal derbiak Hernanira jo du
Gernika Rugby Taldeak 22 eta 27 galdu du Hernani CREren kontrako euskal derbia. Liga hitzorduak urtarrilera arte alboratuko dituzte orain, Errege Kopari heltzeko.
Urbietak euskal derbia hartu zuen iragan zapatuan [azaroak 8], Ohorezko Elite Multzoko zazpigarren liga jardunaldiko partiduan. Gernika Rugby Taldeak sobera ezagutzen duen arerioetako bat, Hernani CRE, aurrez aurre eduki zuen etxean. Berdeguneko lokatzak eta partiduak lehen minutuetatik hartutako noranzkoak joko geldoa, pisutsua eta gogorra sortu zuten. Markagailuan aurrea hartu zuten basurdeek, baina hernaniarren erantzunak ez zuen luzaro itxaron. Ostiko askoko neurketa izan zen, lehiatua, eta gipuzkoarrak arlo horretan “oso trebeak” dira. Lehen entseguak heldu bezain pronto, Hernanik 3 eta 10 aurreratzea lortu zuen.
Apurka-apurka, Gernika RTk ostikoak baliatu zituen, aldeei nahiz beraien aukerei eusteko; 9 eta 10ekoagaz joatera iritsi ziren. Edozelan ere, Hernanik lortu zuen etxeko taldeak “apur bat desorekatuta” jokatzea, basurdeek azaldu dutenaren arabera: “Geure jokoa bikain ezagutzen duen taldea izanda, beste askok baino hobeto dakite zer modutan min egin diezaguketen”. Lehen zatiaren amaieran, partidua oraindik talde bien alde oso zabalik zegoen: 12 eta 13. Aldageletatik bueltan, gernika-lumotarrek aurkaria jokalari bat gutxiagogaz —txartel hori bat tarteko— zegoela probestu zuten, entsegu bat egiteko. Hala, 17 eta 13 hartu zuten aurrea.
Azken-aurreko jokaldia gako izan zen, eta etxekoek, saiatuta ere, ezin izan zuten zukutu
Handik gutxira, baina, alderantzizkoa gertatu zen: gipuzkoarrek etxekoek jasotako txartel horia aprobetxatu zuten, kanpoan zuten jokalaria jokoan sartuta eta basurdeak bat gutxiagogaz zeudela, entsegua biribiltzeko. Entsegu hura “giltzarri” izan zen, bisitariek urrats bat aurrera egin baitzuten partiduan. Markagailuak 19 eta 27koa erakusten zuenean ailegatu ziren etxekoen minuturik onenak: “Presio handia egin genuen, eta uztartzeetan nagusi izan ginen”. Aldeak 22 eta 27ra laburtuta, norgehiagokaren azken-aurreko jokaldian erabaki zen lehia. Gernika-lumotarrek arerioen zelaigunea hartu zuten, zabaldu zuten arrakala, baina azken hatsean Hernanik baloiaren jabetza ostu zieten eta, hura kanpora jaurtita, partidua markagailu horregaz poltsikoratzeko astia eduki zuten.
Edozein porrotek suposatzen duen sentsazio “mingarria” gorabehera, Gernika RTko lantaldetik “harro” agertu dira egindako lanagaz: “Zazpi jokalari min hartuta edo txartel gorriagaz daude, eta 23 urtez azpikoen taldeko zenbait jokalari baliatzen ari gara, tartean, Asier Arronategi edota Imanol Iriondo. Galdu arren, uneoro partiduan sartuta eutsi genion domekako lehiari, eta irabazteko beste meritu ere egin genituen”. Sailkapenean, oraindik igoera kanporaketaren borroka “bizi-bizirik” dago.
Igoera kanporaketaren helburuak “bizirik” dirau: Gernika RT sailkapeneko laugarrena da, hirugarrenegaz 21 puntutara berdinduta
Liga erregularreko behin-behineko buruzagitza Club de Rugby Sant Cugaten esku dago egun, 27 puntu patrikan dituela; ostean, Hernani CREk 25 ditu, baina hala Ingenieros Industriales Las Rozas, nola Gernika RT 21 puntutara berdinduta daude. Recoletas Salud Fenix taldea atzetik dute, puntu bakarrera. Urrunago dituzte, ostera, Pozuelo Rugby, Valencia RC, Les Abelles, Pasek Belenos zein Complutense Cisneros Zeta. Gaur-gaurkoz, denboraldi hasieran zehaztutako helburuek bere horretan diraute: “Aldeak ez dira handiegiak, eta, gainera, urtarriletik apirilera bitartean gauza pila bat gerta daiteke”. Urtarrilaren 11n berrekingo diote ligari, Belenosen zelaigunean.
Etortzeko dagoenaz.
Azken bi partiduetan porrot bana jasota, tarte batez ligaz ahaztea dagokie orain basurdeei. Hain zuzen ere, urtarrilera arte ez dute lehiaketa horretako partidurik jokatuko, Errege Kopak hartuko baitu protagonismoa. Asteon atsedena egokituko zaie, baina ondoren hiru partidu jarraian edukiko dituzte. Horietatik lehen biak Urbietan jokatuko dituzte. UE Santboiana izango da lehen aurkaria, Valencia RCren eta Complutense Cisnero Zetaren aurretik.
Etxeko bi partiduetan, Urbietako jarraitzaileen aurrean, “den-dena ematera” kantxaratuko dira basurdeak, baina ondo dakite Errege Kopakoa ez dela aurtengo helburu nagusia izango: “Ikusi beharko da lehiaketak noraino garamatzan. Dena dela, aurrera egiteko, lau partiduak irabazi behar dira; ez dirudi inondik inora erraza izango denik”.
Ezelan ere hutsik egin ez zuena zapatuko errugbi jaia izan zen: “Zaleak jai giroaren ingurua bildu ziren, txahal errea eduki zuten jateko, eta polita izan zen. Gernika RTrena moduko ikuslegoentzat, oso garrantzitsua da bat egitea, batasun horrek taldeari berari ere bultzada ematen baitio. Pozarren gaude zapatuko bateratzeagaz eta zaleen erantzunagaz”.