Zaintza diagnostikoa egiteko prozesu parte hartzailea abiatu du Gernika-Lumoko Udalak
Zaintza-Diagnostiko partekatua egiteko prozesu parte hartzailea martxan jarri du udal gobernuak, udalean ordezkatuta dauden beste alderdi politikoekin, Sare Feministarekin, pentsiodunen elkartearekin eta LAB sindikatuarekin batera. Helburua da zaintza ekosistemaren artikulazioan ekarpenak egitea.
2023ko udazkenean sortu zuen Zaintza mahaia Gernika-Lumoko Udalak, eta, bere lehenengo erronka herriko zaintzen inguruko egoera zein den ezagutzea izango da, hau da, egiten diren zaintzak lanak zeintzuk diren eta horiek nork egiten dituen indentifikatzea. Horretarako, aldunditik jasotako diru laguntza batekin, Zaintza-Diagnostiko partekatua egiteko prozesu parte hartzailea martxan jarri du udal gobernuak, udalean ordezkatuta dauden beste alderdi politikoekin, Sare Feministarekin, pentsiodunen elkartearekin eta LAB sindikatuarekin batera. Helburua argia da: herriko zaintzen egoeraren azterketaren bidez, zaintza ekosistemaren artikulazioan ekarpenak egitea.
Jakinarazi dutenez, prozesu honek herrian zaintza lanen izaera, dimentsioak eta betetzen dituzten funtzioak ikusaraziko dituela, “bizitza sozialeko eremu guztietan zaintza lanetan ari direnek egiten duten ekarpena agerian utziz”.
Hain zuzen ere, ekarpen hori egiten dutenak “lehen lerrora” ekartzea guztiz garrantzitsua dela uste dute: “Hau da, emakumeak eta horien barnean egoera prekario eta zaurgarrienean daudenak lehen lerrora eroatea, eta, bereziki, migratutakoak. Baina baita familiak eta zaintza behar duten herritarren testigantzak eta bizipenak ere”. Horretarako, Zaintza-Diagnostiko partekatuak prozesuaren erdigunean jarriko ditu horiek, euren testigantzak jasoz eta herriarekin partekatuz. Testigantzak jasotzeaz gain, datu estatistikoak eta martxan dauden zerbitzuen inguruko datu zehatzak ere bilduko dira diagnostiko “sakon eta zabala” lantzeko asmoz.
Diagnostiko partekatuak herritarrengan zaintzen gaiaren inguruko “kontzientzai eta sentsibilizazioa areagotzea” ekarriko duela diote, zaintza lanak kolektibizatzearen beharraz jabetuz eta zaintza lanen aitortza ahalbidetuz.