Helduentzako musika tailerrak eskainiko ditu azaroan SOMEk
Biolontxeloa, trikitixa eta akordeoia probatzeko aukera zuzendu gura die 18 urtetik gorako herritarrei Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolak, eta zenbait tailer prestatu ditu azarorako.
Trikitxa, akordeoi eta biolontxeloaren bitartez musikarekin esperimentatzen hasteko musika tailerrak prestatu ditu azarorako Segundo Olaeta Musika Eskolak. 18 urtetik gorakoei zuzendutako tailerrak izango dira, eta, jakinarazi dute tailer horietan musikarekin duten lehen harremanaz gozatu ahalko dutela parte hartzaileek, ez baita beharrezkoa musika ezagutza izatea.
Lehenengo saiotik, musika tresnak jotzeko pausoak era praktiko batean landuko dituzte parte hartzaileek, eskolako irakasleen helburua baita horiei hasieratik esperientzia horretaz “bere osotasunean gozatzeko” aukera eskaintzea.
Tailer bakoitzak 20 euroko kostua dauka, baina musika eskolak jarriko ditu musika tresnak; ondorioz, leku mugatuak izango dira, eta izena emateko eskatu dute, 94 627 02 14 telefono zenbakira deituta edota idazkaritza@segundoolaeta.net helbide elektronikora idatzita.
Instrumentu bakoitzeko hiru saio prestatu dituzte, asteko bat, ordubetekoa:
- Biolontxeloa: azaroaren 4an, 11n eta 18an, 18:30etik 19:30era bitartean.
- Akordeoia: azaroaren 4an, 11n eta 18an, 19:30etik 20:30era bitartean.
- Trikitixa: azaroaren 5ean, 12an eta 19an, 19:30etik 20:30era bitartean.